Erketz EDT: "Herrian giroa jartzea eta eguna alaitzea dira gure helburuak"

Nerea Eizagirre 2018ko ots. 9a, 14:33
Saint Patrick's egunean girotutako konpartsari esker, taberna eta guzti, irabazi zuen Erketzek iaz konpartsa onenaren saria

Urteak daramatza Erketzek Inauterietan parte hartzen, baina azken urteetan konpartsa modura antolatu da. Saint Patrick's egunari esker, iaz konpartsa onenaren saria eskuratu zuen. Aurten urte garrantzitsua da Erketz EDTrentzat, bere 50. urteurrena ospatuko du eta. Hain zuzen, ospakizunetako ekintzetako bat dira Inauteriak. Ainara Adurizek (Lasarte-Oria, 1989) eta Gaizka Ormazabalek (Lasarte-Oria, 1992) kontatu dute konpartsak nola egiten duen lan.

Zita garrantzitsua al da zuentzat?

Ainara Aduriz: Garrantzia hartzen ari da. Erketzen Inauterietako konpartsak gorabeherak izan ditu. Aspaldi konpartsa handia ateratzen zen. Hori denbora batean eten zen. Gero berriro ateratzen hasi zen, baina karroza txikiago batekin. Kuadrilla modura ere atera ginen, eta orain dela hiru urte karroza errekuperatu genuen. Urtetik urtera jendea animatzen ari da, eta garrantzitsua bihurtzen ari da guretzat. Aurten 60 bat izango gara, hemeretzi haur tarteko.

Gaizka Ormazabal: Egun Erketz taldetik kanpoko ekintza bat da; bere batzorde propioa du. Haiek antolatzen dute azpiegitura guztia, karroza prestatu... Guri papeleoan, dantzak erakusteko, musika aukeratzeko... eskatzen digute laguntza. 

Iaz konpartsa irabazlea izan zineten. Saint Patrick eguna aukeratu zenuten, zergatik?

A.A.: Iaz goiz bildu ginen gaiaz hitz egiteko. Ez genuen hasietarik buruan, ideiak bota genituen eta kasuala izan zen. Nire kuadrillako lagun batek aipatu zuen: "Ba Lasarteko gaiarekin lotuta Saint Patrick's eguna egin dezakegu". 

Tipikotik pixkat aldentzeagatik egin genuen. Iruditu zitzaigun kolore aldetik erakargarria izango litzatekeela. Mozorroei dagokionez, askatasun baten barruan, bazegoela aukera zerbait komuna egiteko. Musika aldetik aukera asko ematen zuen, eta euskal dantzarekin lotura ere bazuen.

Ezustea eraman zenuten iaz konpartsako saria irabaztean? 

A.A.: Nik behintzat ez nuen espero. Pozik gindoazen gure karrozarekin, taberna irlandarrarekin. Batzordeak kriston lana egin zuen. Ez nuen pentsatzen guztia hain borobil izango zenik. 

G.O.: Ez da karroza bakarrik. Denak nola gindoazen ere ikustekoa zen. Jende pila bildu ginen iaz, 51 pertsona inguru. Denak ongi jantzita, koloretsua… Hortik irabaztera... Ez genuen buruan.

A.A.: Azkenean gu ongi pasatzera ateratzen gara. Herrian giroa jartzea eta eguna alaitzea dira gure helburuak. Ez goaz lehiaketa irabaztera.

Nola lantzen dituzue gaiak? 

G.O.: Aipatu bezala, iaz sortu zen batzordea eta haiek eramaten dute guztia. 

A.A.:  Batzordea biltzen da, normalean Gabonak baino lehen. Ostean, guztiak bilera egin eta gaia aukeratzen da. 

Lanak banatzen dira eta lan taldeak daude. Badaude bi edo hiru gauzak egiten trebeak direnak eta karrozan lanean hasten dira. Beste batzuk musikarekin, besteak jantziekin…

Eta bakoitzak bere jantzia landu behar du...

G.O.: Bai, horrela da. Guztiak mozorrotzeko erraztasunak ematen saiatzen gara. Badago baten bat jantziago dena eta ideiak ematen dituena. Edo mozorroa egina ekartzen duena eta orduan guztiok har ditzakegu ideiak. 

Esate baterako, duela hiru urte, guztiak lokalean geratu ginen. Marmokaz gindoazen eta bertan tailerra egin genuen jantzia egiteko.

A.A.: Taldean ez dugu jostunik. Beste taldeetan patroiak banatzen dira edo jostuna kontratatzen da. Guk ideiak eta adibideak ematen ditugu eta jendeak bere ekarpenak egiten ditu. Beti zerbait komuna daramagu. Iaz brotxea izan zen eta aurten ere horrela izango da.

G.O.: Azken momentura arte ezustekoak egon daitezke. Gure artean ez dugu hitz egiten eta. Jantziarekin lehia txikia dugula esan daiteke.

Dantzak ere prestatzen dituzue. 

A.A.: Lehiaketara aurkezteko oholtzan dantza egin behar da.

Desfileko momentua iristean, ordea, ez gara ondo antolatzen. Eta desfilean bertan zaudenean konturatzen zara zerbait egin behar duzula, bi edo hiru koreografia. Orain arte ez diogu garrantziarik eman, baina aurten ere ondo prestatu dugu.

Aurtengo gai edo mozorroez zerbait aurreratu dezakezue?

A.A.: Iaz Inauteriak bukatu orduko argi genuen zein izango zen gaia. Gero Lasarte-Orian ateratako gaiarekin lotu egin dugu. Izan ere, aurten Erketz EDTren 50. urteurrena dela pentsatzen sortutako ideia da. 

XIX. mendeko lanbideak da aurtengo konpartsako gaia. Euskal Herriko herri txiki batean garai hartan egon zitekeen lanbideak erakutsiko ditugu, baten bat originala egongo da ziurrenik.

Aurten taldeen aurkezpen ekitaldia zuzendu behar al duzue? Zerbait aurreratu al daiteke?

A.A.: Ez da ezer berezirik egingo. Baina herritarrak animatzen saiatuko gara. Ez gara gauza hauetan iaioak, eta ahal duguna egingo dugu.

Herritarrak konpartsa egitera edo Inauterietan parte hartzera gonbidatzen dituzue?

A.A.: Bai, egun polita da.

G.O.: Iaz, esate baterako, egun ederra egin zuen eta kriston giroa zegoen. Zortzi konpartsa atera ziren. Pixka bat antolatuta, aukera oso polita da egun pasa egiteko.

A.A.: Sekulako plana da. Ez duenak konpartsa edo karroza handia egin nahi, behintzat kuadrilla modura edo familian ateratzeko aukera badu. Herriari kriston kolorea ematen dio horrek.