Izugarria da Handia euskarazko filmak iragan larunbatean lortutakoa. Hamahiru izendapenekin joan zen film luzeko lan taldea Goya sarien ekitaldira, eta horietatik hamar ekarri dituzte Euskal Herrira. Horien artean, bat Lasarte-Oriara, hain zuzen. David Heras herritarra Handia eta Verónica filmetako efektu bereziengatik zegoen izendatua, eta euskal filmean egindako lanagatik jaso du saria.
"Pozarren" dago lasarteoriatarra, noski, ez da gutxiagorako. Oraindik ere "guztia bizitzen" ari dela aitortu du.
Aurretik egindako lanengatik, bost aldiz izan da izendatua Heras, baina seigarrenean iritsi da hainbeste itxarondako saria: "Aurreko izendapenetan ez nuen saririk eskuratu, eta aurten, tokatzen zitzaidala pentsatzen nuen arren, nire izena entzun arte ez nuen sinetsi".
Efektu bereziengatik saria jasotzerako, ordea, eskuratuak zituen Handia-k hainbait Goya. Aktore berri onenaren sariak zabaldu zuen ekitaldia, eta Eneko Sagardoi erraldoiak jaso zuen.
Ekitaldia "zirraraz beterik" hasi eta bizi zuela azaldu du Herasek: "Aurreko urteekin alderatuta laburra egin zait. Hamar sari lortu ditu Handia-k, eta ez dugu izan, apenas, denborarik aspertzeko".
Behin sariak eskuratu eta ekitaldia amaituta, lan talde guztia elkartu eta orduan baretu ziren tentsioak. Horrela jakinarazi du lasarteoriatarrak: "Galaren ostean hasi ginen elkarri besarkadak ematen, muxuka, estatuak mahai gainean jarri eta familia argazkia atera genuen".
Egun "zoragarri" gisa gogoratzen du larunbatekoa Herasek, baina tarte gutxi izan du lortutakoa behar bezala barneratzeko. Izan ere, igandean, lanera itzuli behar izan zuen: "Zinemaren munduan gauzak horrela dira".
Egindako lan eta esfortzu guztien "ordainsaria" da Goya lasarteoriatarrarentzat. Izendapena jaso izana egindako lan onaren "aitortza" dela dio, eta sariak, berriz, egindako lana ona dela baieztatu du.
Hiru sariren falta
Pozik, "euforiaz beteta" dago Handia-ko lantalde guztia lortutakoarekin; badute nahikoa motibo horretarako. Baina Herasek azaldu du "arraroa" egin zaiola zuzendari eta film onenaren sariak ez eskuratu izana. Horietako baten bat faltan sumatu du.
Kontatzeko modua arrakastaren giltzarrietako bat izan dela uste du. "Gaur egun, ezberdina denarekin geroz eta naturalago jokatzen dugu, baina garai haietan, ezberdinak ziren pertsonak jendaurrean erakusten ziren. Denen aurrean arraro gisa agertzen zituzten, eta filmak oso ongi ematen du horren berri". Zuzendariek "oso modu egokian" jakin dute hori transmititzen, eta ikuslearengana ere iritsi da istorioa.
Handia-ren gidoia "sekulakoa" dela nabarmendu du Herasek. "Gidoi horrekin lan egitea polita izan da".
Orain, egindako lanaren trukean jaso dute aitortza, baina ez soilik profesionalena. Zorion mezu ugari jaso ditu lasarteoriatarrak larunbataz geroztik. "Sari banaketaren ostean, sakelako telefonoa hartu eta 650 mezu ikusi nituenean agobiatu egin nintzen". Horiei guztiei erantzungo diela esan du, baina horretarako ere denbora behar du: "Astelehenean, lau orduz aritu nintzen mezuak erantzuten".
Poztasunari eutsita, lanean jarraitzeko momentua du orain. Dagoeneko baditu beste zenbait proiektu esku artean, eta horiekin lanean ari da, buru-belarri.
Errementari euskarazko filmaren grabaketak amaitu dituzte, eta bertan lanean aritu da Heras, Eneko Sagardoirekin batera.
Uneotan, Hugo Stuven zuzendariaren Solo filmaren ekoizpen osteko lanetan ari da, baita Koldo Serra eta Pako Plaza zinemagileekin lanak grabatzen ere.
Bigarren Goya bat eskuratu nahi du Herasek, eta horren bila lanean jarraituko du. Ibilbide oparoa du zinemagintzan; pasioz ekiten dion lanbideari, eta ez dio bere buruari mugarik jartzen nahi duena lortzeko.