Laugarren urtea du Cristina Cabellok Solaskide programan. Burgosekoa da bera, eta orain dela hamabost urte iritsi zen Lasarte-Oriara. Orain zazpi bat urte pausoa eman zuen, eta euskara ikasten hasi zen. "Erabaki nuen hemen geratuko nintzela, eta jendearekin hitz egiteko eta lana aurkitzeko euskaraz ikasi nahi nuen".
Nolakoa izan da zure azken lau urteetako esperientzia Solaskide programan?
Oso ona. Solaskideri esker jariotasun asko irabazi dut. Euskara ikastean beti gehien kostatu izan zaitena da ahozkoa, eta, batez ere, bat-bateko elkarrizketa. Gauzak aldez aurretik prestatu ditzazket, baina bat-bateko elkarrizketa oso zaila egiten zait. Nire Solaskide taldearekin oso ondo moldatzen naiz, eta asko laguntzen dit lotsa kentzen.
Hori al da zailena zuretzat, euskara hitz egiteko lotsa galtzea?
Bai. Nik badakit pertsona jakin batzuekin euskaraz hitz egin behar dudala. Baina gero kalean ezin dut. Ezinezkoa egiten zait ogia euskaraz erostea. Solaskiderekin hitz egiteko ohitura hartzen ari naiz, eta pixkanaka-pixkanaka beldur hori ari naiz galtzen.
Nola dira Solaskide saioak? Zer egiten duzue?
Lau lagun gara, eta astero elkartzen gara Ttakun-Enean, ostegunetan normalean. Euskara hitz egin bitartean kafetxo bat edo freskagarri bat hartzen dugu. Batzuetan ere aprobetxatzen dugu eta pintxo-potera joaten gara. Kideak oso atseginak dira, oso jatorrak, eta harreman ona egin dugu. Oso gustora nago ni.
Zertaz hitz egiten duzue?
Denetatik. Normalean bakoitzak kontatzen du zer egingo duen asteburuan. Eta denon artean plan berriak ezagutzen ditugu.
Lau lagun zarete, eta euskaldu zahar bat duzue taldean, ezta?
Bai. Asun euskaldun zaharra da. Beti moldatzen da, eta ostegun batean ezin badugu, beste egun batean elkartzeko proposatzen du.
Irakasle lanak egiten al ditu berak?
Ez, ez, ez. Hitz egin besterik ez dugu egiten. Ikasteko, euskaltegira noa. Nik solaskideekin bilatzen dudana da jariotasuna hobetzea, eta beldurra kentzea. Badakit haiekin hitz egitean akats asko egiten ditudala, baina helburua ez da zuzentzea, hitz egitea baizik. Zuzentzeko irakaslea badut euskaltegian. Galdera bat egiten badiogu, zalantzak argitzen dizkigu, baina ez ditu irakasle lanak egiten.
Osagarriak dira, beraz, euskaltegia eta Solaskide programa?
Niretzako hala da. Euskaltegian asko hitz egiten dugu, baina Solaskidek asko laguntzen du ausartzeko.
Giroa ere desberdina izango da, ezta? Eskoletara joatea baino hobe izango da lagunekin kafe bat hartzea.
Bai. Ez dira eskolak. Orain, nire solaskideak lagunak ere badira. Hain zuzen, oso gustora joaten naiz eskolak ez direlako. Adibidez, uda honetan Asun Burgosera joan zen, eta deitu egin zidan jakiteko nora joan behar zuen turismo egitera.
Zure inguruan ba al duzu aukerarik euskaraz hitz egiteko?
Bai, aukera badut, baina asko kostatzen zait. Lagun asko dauzkat euskaraz dakitenak. Baina bakarrik Solaskiden erabiltzen dut euskara, asko kostatzen zaitelako. Badakit txipa aldatu beharra dudala. Horretan laguntzen dit Solaskidek; gero eta jende gehiagorekin hitz egiten dut euskara. Talde askotan egon naiz, eta jende asko ezagutu dut horri esker; guztiekin kalean euskaraz hitz egiten dut. Gero eta aukera gehiago dauzkat euskaraz hitz egiteko.
Zer esango zenioke Solaskiden hasteko zalantzan dagoen pertsona bati?
Hasieran zalantzak izaten dira, ez dakizulako zer jenderekin egingo duzun topo. Baina oso atseginak dira denak; haien denbora eskaintzen dute zuk euskara ikasi dezazun. Oso hurbileko harremana lortzen da.