Fede Otaegi: "Erromeria moduko bat da Behobia"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2014ko abe. 22a, 11:44
"Aurtengoa izan da Behobia lasterketan parte hartu dudan azkeneko aldia". Elkarrizketa hasi eta berehala eman dio esklusiba Fede Otaegik Txintxarriri. Esaldi hori izan zitekeen elkarrizketaren titularra, baina ez litzateke osorik kabituko, bigarren zati bat ere baduelako: "Hiruzpalau urte daramatzat hori esaten, eta azkenean hurrengo urteko lasterketan izena ematen bukatzen dut". 2015eko edizioan parte hartuko duen ala ez jakiteke dago, baina datu eta zifra ziurrak ere badaude. Aurtengoarekin 32 aldiz jarraian egin du korrika Fede Otaegik Behobia-Donostia lasterketa mitikoan.

2 edizio, 20 kilometro ingurukoak. Biderketaren emaitza, 640. Behobia-Donostia lasterketan Fede Otaegik egindako kilometroak. Kalkulua egitea baino zailagoa da distantzia hori korrika burutzea. Eta lasterketetan gustura aritzeko, beste hainbat kilometro egin behar izaten dira aurretik.  

1990. hamarkadatik hona entrenamenduak eta egindako kilometroak apuntatu egiten ditu Fede Otaegik: “Nire kalkuluen arabera, munduari bira bat eta erdi inguru eman diot honezkero. Ez da gehiegi ere, baina tira”. 

Behobian, lasterketa egunetan soilik, 640 kilometro inguru eginak ditu. Antolakuntzaren omenaldia ere jaso du aurten; 30 zenbakidun kamiseta bat jaso du, lasterketako 30 edizio baino gehiagotan parte hartzeagatik. “Erromeria” gisako bat da Federentzat Behobia, “korrikalarien festa” moduko bat. 1983tik darama erromeriara joaten, urtero-urtero, hutsik egin gabe. 

32. aldiz egin duzu aurten Behobia lasterketa. Zer moduz joan da? 
Ez nik nahi bezain ondo, egia esan. Urtero saiatzen naiz ordu bat eta erdiren bueltan egiten lasterketa, baina aurten ez dut lortu denbora hori jaistea; 1:36ko denboran igaro nuen helmuga. 
Datorren urtekoan baduzu zer hobetu, beraz.

Ez, aurtengoa izan baita nire azkenengo Behobia lasterketa. Beno, egia esan, badaramatzat hiruzpalau urte gauza bera esaten, baina lasterketaren eguna hurbiltzen den heinean barruan daramazun har horrek parte hartzera bultzatzen zaitu. 

Pena litzateke horrenbeste urte eta gero uztea. Noiz hasi zinen korrika egiten?
1980. hamarkadan hasi nintzen lasterka egiten, anaiarekin batera. Donostiako dantza talde batean aritzen nintzen, eta hura utzi nuenean, anaia eta biok gure buruari galdetu genion: 'Zer egingo diagu orain?', eta erabaki genuen korrika egiten hasiko ginela.

Lehenengo Behobia 1983. urtean egin nuen, anaiarekin batera. Pare bat aldiz irten nintzen harekin, eta beste pare bat aldiz nire emaztearen anaiarekin, baina haiei ez zitzaien niri bezainbeste gustatzen, eta azken urteetan ni bakarrik atera izan naiz. 

1983tik, 2014ra. 32 Behobia lasterketa hanketan. Merezitakoa aurten jaso duzun omenaldia.

Detaile polita izan zen, bai. Lasterketak 50 urte bete ditu aurten, eta antolakuntzakoek hainbat korrikalari omendu dituzte: 25 urtetan parte hartu dutenak, 30etan parte hartu dutenak eta 35 egin dituztenak. Nik 32 egin ditut guztira; 30ekoen taldean sartu naiz.

Zer moduz joan zen?
Lasterketa egunaren bezperan izan zen, Donostiako belodromoan. Motxilak eta tresnak uztera joan ginen, eta bertan komentatu zidaten omenaldiarena. '30' zenbakidun kamiseta bat eman zidaten, argazki bat ere atera nuen... detaile oso polita izan zen omenaldiarena. 

Lasterketan inoiz parte hartu ez duen batek galdetuko balizu, zer erantzungo zenioke? Zer da Behobia zuretzat?
Egia da edizio askotan parte hartu dudala, baina guztiaren gainetik korrika egitea gustatzen zait niri, ez soilik Behobian.

Erromeria moduko bat da Behobia niretzat, korrikalarien festa gisako bat. Nik hala hartzen dut behintzat. Urte osoan zehar nire kasa korrika egiten aritu eta gero, zerbait desberdina egiteko aukera bat, egun berezi bat. Baina ez dut lasterketa bereziki prestatzen, ez da obsesio bat niretzat, ezta gutxiagorik ere.

Obsesio bat ez bada ere, 20 kilometroko lasterketa bat ez da entrenatu gabe egiteko moduko zerbait...Nola prestatzen zara zu urtean zehar?
Lasterketa egunak hurbiltzen doazen heinean moldatzen ditut apur bat korrika saioak, baina ez dut ezer berezirik egiten. Ez daukat entrenamendu plan berezirik, elikadura ere ez dut bereziki zaintzen, pasta gehiago jaten dut agian lasterketa baino egun batzuk lehenago, baina aparteko ezer ez dut egiten.

Lehen esan dudan bezala, korrika egitea gustatzen zait niri. Beste batzuk poteatzera irtengo dira agian, edo etxean geratuko dira telebista ikusten... bada, korrika egitera irteten naiz ni, denbora librea daukadanean.

Ibilbide finko edo entrenamendu mota bereziren bat egiten duzu korrika egitera irteten zarenean?
Daukadan denbora librearen araberako saioak egiten ditut. Gaur ordubete badaukat libre tarte hori betetzen saiatzen naiz. Gorputzaren sentsazioak ere garrantzitsuak dira niretzat: egun batean atera naiteke gogo askorik gabe, baina lasterka ari naizenean gustura sentitu eta saio ederra egin, edo alderantziz. Hobeto kontrolatzen dut nire burua denboraren arabera, distantziaren arabera baino.
Entrenamendu berezirik ez dut egiten baina, hori bai, lursail aldapatsuak gustatzen zaizkit; Santa Barbara aldean korrika egitea dut gustuko.

Lesiorik izan al duzu azkenaldian?
Bai, min-hartuta egon naiz duela gutxi; tendinitis txiki bat  eduki dut orpoan. Kosta egiten zait hala ere geldi egotea, gorputzak gauza bat esaten baitizu eta buruak beste bat. Egun pare bat korrika egin gabe pasatzen ditudanean gogoa sartzen zait berriro, gorputzak eskatu egiten dit lasterka egitea. 

Korrika egiteaz gain, beste kirolen bat egiten duzu?
Bai, lau lagun juntatzen gara astean behin, palan aritzeko, Urnietako frontoi batean. Hala ere, batzuetan bertan behera utzi behar izaten dugu hitzordua, lau lagunetako bat edo gehiagok konpromisoak dituztenean.

Korrika egiteak badauka abantaila bat zentzu horretan: zuk nahi edo ahal duzunean egin dezakezu. Gauza gutxi behar dituzu, baina garrantzitsuak: zapatila batzuk, denbora eta, batez ere, gogoa.

Santa Barbara aldean lasterka egiten duzunean ez al dituzu faltan botatzen lasterketetan zaleek ematen dituzten animoak?
Egia da hori, indar asko ematen dute ikusleen txalo eta animoek. Behobian zale asko biltzen dira, baina Lasarte-Oriako krosean nabaritzen dut nik bereziki zaleen indar hori. Asko gustatzen zait gure herrian sortzen den giroa egun horretan.

Behobiaren distantzia erdiko luzera du herriko krosak. Aise egingo duzu zuk...
Ez pentsa! Ibilbidea erraz egingo duzula pentsatzen duzu, baina uste baino gogorragoa egiten da gero, helmugako rekta luze hori batez ere. Kosta egiten zait buka-tzea, baina une horietan nabaritzen ditut batez ere zaleen animoak, eta lasterketa ongi bukatzeko indarra ematen didate. Korrikalariak eroso sentiarazten gaituzte. 

Michelingo rekta gogorra da zuretzat herriko krosean. Eta Behobian, non sufritzen da gehien?
Gaintxurizketa izan ohi da mamua, nolabait esatearren.

Anekdota kurioso bat gertatu zitzaidan egin nuen lehen Behobian. Gaintxurizketa eta Mirakruzeko Gaina ongi igaro nituen, eta hiru kilometro soilik falta zitzaizkidan helmugara iristeko. Zailena igaro zela uste nuen, baina benetan amaiezinak egin zitzaizkidan azken kilometro horiek, teorian ia konturatu gabe egingo nituen horiek!

Adina eta esperientzia pilatzen joan ahala, esfortzua dosifikatzen ikasten duzu, eta badakizu zeintzuk puntutan sufrituko duzun gehiago, edo non deskantsatu dezakezun.

Behobiako lasterketa eguna 32 aldiz bizitu duzu jada. Nolakoa izaten da?
Trenez joaten gara Hendaiaraino lehenbizi. Urteroko ohiturari jarraiki, familia argazkia ateratzen dugu trenera igo baino lehenago. Ondoren, autobusez joaten gara Behobiara. 'Erromeria egun' horretan batez ere lagun zaharrak ikusteko aprobetxatzen dut, berriketan aritzeko... Lasterketa aurretik estiramendu eta beroketa ariketa batzuk egiten ditut, baina asko ere ez, gero ederki berotzen bainaiz lasterketan zehar! Helmugara iristean, familiarekin elkartu eta bazkaltzera joaten gara.

Garai batean lasterketa eta gero korrikalari talde bat bildu eta elkarte batean bazkaltzen genuen, baina orain asko gara eta ez gara kabitzen! 1983an 1.200 pertsonak hartu genuen parte, eta aurten ia 27.000k. Pentsa zer dimentsio hartu duen.