David Egizabal:"Ez dugu ezer asmatu, elementuak ordenatu baizik"

Adrian Garcia 2018ko urt. 26a, 12:30
Antropologia liburuetatik edan, eta Lasarte-Oriako eta Zubietako Euskal Inauteriak moldatu ditu Egizabalek. "Dagoen festari zor zaion balioa eman nahi diogu"

Urte asko dira Euskal Inauteriak antolatzen dituztela Lasarte-Orian. Ttakun Kultur Elkarteak 2013. urtetik antolatzen ditu, beste elkarte eta eragile batzuekin elkarlanean. Zubietako Lagunak, Plaza Dantza, Kukuka, Ttirriki Ttarraka eta beste boluntario asko elkartzen dira mahaiaren bueltan urtero-urtero mozorroen inguruan lan egiteko. Horietako bat da David Egizabal (Lasarte-Oria, 1974). Orain bi urte inguru pentsatu zuten ospakizunari "buelta bat" ematea. Antropologia liburuetan murgildu eta Euskal Herriko beste herrietako inauteriak aztertu ondoren, beste itxura bat eman diete Euskal Inauteriei. "Maskaradaren sinbolismoan apustua egin dugu". 

Zergatik erabaki zenuten Euskal Inauteriak birpentsatzea eta moldatzea?
Azken urteetan indarra galtzen joan ziren Euskal Inauteriak. Ez zen jende asko biltzen; gu kenduta, beste inor gutxi. Gainera, ez genuen asmatzen gazteak erakartzen. Erromeria egiten genuenean ere bakarrik sentitzen ginen. Ez zuen zentzurik horrela jarraitzeak, eta zerbait egitea erabaki genuen.  

Ikusten da Euskal Inauterien atzean badagoela dokumentazio lan handi bat. 
Bai. Ni dantzaria naiz, Erketzen urte asko ibilitakoa. Dantza taldean Juan Antonio Urbeltzekin harremana izateko aukera izan nuen. Hori izan zen kontu guztiaren iturburua. Hari entzunda, bere liburu bat hartzera animatu nintzen. Zoragarria da bere lana, balioa ematen die zuk egiten dituzun dantzei. Ez da gauza bera dantzatzea polita iruditzen zaizulako, edo mezu bat helarazten ari zarelako. 

Euskal Inauteriei buruzko lanketak Urbeltzen lana du oinarri?  
Ia lan guztiak. Liburu horietan asko aipatzen ditu xomorroak eta maskaradak, eta inauterien esanahia azaltzen du. Horretaz gain, badakigu euskal inauteriak beste lekuetan nola ospatzen dituzten, nahiz eta ez dakigun zehatz-mehatz zer esanahi gordetzen duten. Guk alderantzizko bidea egin dugu: badakigu zer kontatu nahi dugun, eta beste lekuetan ikusitako elementuak erabiltzen ditugu. Ez dugu ezer asmatu, elementuak ordenatu baizik.  

Euskal inauterien tradizioan begiratu duzue?  
Ez dira inauteri tradizionalak, horregatik ez dugu hitz hori erabiltzen. Baina erabiltzen ditugun elementuak azal ditzakegu, eta horiek duten esanahia. Pizgarri moduan erabili nahi dugu hori, jendea erakartzeko.

Zaila eta neketsua izan behar du literatura horretan guztian arakatzea. 
Bai, eta pena handia dut, jende gehiagok ez duelako laguntzen.  Bide bat hasten zara ikertzen, eta hamaika galdera sortzen zaizkizu. Eta hor ere jorratzeko aukera asko ikusten dituzu, baina denborarik ez duzu denetarako. 

Pedagogia egitea da zuen helburua?  
Erabat. Azken finean, balioa ematea dagoen festari. Mitoak egiak diren edo ez... Eztabaida antzu horretan ez gara sartuko, batez ere ez dagoelako jakiterik. Iturri nagusia Juan Antonio Urbeltz dugu. Horren inguruan ere hitz egin dugu. Saiatu gara beste iturri batzuk ere begiratzen, eta harremanetan jarri gara Euskal Herriko Unibertsitateko antropologo batekin. 

Inauterien jatorria ezezaguna da, baina gauza asko jakinak dira. Erlijio kristauaren aurrekoa da festa, eta udaberriari ongietorria egiten dio nolabait. 
Errito paganoak dira. Ziurrenik gizaki primitiboak ongietorria emango zion udaberriari, garai ona zelako. Urbeltzen testuetan ere halaxe sumatzen da. Hartzaren ikuskatzeari buruz hitz egiten du. Eta hartza ikusten badugu, esan nahi du lozorrotik atera dela, eta, hortaz, kobazulotik atera bada, eguraldi ona hasiko da. Dantza askok ere iradokitzen dute nekazaritzan landatzeko garaia iritsi dela. Dena dela, Elizak errito horiek bere egin zituen, bere historia propioa bultzatzeko. 

Ze istorio kontatu nahi duzue Lasarte-Orian? 
Urtean zehar gaitzak gertatzen dira herrian, baina badakizkigu zeintzuk diren gaizkia sortzen duten elementuak. Kasu honetan, indar asko ematen zaio xomorroei. Orduan, haiekin itun bat sinatzen da, bakean egon gaitezen. Baina pertsonaia batek ez du inoiz ituna errespetatzen, eta gaitzak sortzen jarraitzen du. Kaxkamalo da hori, eta, azkenean, bere gaitz guztiengatik erretzen da. Itunean sartzen da hori. 

Nola egiten da istorio horren errepresentazioa? 
Lehen puntuan, zubiaren mugan, xomorro guztiak etortzen dira. Sartzen utziko diegu, eta jaten emango diegu. Baina trukean, gaitzak sortzeari utzi behar diote. Bai esango dute, eta festa bat egingo dugu. Baina denok dakigu aurreko urtean gauza txarrak gertatu zirela herrian, eta guztien atzean dagoela Kaxkamalo. Erre ostean, gaitzak amaitzen dira, eta ez dira berriro itzuliko.  

Hurrengo urtera arte. 
Bai, beti bueltatzen da,berpiztu egiten delako. Iaz ez genuen berpiztu, eta aurten ere ez dugu egingo. Baina etorkizunean egin beharko genuke. Jarraipen bat eman behar zaio, ziklikoa baita.

Hartzak garrantzi handia du errepresentazio horretan. 
Hartza beti izan da naturaren maskara, eta gizakia beti saiatu da natura kontrolatzen. Hartzari dantza eginaraztea eta katetik lotzea da horren adierazgarri. Xomorroen karrozan hartza izango da pertsonaia nagusia. Natura da, ez da ona, ezta txarra ere. Behar dugun guztia ematen digu, baina baita kendu ere, uholde edo beste ezbehar naturalen bidez. Horregatik, hartza erre behar al da? Otsoa edo azeria balitz, ez nuke jakingo zer esan, beste lekuetan erretzen dutelako. 

Inauteri askotan dagoen elementua da sua. Lasarte-Oriako inauterietan ere present dago. Zer esan nahi du?  
Suak garbiketa esan nahi du; gaitz guztiak garbitzen ditu. Kristautasunak ere bere egin zuen elementu hori; Errautsetako asteazkena da horren adibidea, bekatu guztiak erretzeko eguna. Santa Ana parodian ere erabiltzen da elementu hori: bi gaizkile erretzen dituzte. Toki guztietan  esanahi berbera du. Gaitza erretzen du, eta hedatzea galarazten. Ulertu behar dugu antzinako gizakiak ez zuela zientziaren laguntza, eta horrelako sinesmenek indar handia zuten. 

Lehen hartza erretzen zenuten Euskal Inauterietan. Zergatik?  
Kontzeptuen gatazka bat izan dugu hor. Deigarria iruditu zaigu beti hartza erretzea. Animalia horrek ez du inoiz izan izaera maltzurrik. Azeriak edo otsoak badute kutsu hori, tradizioari begiratuta behintzat. Dirudienez, bere garaian inauteriak antolatzen zutenek nonbait ikusi zuten hartza erretzen zela, eta hori egitea erabaki zuten. Hartzaren inguruan lan asko egin dugu. Egia da toki batzuetan jipoitu egiten dutela, baina inon ez dute erretzen. Horregatik, iaztik ez da erretzen; Kaxkamalo erretzen da. 

Askorentzat hartza erretzea errotutako ohitura izango zen, ezta?  
Gazte talde bat badago, eta oso txikitatik eta oso gertutik bizi izan dituzte Euskal Inauteriak. Haientzat hartza ez erretzea pentsaezina zen. Guk hori onartzen diegu, baina, beste aldetik, ez du zentzu askorik animalia hori erretzeak. 
Lasarte-Zubieta itzulia egiten da inauterietan. Ia saihestezina da  Ituren-Zubietarekin alderatzea, herri baten izenean ere bat egiten dute eta.

Zer antzekotasun dute bi inauteriek? 
Bi herri lotzea polita iruditu zitzaigun, eta hori da zerikusi bakarra. Baina alderaketa hori da, hain zuzen ere, nahi ez duguna. Ez dugu nahi inork pentsatzea kopia bat denik. Ez du inolako zerikusirik Ituren-Zubietarekin. 
Kasu honetan, Lasarte da toki segurua, eta Zubieta kaosa da. Zubietarrak ados al daude ikuspegi horrekin? 
Horregatik planteatzen da urtero rolak txandakatzea. Planteamendu horrekin, halere, arazo bat dugu. Txantxoa hemen errotutako pertsonaia da, eta jende asko mozorrotzen da horretaz. Izugarri politak dira asko, baina haien izaeraren kontrakoa da; xomorroak dira, zikinak, lurretik haziak. Logikoa litzateke txantxo guztiak Zubietatik etortzea, eta Lasarten ez egotea. Baina hau guztia ezin dugu bat-batean ezarri. Bi urte igaro dira, hirugarrenean nahiko argi geratuko da kontatu  nahi dugun istorioa. Txantxoen auziari buelta bat eman nahi nioke nik. 

Zer egin nahiko zenuke?  
Txantxoa, berez, edozein gaitz sortzen duen maskara da.  Lantzeko pertsonaia da. Gustatuko litzaidake txantxo gutxiago ikustea, eta kuadrilla gehiagok bere maskara ateratzea. Gauza asko izan daitezke;  kutsadura, adibidez. Norberak bere erara interpretatu dezake. Gauza politak egin daitezke. Halere, zaila da marra bat ezartzea. Izan ere, mugatu behar al dira inauteriak, berez arauaren haustura direnean? Hor dago koska.

Hortaz, hurrengo urtean Lasarte-Oriatik Zubietara joango zarete? 
Asmoa beti dago, baina arazoa beste bat da; festa nagusia Zubietan egiten bada, normala denez, Lasarte-Oriako Udalak nekez emango ditu diru laguntzak. Arazo administratibo eta ekonomikoa da. Zenbat ordaindu behar luke udal batek eta besteak festa egiteko? Zubietan ere jende gutxiago dago, eta lan egiteko gaitasuna txikiagoa da. Arazoa praktikoa da; gu gustura joango ginateke Zubietara. Baina inporta duena ez da zer herri den, baizik eta herriaren kontzeptua. Errito eta mitoetan kontzeptuak du indarra, ez horrenbeste formak. Betiere, esanahia mantentzen bada. Arazoa da esentzia hori ez denean kontutan hartzen, eta beste gauza oso desberdin bat egiten hasten zarenean. Arriskua hor dago, dena desitxuratzean. Horretaz jakitun gara, eta poliki-poliki joatea erabaki dugu. 

Nondik hartu dituzue pertsonaiak? 
Inauteritako pertsonaiak dira. Maskaradaren pertsonaiekin dute antza izugarria. Hartza, adibidez, mitologian azaltzen da, eta baita Basajauna, Tartalo eta hartzarekin zerikusia izan dezaketen beste pertsonaiak ere. 

Moldatu egin al dituzue pertsonaiak herriko testuingurura? 
Ez bereziki. Kontu handia izan dugu, zeren Santa Anako parodiakoen antza hartzen dute. Ezin du batak bestea jan, eta saiatu gara bien artean distantzia jartzen. Alde horretatik, zertxobait moldatu ditugu pertsonaiak. Adibidez, mikeleteei izena aldatu eta aguazil bezala jarri ditugu, eta itxura goitik behera aldatu diegu. Bi ekitaldien arteko antza agerikoa da: gaitzak erre egiten dira. Noski, honek inauterien kutsua du. Mozorroak daude, eta xomorroak sartzen dira tartean. Baina, ziurrenik, funtsa berbera da. Santa Anakoa antzerkia da, eta agerikoa da; indar sinboliko gutxiago du. Inauterietan pertsonaiak oso arraroak dira, maskarak daude, eta esanahia gordeago dago.