Bakerantza dokumentala Elkarbiziren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 27a, 13:27
Gaur eguerdian Elkarbizi plataformak 'Elkarbizitzaren zoru etikoa eraikitzen' jardunaldietako azken ekintza aurkeztu du Lasarte-Oriako Ganbo Iturri elkartean.

Jexux Artetxe, Joxan Rekondo eta Arantxa Izeta ekimeneko kideak izan dira agerraldian.

Artetxek 'Elkarbizitzaren zoru etikoa eraikitzen' jardunaldi zikloa otsailean hasi eta asteartean amaituko dela adierazi zuen, "bailarako lau herrietan antolatu ditugu. Aurrenekoa hitzaldia Hernanin egin zen. Martxoaren 12an, Andoainen komunikabideen erantzukizunez jardun ginen. Joandako astelehenean, berriz, Urnietako solasaldia izan zen Xabier Lete zenari eta bizikidetzan ikusi dugun hondatzeaz berak izan zuen iritziari buruz. Orain, Lasarte-Orian egingo den astearteko ekitaldiarekin amaituko da zikloa".

Bakerantza dokumentala

Asteartean, martxoaren 31a, 'Bakerantza' dokumentala eskainiko da 18:30ean Manuel Lekuona kultur etxean. Elias Querejetaren ideia baten oinarritutako lana da eta 2011 urteko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen. 

ETAko kide ohi, terrorismoaren biktimen eta senideen iritziak jasotzen ditu. "Iritzien arteko zenbait kontraste nabarmen agertzen dira," aipatu dute. Eta Maite Goizueta herritarra eta bere senarra Kepa Pikabea Nanclares bideko presoaren hitzak agertzen direla nabarmendu dute. 

"Dokumentalak giza kalitatea erakusten du eta urte hauetan jazotakoak izan duen kostea", azpimarratu du Rekondok.

Dokumentalaren ostean, dokumentala eta elkarbizitzari buruzko solasaldia egingo da.

Jardunaldi positiboak

Elkarbiziko kideek jardunaldien irakurketa positiboa egin dute, "harrera ona izan dute hiru herrietan. Plataforma eta elkarbizitza lantzeko jarraituko dituzten ildoak ezagutzera emateko aukera paregabea izan dira".