Berrikuntzaren eta ilusioaren zurrunbiloan harrapatuta
TXINTXARRI-ren hastapenak oroitu dituzte Nekane Zapirainek eta Maialen Suberbiolak, aldizkariko hasierako langileek. "Artisauen lana egiten genuen"

Mende laurdena pasa da, baina oraindik ongi gogoratzen dituzte kontu eta pasarte asko. Hemerotekako zenbaki zaharrak esku artean hartuta elkarri begiratu diote irribarretsu, aspaldiko abenturak gogora ekarrita. Maialen Suberbiola eta Nekane Zapirain TXINTXARRI-ko hasierako lantaldean aritu ziren. Lehena publizista zen; bestea kazetaria. Gazte eta ilusioz beteta ekin zioten proiektu berri bati. Ez zuten nolanahiko helburua: Lasarte-Oria herri aldizkari baten laguntzarekin euskalduntzea. 

Bederatzi urte egin zituen Suberbiolak aldizkarian, eta Zapirainek beste sei inguru. Aldizkaria sortu aurretik ere urte batzuk eman zituzten lanean. Arrasatera bidaia asko egindakoak dira, hango herri aldizkaria ezagutzeko eta aholkuak jasotzeko. Edonola ere, orduan ez zuten pentsatzen proiektuak mende laurdena iraun zezakeenik. "Ez zuen inork uste, ez Arrasaten, ez Donostian, ez inon; ez guk, ez beste inork", dio Zapirainek. 

TXINTXARRI-ko lantaldea lau pertsonak osatzen zuten 1993an. Zapirain eta Suberbiolaz gainera, Malu Garmendia kazetaria eta Mila Eizmendi zuzendaria ere bazeuden. TXINTXARRI-k ezin izan du haiekin harremanetan jarri erreportajea osatzeko.

Suberbiola bera arduratu zen proiektua orduko alkateari, Ana Urtxuegiari, aurkezteaz. "Oso izen itsusia zuela esan zidan: '¡No me gusta nada!'. Halere, gurekin beti portatu zen ondo".

Hain justu, izenaren bueltan eztabaidatu zuten hasiera haietan. Sebastian Kerejeta Ttakun Kultur Elkarteko lehen lehendakariak proposatu zuen. "Biltzar bat egin zen, eta hor erabaki zen. Hark zioen pertsona txintxarria jakin-min askokoa zela, kuxkuxeroa", oroitu du Suberbiolak. Lan asko egin zuen Kerejetak TXINTXARRI sortu ahal izateko. Bozketa egin, eta izen hori adostu zuten denen artean.

Aldizkariaren berri emateko prentsaurreko bat eman zuten, Manuel Lekuona kultur etxean. "Jendea segituan enteratu zen, baina beste askori azalpen asko eman behar izan zitzaizkion, batez ere euskaraz ez zekitenei", esan du Zapirainek.

Korronteari jarraika 

Garai bereziak ziren haiek. Ttakun sortu eta gutxira hasi ziren Arrasaten, Bergaran eta beste zenbait tokitan euskarazko herri hedabideak eraikitzen. "Korronte horri jarraitu genion", dio Suberbiolak. Arrasatera egindako bisitaldi batean Anne Igartiburu ezagutu zuten; orduan Arrasate Telebistan egiten zuen lan. "Gu ere egon ginen telebista bat sortzekotan Lasarte-Orian, baina ez zen atera". Aldizkariek topaketak egiten zituzten, eta horri esker partekatu ahal zituzten esperientziak beste kazetariekin. "Denok ezagutzen genuen elkar, ikasle garaitik gehienetan", azaldu du Zapirainek. 

Esan ohi da gustuko aldapan nekerik ez dela. Horrelaxe egiten zuten lan lehen urteetan. "Gau osoak pasatzen genituen lanean. Gogoratzen? Argazki hau ostiral batean gaueko 11:00etan atera genuen", esan dio Zapirainek lankide ohiari. 

Orduan ez zituzten marrazteko ordenagailuko programak, eta eskuz egiten zituen iragarkiak Suberbiolak. Askotan marrazkiak hutsetik egin behar izaten zituen. Behin Goxogikoak esan zion tarta erotikoak ekarriko zituela. "Guk ere ez genekien zer ziren; ezkondu aurreko festetarako dira. Baina horrelakoak ez zeuden hemen, eta marraztea tokatu zitzaidan. Berak esaten zidan nolakoak ziren, eta Rotringarekin marrazten nuen. Herrian ere berrikuntza zenez, sekulako ikusmina sortu zuen. Horrela ibili behar ginen, dena asmatzen". 
Oraingo diseinu programarik gabe, "artisauen lana" egin behar zuten kazetari eta publizistek. Hizkiak kontatzen ibili behar zuten, jakiteko zenbateko espazioa bete behar zuten. "Macintoshak ez zuen euskarazko zuzentzailerik, eta hitza erditik mozten zuen. tz banatu egiten zuen... Berriro dena irakurri behar izaten zen beste hitz bat jartzeko".  

Laguntzaile sarea 

Argazkiak egiteko taldetxo bat zuten, baina bulegoko komunean bertan errebelatzen zituzten. "Nahiko komeriak izaten genituen. 'Ez ireki atea', oihu egin behar genuen badaezpada ere". 

Soilik lau langilek egiten zuten lan TXINTXARRI-n, baina izaten zuten kanpoko laguntza. Argazkiak egiteko taldeaz gainera, laguntzaile sare bat ere bazuten. "Guk ez genuen dena egiten, baina bai prozesu osoa kontrolatu".

Erredakzio kontseilu bat zuten hasierako garaian, eta herrian pil-pilean zeuden gaiei buruz eztabaidatzen zuten, astean behin. "Hori oso garrantzitsua zen. Lau kazetariren artean zirkulua asko ixten da". Askotariko jendeak parte hartzen zuen kontseilu haietan, eremu askotan jarduten zutenak. "Zinema arlokoak, maisuren bat... bileran gaiak proposatzen zituzten, eta eztabaidatu egiten genuen gero". Astelehen iluntzean bildu ohi ziren. 

Tresna garrantzitsua iruditzen zaie kontseilua, erredakzioari "arnasa freskoa" ematen ziolako. "Azkenean, aldizkaria lauren eskuetan geratzen bada, bere baitan ixteko arriskua du". Horrez gainera, Internet eta sare sozialik gabe, askotan albisteen peskizan joan behar izaten zuten. "Orain ia astebururo dago zerbait. Garai hartan albisteen atzetik atera behar genuen". 

Hasierako laguntzaileetako bat zuten Joseba Egaña; erretiroa hartuta zegoen, eta TXINTXARRI-koek behar zuten errekadu guztiak egiten zituen. "Bankura joaten zen, zigiluak erosten zituen... Asko laguntzen zigun. Afariak egiten genituen gero laguntzaileekin". 

Atal arrakastatsuak 

Zuri-beltzeko zenbakiak berrikusten, atal berezi batzuk nabarmendu dituzte aldizkariko langile ohiek. Herrikide baten gazteetako argazkia argitaratzen zuten lehen, eta lehiaketa antolatzen irakurleen artean, ea nork asmatu argazkikoa zein zen. "Arrakasta handia zuen, erabatekoa". Martin Berasategiren laguntza "izugarria" izan zuten. "Afariak eta nahi genuena eskaintzen zigun". Bulegoan izaten zuten argazkia jarrita, eta postontzi batean sartzen zituzten parte hartzaileek haien izenak. "Jende asko etortzen zen bulegora". Liburutegi zaharrean zegoen orduan Ttakuneko egoitza.

Inkestak ere egiten zituzten, gai jakin bati buruz herritarrek zer pentsatzen zuten galdetzeko. "Zaila izaten zen, jendeak ez zuelako atera nahi izaten. Oso polita zen; irakurleek oso gustura irakurtzen zuten, baina kosta egiten zen egitea". Hain zuzen, iraganari keinu gisa zenbaki honetan argitaratu da kale inkesta horietako bat.  

Lehenengo azala nola egin zuten ere kontatu dute. "Nire lagun minak dira Arkaitz eta Kris, eta  haiei esan nien argazkirako jartzeko", esan du Zapirainek. 25 urte geroago, TXINTXARRI berriro jarri da harremanetan haiekin, azal berdintsua argitaratzeko urteurrenaren aitzakian. 

Azala, 25 urte geroago 

25 urtean gauza asko aldatu dira Lasarte-Orian, baina baita kazetari ogibidean ere. "Lehen eskuz egiten genuen dena, maketazio guztia".  Ordenagailua idazteko bakarrik erabiltzen zuten. Gainera, berrikuntza ziren orduan gailu horiek. "Hemen ikasi genituen erabiltzen". Internet eta eskuko telefonoak ez ziren existitzen, eta, ondorioz, harreman pertsonalek  inoiz baino garrantzi handiagoa zuten. "Ahotik ahorakoak asko funtzionatzen zuen. Askotan etxeetara ate joka joaten ginen informazio bila", dio Zapirainek.  

Halere, beste gauza batzuk ez dira aldatu urteak pasa arren. "Txema Valles beti berandu iristen zen prentsaurreko guztietara, eta beti itxaron egin behar zitzaion". Izan ere, hasiera hartan Diario Vasco-ko berriemailearen laguntza izan zuten. "Gaztea zen Valles ere, baina asko laguntzen zigun. Haren atzetik ibiltzen ginen". 

Beste gauza batzuk ere berdin jarraitzen dute: euskarazko hedabideen menpekotasuna. Garai hartan ardura handia zuen Suberbiolak publizitateko arduradun gisa. Izan ere, diru laguntzek aldizkariaren zati bat finantzatzen zuten (gaur egun bezala), eta publizitatea saltzen lortzen zen aurrekontua osatzea.

Haatik, publizitate gehiago saltzen zen lehen. "Ikaragarria da zenbat publizitate saltzen genuen. Gehienak, gainera, erdaldunak ziren. Denek jartzen zuten, denek egon nahi zutelako TXINTXARRI-n". 

Prentsa idatziak sufritutako gainbehera ikus daiteke urtez urte herri aldizkariaren orrietan. Gero eta zailagoa baita publizitatea sartzea. "Orain ere krisia badago, baina garai haiek ere zailak ziren, enpresa asko kinka larrian zeudelako". Hasiera batean kosta egiten zitzaien  baiezkoak lortzea, baina negozioek ikusten zutenean gainerako guztiek jartzen zutela, ez zuten zalantzarik egiten. 

Era berean, argitalpena berria izateak bazituen abantailak, Suberbiolaren eta Zapirainen ustetan. "Orduan berrikuntza zen zure bizilagunaren argazkia ikustea aldizkarian. Orain errotuta dagoen zerbait da".

Argazkien indarra

Bestalde, Suberbiolak uste du egun irudiek garrantzia galdu dutela. Izan ere, egunotan edozein euskarritan hamaika irudi aurki daitezke. "Lehen desberdina zen. Irudi bat argitaratzen zenuen eta inpaktu handiagoa zuen".

Esaterako, Kutxako Fototekako argazki zaharrak argitaratzen zituzten askotan, eta irakurleek estimu handitan zituzten. "Orain ez du zentzurik, edozeinek ikus ditzake-eta Interneten". Orduan, ordea, oso arrakastatsuak ziren, horrelako irudiak ikusteko aukera bakarra eskaintzen baitzuen herri aldizkariak. "Dena zen berria. Berritasun horrek ekarri zuen gurpil bat. Lan asko egiten genuen, baina  asko ginen, eta ilusioa handia zen. Oso ondo pasatzen genuen".

Halere, garai politak izan arren, ez zaizkie ahaztu inprentara bidali aurretik pasatzen zituzten urduritasunak. "Uste genuen ez ginela iritsiko inprentara". Gaueko 10:00ak aldera bakarrik geratu ohi ziren, gainerako laguntzaileak etxera joaten zirelako. Gau pasa asko egin izan dituzten erredakzioan. "20 urte dauzkazunean berdin zaizu, ilusioa handia da eta". Nolanahi ere, zenbakia bidalita ere ez zen guztiz baretzen ezinegona. "Nola geratu zen ikusi beharra zegoen". 

Gaurko TXINTXARRI esku artean hartuta, Suberbiolari ez dio euskarriak konbentzitzen. "Paper honetan oso zaila da argazki on bat egitea. Oso zaila da publizitatea ongi ikustea. Nire ustez, herri aldizkari batean beharrezkoa da aurpegiak ongi ikustea argazkietan. Sarean ongi ikusten dira PDF euskarrian. Eskura jasotzen duzuna ere ongi ikusi beharko litzateke". 

Edonola ere, edukia interesgarria zaie biei: "Gure garaian ez genituen elkarrizketa luzeak egiten. Oso interesgarriak dira, gustura irakurtzen ditugu".

Horrez gain, garai hartako laneko giroak ez du zerikusirik egungo erredakzioetan dagoenarekin. Izan ere, lehen normala zen erretzea edozein tokitan. "Kez beteta egoten zen erredakzioa beti, asko erretzen genuen. Haurdun nengoenean esan nien ea posible zuten pixka bat gutxiago erretzea, baina zaila zen", oroitu du Suberbiolak. 

Banaketak ere bere lanak eskatzen zituen. Inaxio Urruzola  eta Antton Garin arduratzen ziren horretaz. Ostiralero zerrenda batzuk inprimatu behar zituzten, jakiteko etxe bakoitzean zein postontzietan utzi behar zituzten aleak. "Hasieran 3.000 inguruko tirada izango zuen. Ttakuneko bazkideek eta publizitatea jartzen zutenek jasotzen zuten bakarrik, eta zerrenda horietan agertzen zen zein etxeetan utzi behar zen". Urruzola arduratzen zen zerrenda horiek osatzeaz. Garinek, berriz, baserrietako banaketa zuzentzen zuen. 

Ikastolako ikasleek egiten zuten banaketa gero. Karroak uzten zizkieten, zerrendarekin batera, jakin zezaten non utzi behar zuten. "Gero jendea  kexatzen hasi zen, TXINTXARRI jaso nahi zutelako ere". Jende asko joaten zitzaien bulegora aldizkaria jaso ez zutelako etxean. 

Mahai-inguruak 

Papereko argitalpena ez ezik, beste hamaika gauza ere antolatzen zituen TXINTXARRI-k. Alde batetik, lehiaketa mordoa, herriko komertzioekin elkarlanean. Bestetik, hitzaldiak eta mahai-inguruak, herrian denon ahotan zeuden gaiekin. "Gaur egun elkarbizitza aldetik gauza asko aurreratu ditugu herrian. Garai haiek zailak izan ziren; Froilan Elesperen hilketa bizi izan genuen... Halere, gu beti saiatzen ginen alderdi guztietakoak erakartzen". 

Nahiz eta zenbaitetan giro politikoa zakartua egon, ongi moldatzen ziren politikari guztiekin. Elkarrizketa batzuk egin zizkion Zapirainek Urtxuegiari: "Oso gogorra zen, azken hitza beti berak eduki behar zuen". PSE-EEko norbaitekin hitz egin nahi bazuten, derrigortuta zeuden alkatearen galbahetik pasatzera. "Hark erabakitzen zuen dena. Gonbidatzen genituen mahai-inguruetara, baina ez ziren etortzen". 

Lasarte-Oriaren aniztasuna kontutan hartzen saiatu da beti TXINTXARRI. Horregatik, harreman ona izan du hasieratik elkarte eta eragile  guztiekin. "Politika oso bizia zegoen, eta beti egoten ziren gauzak. Baina ez genuen sekula presiorik jasan, nahiz eta tentsio uneak pasa". EAJko Juan Mari Alkorta eta Joxe Mari Agirretxe orduan HBko zinegotziaren bisita asko jasotzen zituzten. "Asko lagundu zuten". 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • San Silvestre boluntario bila
    Iaz parte hartu zuten 90 boluntarioei eskerrak eman dizkie San Silvestre lasterketako antolakuntzak. Era berean, herritarrak animatu nahi ditu aurtengo edizioan laguntzera. "Boluntario-lana erraza da eta denbora-tarte laburrekoa. Zure laguntza oso garrantzitsua da eta talde-lan ederrean parte hartzeko aukera izan dezakezu. Animatu eta jar zaitez gurekin harremanetan horretarako dugun San Silvestre Lasarte-Oria facebook-eko perfilean edo info@sansilvestrelasarteoria.com".
  • Korrikako postua San Tomasetan
    Abenduaren 21ean, San Tomas azokan, 21. KORRIKAko arropen postua jarriko du Lasarte-Oriako Muntteri-AEK euskaltegiak, 18:00tik 20:00ra, Okendo enparantzan.
  • Ostadarrek hasi du bazkidetza kanpaina
    2019. urteko bazkidetza kanpaina hasi du Ostadar SKTk. Hainbat kuota dituzte, adinaren arabera. Kirol proiektua laguntzen dutenek hainbat abantaila eta deskontu dituzte Ostadarren ekitaldietan. Informazio gehiago http://www.ostadarskt.eus/ webgunean.
  • Beltzak taldeko zestoa
    Beltzak Errugbi Eskolako zesto handia abenduaren 21ean zozketatuko dute, ONCEko zozketaren azken lau zenbakiekin. Errifak taberna laguntzailetan daude.
  • Erketzen Eguberri errondako entseguak
    Erketz EDT taldea abenduaren 24ean herriko baserrietatik kantari irtengo da. Hitzordua prestatzeko bi entsaio egingo ditu abenduaren 13 eta 20an 20:00etan taldeko lokalean, KZgune ohia..
ZORION AGURRAK
GORKA ETA UNAI
Zorionak Gorka eta Unai aiton-amonen partetik. Muxu pila bat polit horiek
AZKEN PDFa
1444 ( Abenduak 14 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Astelehena)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Gil ( Asteartea )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Orue ( Asteazkena )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Acha-Orbea ( Osteguna )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Lasa ( Ostirala )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gandarias-Uribe ( Larunbata )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Gandarias-Uribe ( Igandea )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48