Estitxu Garmendia: "Eraman duguna baino askoz gehiago ekarri dugu bueltan"
Senegalen hamabost egun igaro ditu batukada taldekoekin, eta beste zenbait herritarrekin. Herrira itzuli diren arren, Afrikan jarraitzen du bere buruak oraindik

Kansalara bidaia egin du Estitxu Garmendia (Lasarte-Oria, 1976)  Lasarte-Oriako Dinbi Banda batukada taldeko kideak. Senide eta lagunekin batera, hamabost eguneko egonaldia egin du bertan, eta dun dun-aren eta dejembe-aren erritmoak ikasita itzuli da herrira. 
Bertan bizitakoen berri eman, eta esperientzia kontatzeko  Txintxarri-rekin bildu da.

Nolatan sortu zitzaizuen Senegalera joateko aukera?
Dinbi Banda elkartean helburu desberdinak adosten ditugu urtero. Orain dela bi urte, sorkuntza lanetan hasi zen lantaldetxo bat, eta formakuntza desberdinen bilaketan aukera hau aurkitu genuen; formakuntza jasotzeko aukera bidaia baten bitartez.

KaayTa ToTo proiektuarekin elkarlanean egin duzue bidaia.
Bai, hala da. Silvia Torrijos Baolar elkarteko kideak, eta Bamba (Kansalako bizilaguna) Accio Internacionaleko kideek elkarrekin osatutako proiektua da KaayTa ToTo. 

Eta zein da proiektu horren helburua?
Bidaiarien bitartez, bertako jendeari lana sortzen laguntzeko martxan jarritako proiektu bat da. Horrekin batera, bidaien %10 proiektuetan inbertitzen dute; auzoetara edateko ura eramaten dute, besteak beste.

Nola antolatu zenuten bidaia. Nolakoa izan zen joan aurretiko prestaketa? 
Aurrez aipatutako formakuntza bilaketa horretan, bidaiaren aukera azaldu zitzaigun, eta berehala harremanetan jarri ginen Madrilgo Baolar elkarteko Silvia Torrijosekin. Senegalera joan baino lehen, berak gidatu gaitu antolaketa guztian. 

Bidaiaren aitzakiarekin, dantza afrikarren saio bat antolatu genuen taldekideentzat Arantza Iglesiasekin, eta zuzeneko musika izan genuen bertan. Bibiche Sambou Tourek dejembe-a jotzen zuen, eta beste musikari batek dun-duna. Bertan ezagututako afrikar erritmoengatik sortu zitzaigun zaletasunaren hazia. 

Silvia eta Cristina Baolar elkarteko kideak gonbidatu genituen saio honetara, eta, dantza saioaren ondoren, afaltzera joan ginen. Bidaiaren inguruan zalantzak argitzeko eta elkar ezagutzeko aukera izan zen hura. Taldean garai hartan ez zegoen oso garbi nork bidaiatuko zuen, baina denon artean gehienek ahal genuen data adostu genuen. 

Zein data izan zen hori?
Abuztuko lehen hamabostaldia. Silviak data hori Dinbi Bandako kideontzat erreserbatu zuen, Aste Santura arte beste inori aukerarik eskaini gabe. 

Eta azkenean, taldekoez gain,  jende gehiagorekin batera egin duzue bidaia, ezta?
Bai, azkenean taldeko zazpi lagun joan gara. Gurekin batera, hiru senitarteko gehiago gehitu ziren, eta hamar laguneko taldea osatu genuen hasieran. 
Inguruan bidaiari buruzko informazioa zabaltzen joan zen,  eta herriko lagun batek joateko nahia azaldu zuen, bi lagun gehiagorekin batera; Mari Karmen Ormazabal, Pili Romero eta Ane Miren. 

Plaza guztiak betetzen ez genituenez, Aste Santutik aurrera, publiko guztiarentzat ireki zuten bidaian parte hartzeko aukera, eta Gasteizeko bi lagun, eta madrildar bat gehiago gehitu ziren gurekin batera. Guztira, hamasei laguneko txanda bat osatu genuen azkenean.

Bidaiara joan aurretik, materiala eta sendagaiak biltzeko kanpaina bat egin zenuten.
Senegal ezagutu gabe, bagenekien behar desberdinak aurkituko genituela bertan, eta, horregatik,  Silviari galdetu genion zeintzuk izango ziren bertako behar nagusiak. 
Egon garen zonan 30 urtez gerra batean murgilduta egon dira. Argindarra orain dela lau urtetik besterik ez dute. 

Horren aurrean, Dinbi Bandako kideak erabaki genuen Lasarte-Oriako jendeari, eta inguruan ditugun ezagunei bakoitzak ahal zuen moduan laguntzeko deialdia zabaltzea. Horregatik egin genuen bilketa. 

Eta zein erantzun izan zuen herriak? 
Oso erantzun ona izan zuen deialdiak, benetan eskertuak gaude jasotako erantzunarekin. Zoragarria da jendeak horrelako erantzuna eman izana. Ezinezkoa izan da bildutako guztia eraman ahal izatea, baina beste elkarte, eta behar dutenen artean banatuko dugu eraman ezin izan duguna.

Eta hemendik eramandako gauza materialez gain, zer eraman duzue Senegalera?
Ez zait iruditzen gauza askorik eraman dugunik hemendik; eraman duguna baino askoz gehiago ekarri dugu bueltan. Maitasun asko jaso genuen, eta gu ere hori bueltatzen saiatu gara. Horretaz gain, gure musika, kultura eta hizkuntzaren berri ere eman diegu. Eman dieguna izugarri eskertu dute, eta gu ere oso eskertuta gaude beraiekin. 

Behar handiarekin egin al zenuten topo iritsitakoan?

Gure ikuspegitik beharra izan zitekeen, baina bertakoek ez dute beharrik dutenik sentitzen. Ez dute dirurik, baina jatekorik ez zaie falta. Daukatenarekin ederki bidi dira. Ez dituzte guk dauzkagun beharrak.

Garbi dago beharrak badituzte; edateko ura adibidez. Horregatik inbertitzen dute bidaien ehuneko bat proiektu ezberdinetan. 

Zuen batukadako instrumentuekin joan zineten? 
Ez, ez genituen gureak eraman, baina bertakoen instrumentuekin, dun dun-arekin eta dejembe-arekin  aritu gara gure erritmoak jotzen. Soinu altuak lortzeko, botilekin ere aritu ginen. Gure musika tresnak falta genituen, eta ez ginen oso fin ibili, baina zerbait egin genuen.

Musika eta dantza izan dira orduan zuen eguneroko zeregin nagusiak.
Bezperan adosten genuen hurrengo eguneko plana.

Arratsaldero formakuntza jasotzen genuen, eguzkia gordetzen zenean izaten zen; lehenengo perkusioa eta gero dantza. Gauetan terrazara igotzen ginen Picken [bertako biztanlea da] zuzeneko musikaz gozatzera. Momentu horietan, bertako antzinako istorioak kontatu dizkigute abestien bitartez. Gure erara, baina abesti dezente ikasi genituen. 

Egun batzuetan herrira, Abenerea edo Kailora irteerak ere egin ditugu. 

Zein hizkuntzatan komunikatu zarete bertakoekin? 
Senegaleko hizkuntza ofizialak frantsesa eta wolofa dira. Gure taldean batek bakarrik hitz egiten zuen frantsesa. Bamba Bartzelonan bizi da urteko hilabete batzuetan, eta espainolez primeran hitz egiten du. Bi hizkuntza ofizialez gain beste mandinga, yola ere hitz egiten dira. 

Zertarako balio izan du bidaiak?

Gure eguneroko estresetik, korrik ibili behar izatea horretan egindako etenaldi bat izan da bidaia. Guretzako tarte bat hartu, eta bertakoaz gozatzeko aukera izan da. Bertakoen konpainiaz disfrutatu, eta beste kultura bat ezagutzeko ere balio izan du. 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Yoko-Garbi elkartearen bazkide kanpaina
    Zubietako YOKO-GARBI elkartean, bazkide izateko azken tokiak geratzen direla jakitera ematen du. Familia bonoak, jubilatuei deskontu bereziak, etab. daude. Elkartearen egoitza berria, Alamandegi etxean izango da Izena ematea Alamangi jatetxean edo yokogarbielkartea1@gmail.com helbidean egin behar da, urriaren 14-a baino lehen. Informazio edo azalpen gehiago behar izanez gero, yokogarbielkartea1@gmail.com helbidean eskainiko dira.
  • Erketzen urteurren bazkaria
    Erketz EDT urriaren 21ean bere 50. urteurreneko bazkaria antolatu du, Michelin kirol guneko pilotalekuan. Bazkari gozoa dastatzeko txartelak salgai daude Patricio tabernan, Mendi-Rock tabernan eta Ormazabal lora-dendan. Haurren bazkariko txartelak, 15 euro balio ditu; helduenak berriz, 35 euro. Urriaren 5era arte izango dira eskuragarri.
  • Adineko pertsonen omenaldiko bazkaria
    Adineko pertsonen omenaldi astearen barruan, urriaren 7an, igandea, bazkaria antolatu dute Michelingo Kirol gunean. 500 pertsonentzako lekua dago. Irailaren 5ean, asteazkenean, irekiko da txartelak eskuratzeko epea eta irailaren 25ean amaituko da. Biyak Bat elkarteko bulegoan goizez 10:30etik 12:30era egingo da banaketa eta 8 euro balio dituzte. Antolatzaileek eskudirutan ordaindu behar dela gogorarazten dute. Bazkariaz gozatu ahal izateko baldintzak Lasarte-Orian erroldatua egotea eta 1953 urtean edo lehenago jaioa izatea dira. Salbuespen dira 1953 urtearen ondoren jaiotako bikotekideak. Lasarte-Orian erroldatuak ez badaude, gainera, 29,15 euro ordaindu beharko dituzte.
  • Kiroldegiko neguko ordutegia
    Herriko kirol instalazioetan neguko ordutegia indarrean dago irailaren 1etik. Kiroldegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 22:30era egongo da irekia. Larunbatetan, 9:00etan irekiko ditu ateak eta 20:00etan itxi eta igandetan berriz, goizez soilik erabili ahalko dira instalazioak 9:00etatik 13:00etara. Kirol Guneko erabilera ordutegia astelehenetik ostiralera 15:30etatik 22:30era da. Larunbatetan goiz eta arratsaldez egongo da irekia, 9:00etatik 20:00etara eta igandetan kiroldegiaren antzera, goizez 9:00etatik 13:00etara.
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
PILI
Zorionak! Make up saioa prestatzen hasi parrandarako! Txintxoa izan! Ttakuneko lankideak.
AZKEN PDFa
1434 ( Irailak 21 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Asteartea)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Ostirala )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Gandarias-Uribe ( Larunbata )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Gandarias-Uribe ( Igandea )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48