Gemma Urruzola: "Baloratzen eta ikusten ez den lan asko egiten da dendan
Denda aspaldi itxi arren, gertutik jarraitu du Urruzolak herriko merkataritzaren bilakaera. Herrian kontsumitzeko kontzientziazioa falta delakoan dago

Urgal arropa denda hemeretzi urtez gidatu du Gemma Urruzolak (Lasarte-Oria, 1967). 1973an ireki zuen haren amak, eta lekukoa hartu zion berak ondoren. Aterpea merkatarien elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta nahiz eta orain hamabi urte negozioa utzi, gertutik jarraitu du herriko merkataritzaren egoera. Aterpearen 25. urteurrena prestatzeko batzordean ere aritu da. 

Aterpea merkatarien elkarteko lehenengo batzordean egon zinen orain dela 25 urte. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?  
Garai horretan sekulako krisi industriala izan genuen, eta eragin handia izan zuen ostalaritzan eta merkataritzan. Denda asko itxi beharrean aurkitu ziren. Garai liskartsuak izan ziren; greba askotara deitu zuten. Komertzioa ireki aurretik dendarien artean hitz egiten genuen, erabakitzeko guk ere itxi egin behar ote genuen. Egoera jasanezina zen. Salmentak asko jaitsi ziren, eta kezka handia zegoen gure artean. Horrek bultzatu gintuen zerbait egitera. Auzokoen artean bilera txikiak, elkarrizketa txikiak egiten genituen, baina zerbait orokorragoa behar genuen. Horrela sortu zen merkatarien elkartea.

Azken urteetan jauzi handia egin du Aterpeak, eta bazkideak ia bikoiztu ditu. Horrek esan nahi al du dendarien arteko mesfidantza galdu dela? Izan ere, askotan lehiakide bezala ikusten dute elkar.  
Orain kanpoan nago, baina iruditzen zait gauza askok berdin jarraitzen dutela. Arropa denda bati alboan beste bat irekitzen badiote, segituan asaldatuko da. Niri gertatu zitzaidan, baina ez da txarra; erne egotera behartzen zaitu. Bestela, agian alfertzeko arriskua duzu. Pentsarazi egiten dizu. Esaterako, zer egin dezaket ondokoa baino gehiago saltzeko? Zer estilo du berak, eta niri zer falta zait? Piztu egiten zaitu lehiak, eta ona da. Bestalde, aukerak ere aprobetxatu daitezke. Erosketak elkarrekin egin daitezke, hornitzaileari merkeago ateratzeko... Gainera, gero eta denda gehiago inguruan, orduan eta jende gehiago erakartzen du. 

Dendan jardun duzun urte horietan nolako tresna izan da Aterpea? Zertan lagundu dizu?    
Hasteko, formatzeko eta ikastaroak egiteko. Zure kabuz egin ditzakezu, baina Aterpeak laguntza handia ematen dizu. Bestalde, gainerako dendariekin harreman hobea edukitzeko; agian ezagutzen dituzu kalean ikustetik, baina tarteka afaritxo bat edo beste egiten genuen. Laguntzen du lehiakide modukoa ez, baizik eta lankideen arteko hartu-emana izateko. Kezkak konpartitzeko ere balio izan dit. Denok dugu berbera: salmentak ondo ez doazenean ona da hori partekatzea, eta denon artean konponbidea bilatzea. Babes handia eman dit.   

Egun ekitaldi mordoa antolatzen du urtero Aterpeak. Hasierako urteetan ere hala egiten zuen?    
Bai. Normalean beti berberek bultzatzen dute, eta batzuetan nekatu edo erre egiten zara. Zure negozioan duzun egoeraren arabera, agian pentsa dezake norbaitek ea zerbaitetarako balio duen. Kontua da dendaria mugitu egin behar dela; ezin du itxaroten geratu ea bezeroren bat sartuko ote zaion.

Hasiera gogorrak izan zenituzten Aterpean, baina gerora etorri dena ere ez da samurra; Urbil merkataritza zentroa eraiki zuten 2000. urtean.    
Kezka eta beldur handia ekarri zuen. Hasieran proposatu ziguten bertan komertzio bat irekitzeko, gurea utzi gabe. Ezinezkoa zitzaigun, hango alokairuak garestiegiak zirelako. Ez zen inor joan. 

Auzoetako denda asko itxi zituzten, baina hirigunean komertzioak eutsi dio. 
Bai, askok eutsi diote, baina kostata. Agian bikotekideak haren lanaren ostean dendan lagunduta. Zaila da hortik bizimodua ateratzea. 

Zurea arropa denda izanik, nola eragin zuen negozioan?
Asteburuetan nabaritu nuen nik gehien, ostiral eta larunbatetan. Guk astelehenetik larunbat arratsaldera irekitzen genuen;   ostiral arratsaldetik aurrera nabari zen hutsune handia. Gehienbat hasieran izan zen, gero pixkanaka bezeroak bueltatzen hasi ziren, ikusi zutenean tratua ez zela berbera. 

Tratu hori da, hain zuzen, dendari txikiek duten armarik eraginkorrena, ezta?
Niri aholku bila etortzen zitzaizkidan asko. "Aurreko urtean eraman nuen txaketa bat, hari ongi doakion alkandora ba al duzu?". "Ezkontza bat edo jaunartze bat daukat, zer jarri dezaket?" Pertsona eta haren bizimodua ezagutzen baduzu, berehala asmatzen duzu. Hori ez daukazu saltoki handi batean. 

Buruz jakingo zenituen bezeroen neurriak eta gustuak. 
Bai, noski. Sei edo zazpi hilabete lehenago erosten genituen hurrengo denboraldirako arropak. Erostera joaten nintzenean, arropak aukeratzean askotan pentsatzen nuen: "Jantzi hau gustatuko zaio bezero horri". Hain justu, erakusleihoan jarri, pertsona horrek ikusi, eta asko gustatzen zitzaiola esanda eraman egiten zuen. 

Oso erosoa da hori bezeroarentzako. 
Opariak egiteko, askotan bikoteak edo lagunak deitzen zidan, "zerbait" prestatzeko. Nik banekien neurria zein zen, eta aurretik zer jantzi erosi zituen. Opari papera jartzen nion, eta jantzia ikusi gabe eramaten zuten askotan. Nik esaten nien erositako alkandora horrekin edo bestearekin ongi zihoakiola. Hori da dendari txikiek dituzten armak, eta erabili egin behar dira. 

Herritarrek, oro har, baloratzen al dute gertutasun hori?  
Ez dakit. Baloratzen eta ikusten ez den lan asko egiten da denda txikietan. Ez dakit zenbaterainoko antzematen den hori. 

Herrian kontsumitzeko kontzientziazioa falta da?  
Bai, ikaragarri. Urte asko dira denda utzi nuela, baina ikusten dut oraindik. 

Saltoki handien aurrean, nola eusten zenituen zuk bezeroak? 
Berezia egin behar duzu denda. Aire freskagarri jakin bat erabiltzen nuen, bezeroak gogoratu zezan dendaren usaina sartzen zen bakoitzean. Salmentarako teknikak dira. Ikastaroetan esaten ziguten; dendak sartzeko gonbita egin, eta erakargarria izan behar da. Hau da, komertzioaren aurretik igarotzean zerbaitek arreta deitu behar dizu, behintzat erakusleihoan gerarazteko. Erakarpen horretan lan egiten genuen. Agian ezer erosi gabe ateratzen zen bezeroa, baina behinik behin sartu da barrura. 

Halere, saltoki handien hedapenak ez du etenik. Beste proiektu mordoa martxan jarri dituzte Lasarte-Oria inguruan.  
Beste egoera zail baten aurrean dago merkataritza txikia.  Kanpoan nago orain, baina asko enpatizatzen dut dendariekin. Barrenean dut hori oraindik. Kezkatuta nago; datorrena oso txarra da. 

Interneteko salmentek ere eragina izan dute negozioetan.  
Hori da beste arazoa. Gainera, gazteen joera asko aldatu da. Teknologiak ekarri duen berrikuntzarekin hazi eta hezi dira. Sarean informatzen dira, eta zalantzarik gabe erosten dute Interneten. Nik beti erosi aurretik ikusi eta ukitu egin behar dut. Gero ere, edozer gauzatarako leku bat eduki behar dut. Esateko oso ongi etorri zaidala produktu hori, edo kexatzeko ere. 

Denda txikietan erosteak onura ekartzen dio herriari, jarduera ekonomikoa suspertzen baitu. Azalpena horren erraza izanda, zergatik jotzen dute askok kanpora?
Ez dut uste jendeari hori gehiegi inporta zaionik. Gehien inporta zaiena da merkeago erostea, horrek herriko bizitzari kalte egin arren. Nire iritzia da: berekoiak dira. 

Zer iritzi duzu udalaren jarrerari buruz? Alde batetik Aterpea babesten du, diru laguntzak emanez. Baina bestetik, merkataritza zentroak egin ahal izateko baimenak ematen ditu.  
Jarrera kontraesankorra da, nire iritziz. Alde batetik, komertzioa bultzatzeko ekimenak egiten ditu, herriari bizitasun pixka bat emateko. Baina bestetik, saltoki handiak erakartzen ditu. Kontraesan hutsa da.

Aterpearen 25. urteurrenaren batzordean zaude ere. Nola sartu zintuzteten hor? 
Aterpeako lehen batzordean egon ginenak tarteka egiten dugu afaritxoaren bat, eta Ramon [Ormazabal, Aterpeako presidentea] hasi zen orain bizpahiru urte ideiak botatzen. Lantalde bat osatu zuten, eta proposatu zidatenean baiezkoa eman nien. 

Denda askok eutsi diete etorri zaizkien krisiei. Baina dendariek erretiroa hartzean zaila izango da norbaitek negozioarekin jarraitzea. 
Etorkizuna nahiko iluna ikusten dut. Nire semeei ez nieke esango denda hartzeko, edo saiatzeko negozio txiki batekin. Nahiago dut ikasi, eta beste nonbait lana aurkitu dezaten. Ez dago inolako laguntzarik ezta ilusiorik hemen denda bat irekitzeko. 

 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Erketzen urteurren bazkaria
    Erketz EDT urriaren 21ean bere 50. urteurreneko bazkaria antolatu du, Michelin kirol guneko pilotalekuan. Bazkari gozoa dastatzeko txartelak salgai daude Patricio tabernan, Mendi-Rock tabernan eta Ormazabal lora-dendan. Haurren bazkariko txartelak, 15 euro balio ditu; helduenak berriz, 35 euro. Urriaren 5era arte izango dira eskuragarri.
  • Biyak Baten txangoa
    Biyak-Bat erretiratuen elkarteak irailaren 26an Fríasera, Burgosera irteera antolatu du. Autobusa 8:00etan aterako da elkarte aurretik. Fríasen Erdi Aroko ibilbide gidatua egingo da. Honetan gaztelua eta eliza ezagutuko dituzte irteeran izena ematen dutenek. Bazkaria Ortiz jatetxean izango da. Izena ematea irailaren 17an, astelehena irekiko da. Astelehenetik ostiralera goizeko 10:30etik 12:30era dago izena emateko aukera elkarteko bulegoan. Bazkideek 35 euro ordaindu behar dituzte; bazkide ez direnek, berriz, 45 euro.
  • Adineko pertsonen omenaldiko bazkaria
    Adineko pertsonen omenaldi astearen barruan, urriaren 7an, igandea, bazkaria antolatu dute Michelingo Kirol gunean. 500 pertsonentzako lekua dago. Irailaren 5ean, asteazkenean, irekiko da txartelak eskuratzeko epea eta irailaren 25ean amaituko da. Biyak Bat elkarteko bulegoan goizez 10:30etik 12:30era egingo da banaketa eta 8 euro balio dituzte. Antolatzaileek eskudirutan ordaindu behar dela gogorarazten dute. Bazkariaz gozatu ahal izateko baldintzak Lasarte-Orian erroldatua egotea eta 1953 urtean edo lehenago jaioa izatea dira. Salbuespen dira 1953 urtearen ondoren jaiotako bikotekideak. Lasarte-Orian erroldatuak ez badaude, gainera, 29,15 euro ordaindu beharko dituzte.
  • Kiroldegiko neguko ordutegia
    Herriko kirol instalazioetan neguko ordutegia indarrean dago irailaren 1etik. Kiroldegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 22:30era egongo da irekia. Larunbatetan, 9:00etan irekiko ditu ateak eta 20:00etan itxi eta igandetan berriz, goizez soilik erabili ahalko dira instalazioak 9:00etatik 13:00etara. Kirol Guneko erabilera ordutegia astelehenetik ostiralera 15:30etatik 22:30era da. Larunbatetan goiz eta arratsaldez egongo da irekia, 9:00etatik 20:00etara eta igandetan kiroldegiaren antzera, goizez 9:00etatik 13:00etara.
ZORION AGURRAK
NAHIA ETA MIREN
7 muxu potolo aitatxo eta amatxoren partetik!
AZKEN PDFa
1434 ( Irailak 21 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Gil ( Ostirala)
Kale Nagusia 24
Tel: 943 361529
ASTEA
    • Orue ( Larunbata )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Orue ( Igandea )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Acha-Orbea ( Astelehena )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Asteartea )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48