Axier Arteaga: "Pixkanaka aurrerapausuak ematen jarraitzea da erronka"

martin-vicioso 2017ko api. 21a, 14:00

Binakako txapela irabazi eta berehala erronka berriak azaldu zaizkio Axier Arteagari (Lasarte-Oria, 1996). Buruz buruko Promozio Txapelketan murgilduta dago orain, eta udaran ere norgehiagoka ugari jokatzea espero du aurrelariak.

Hilabete gutxitan urrats handiak eman ditu Axier Arteaga pilotari lasarteoriatarrak. Binakako Promozio Txapela eskuratu zuen apirilaren 1ean ehun herritar baino gehiagoren aurrean. Beotibar pilotalekuan urrezko ukitua eman zion egindako txapelketa bikainari, debuta egin zuen frontoi berberean. Sentsazio gazigozoak bizi zituen orduan. Finaleko larunbata, aldiz, bere "bizitzako egun politenetakoa" bezala deskribatzen du.

Txapelketako pilotari onenaren saria ere eman zioten, eta badirudi promozio maila, pixkanaka, txikia geratzen ari zaiola. Arteaga, hala ere, humil agertu da eta badaki gogoz egin beharko duela lan hemendik aurrera pilotaren eszenatoki zorrotzean urratsak ematen jarraitu nahi badu.

Buruz buruko Promozio Txapelketan "burubelarri" dago orain aurrelaria. Pasa den larunbatean Ikaztegietan Dario Gomez 22-17 garaitu ostean, Aitor Irusta munitibartarra izango du aurrean gaur Bergarako Fraizkozuri pilotalekuan.

Orain arteko ibilbideari eta, batez ere, Jon Erasunekin Binakako Promozio Txapelketan eskuratutako txapelari buruz hitz egin dugu Asegarceko pilotariarekin.

Momentu onean iritsi zinen Binakako Promozio Txapelketara. Hala ikusten zenuen zure burua? 

Bai. 2016a partidu onak eginez  eta joko ona erakutsiz bukatu nuen, eta egia esan gogo handiz eutsi nion txapelketari. Aurreko udaran hasi nintzen hobeto jokatzen, baina tartean ere arazo fisiko batzuk izan nituen udazkenean, eskuetatik ez bainintzen fin ibili.

Faboritoen artean kokatu zintuzten. Presioa nabaritu zenuen?

Egia esan, ez nuen nire burua presionatuegi ikusi. Irabazteko nahia eta grina bagenuen, baina beste bikote indartsu batzuk bazeuden, eta lan handia egin behar genuela oso konsziente ginen Erasun eta biok. Hasiera batean, finalerdietara iristeko erronka jarri genion gure buruari, eta hortik aurrera ikusiko genuela.

Fase erregularrean emandako maila ikusita, finalerdietako ligaxkan aurrera egiteko aukerak genituela garbi ikusi genuen.

Konfiantzaz jokatzen ikusi zaitugu.

Hala da. Partidu onak egiteak eta joko puntu egokia edukitzeak segurtasuna ematen dizu. Laso eta Iturriagaren kontra jokatutako lehenengo norgehiagoka hartan, agian, urduri xamar atera ginen kantxara. Baina hortik aurrera oso txapelketa borobila egin dugula uste dut.

Hala ere, partidu horri buelta emateko zorian egon zineten.
Urduri xamar ekin genion partiduari, eta aurkariek hori baliatu eta markagailuan aurrera egin zuten. Txapelketa hasiera zen, eta askotan ez da erraza izaten erritmoari neurria hartzen. 19 eta 21ekoa egitera iritsi ginen, baina ez zen posible izan lehenengo puntu hori eskuratzea.

Atzelari bezala Jon Erasun zizurkildarra izan duzu. Zer azpimarratuko zenuke hark egindako lanari buruz? 

Batez ere, eman didan segurtasuna nabarmenduko nuke. Kasik ez du pilotarik galtzen eta hori bertute handia da. Uste dut partiduro tanto batek edo bik alde egiten diotela bataz beste. Beste atzerlarien gainetik ibili da alderdi horretan, eta pilotarik galtzen ez duen zageroak asko errazten du aurrelariaren lana. Txapela irabazi izanaren gakoetako bat izan da, dudarik gabe.

Egia da, beste atzelari batzuk gehiago nagusitzen direla piloteoan, baina oro har, txapelketa bikaina egin du Jonek.

Txapelketa honetan Lasarte-Orian zure lehenengo partidua irabazteko aukera ere izan duzu –Peña II eta Salaverriren aurkakoa, finalerdietan –. Arantzatxoa kenduko zenuen.

Egia esan, bai. Irabaztea lortu genuen, eta are garrantzitsuagoa dena, joko maila ona emanez. 22 eta 10 nagusitu ginen gerora finalean topatu genuen bikotearen kontra. Gainetik karga bat kendu nuen garaipen horrekin. Izan ere, aurretik Michelinen jokatutako bi partiduetan ez nuen nire mailarik onena emateko aukerarik izan, eta profesional mailako debuta egin nuen egunean ere galdu egin nuen. Familia, lagun eta herritarren aurrean partidu on bat egiteko gogoa nuen.

Finalerdietatik aurrera, bestalde, oso tanto gutxi jaso zenituzten.

Lehenengo fasean egindako lan onak indarra eman zigun finalerdietako ligaxkara begira. Joko maila ona ematen ari ginela bagenekien, eta hiru partidu horietara konfiantzarekin joan ginen. Lasok eta Iturriagak osatutakoa izan zen tanto gehien egin zizkigun bikotea –13–, eta finalera begira jendearen aurrean horrek kokatu gintuen faborito.

Peña IIaren eta Salaverriren aurkako finalean aurretik jarri zineten goiz, eta ez zirudien partiduak alde egingo zizuenik.

Konsziente ginen, eta gure artean komentatu genuen Erasunek eta biok, ondo hastea erabakigarria izan zitekeela. Batzuentzat faborito izan arren, partidu bakarrean edozein gauza gerta daiteke, eta gu ez ginen fidatzen. Galtzen hasiz gero, bagenekien finala asko zaildu zitekeela. 8-0eko aldeko partzialarekin hasi ginen, eta horri esker, besteak beste, lasaiago aurre egin genion finalari. 

Hortik aurrera, tanteoa paretsu joan zen, beti ere gu aurretik joanda. Azkenean, txapela atera genuen, eta hori zen helburu nagusia.

Herritar ugari hurbildu zen finala ikustera. Polita izan zen haien aurrean irabaztea? 

Oso hunkigarria. Agian, asko esajeratzea da, baina nire bizitzako egun politenetakoa izan zen apirilaren batekoa. Ez zen, ordea, larunbat hura bakarrik izan. Aurreko aste osoa izan zen oso berezia niretzat. Ingurukoek sarrera pila bat eskatu zituzten, eta nire arreba hortaz arduratu bazen ere, niri ere informazioa ailegatzen zitzaidan. Finalerako gogoak zeuden eta horrek ere nire animoak are eta gehiago bizitu zituen.

Beotibarren lehenengo minututik nabaritu nuen zaleen babesa, eta oso eskertuta nago eman zidaten berotasunarekin. Dena perfekto atera zen eta ospakizunean ere ederki pasa genuen. Egia esan, amestutako eguna izan zen. Orain, lanean jarraituko dut halako gehiago bizi ahal izateko.

Zeini eskaini diozu txapela?

Lehenik eta behin, babestu nauten guztiei eta, nola ez, finalera etorri ziren herritar eta lagun guztiei. Bestalde, nire lehengusu Mikel Garayalderekin gogoratu nintzen. Gaixotasun batekin borrokan dabil, eta hari indarra bidali nahi izan nion.

Nola ez, nire aita Juan Mariri ere. Berak kutsatu zidan kirol honi diodan maitasuna eta urte hauetan familian jasotako babesarik gabe ez nintzatekeen honaino iritsiko.

Binakako Final Nagusiaren atarian Albisurekin, Ezkurdia eta Merino IIaren aurka irabazi zenuen. Partidu serioa jokatu zenuten.

Niretzako froga antzekoa bezala zela sentitzen nuen. Izan ere, maila goreneko pilotariekin eta kontra jokatzen nuen lehenengo partidua izan da. Aukera ezinhobea zen niretzat, enpresakoentzat eta pilotazaleentzat nire burua haiekin lehiatzen ikusi ahal izateko.

Hasieran nahiko urduri hasi nintzen, ohiko partiduetan baino estuago, agian. Hala ere, Jon Ander Albisu atzelariak asko lagundu zidan, eta pixkanaka askatzen joan nintzen. Azkenean, partida geureganatzea lortu genuen, nahiko maila txukuna emanez gainera.

Bilboko Bizkaia pilotalekuan publiko zabalaren aurrean jokatu zenuen. Partidu garrantzitsua zen zuretzat? 

Oso garrantzitsua. Diozun moduan, Bizkaia pilotalekua betezear zegoen, eta ikusle askorentzako tokia dago bertan. Gainera, etxetik ere zale askok jarraitu zuen norgehiagoka zen, ondoren final handi bat jokatzear baitzegoen. Hainbeste jenderen aurrean maila ona ematea urrats garrantzitsua izan da niretzat. Bi pilotari handiren kontra norgehiagoka ona egin genuen oro har, akats handirik egin gabe. Dena den, aipatu beharra dago Joseba Ezkurdiak eta David Merinok ez zutela bere partidurik onena egiterik izan, eta horrek ere eragina izan zuen.

Txapela lortu zenuenetik ez da hilabete pasa eta beste erronka batean murgilduta zaude. Buruz buruko Promozio Txapelketa hasi da eta Darioren kontrako lehenengo partidua irabazi duzu, 22-17. Larri, baino lortu duzu hurrengo fasera sailkatzea. 

Bai. 7-0 aurreratu zen Dario, sakea baliatuz min handia eginez. Asko estutu ninduen eta hamaseina jarri ginen arte bera aurretik izan zen. Hortik aurrera, nik gehiago asmatu nuen eta bietako edozeinek bereganatu zezakeen partidua irabaztea lortu nuen. Pozik nago egindako partiduarekin. Aurkari gogorra neukan aurrean. Dario ni baino gehiago ibili izan da buruz buru, eta hari irabazi ahal izateak konfiantza handia eman dit. Modalitate honetan gutxi aritutakoa naiz, eta Binakako Txapelketan barneratuta egoteagatik, denbora gutxi izan dut behar bezala prestatu ahal izateko. Dena den, hurrengo fasera sailkatzea lortu dut, eta helburua partiduz partidu nire jokoa hobetzen joatea da.

Irustaren aurka jokatuko duzu gaur Bergaran. Erasunen kontra lan txukuna egitetik dator bizkaitarra. Ze sentsaziorekin zoaz?

Argi daukat oso partidu borobila egin beharko dudala Irusta gainditu behar badut. Jon Erasun buruz buruko jokalari ona izan da beti, eta hura 22-21 gainditu zuen. Konfiantzarekin ikusi nuen bera, baina ni ere gustura nago egindako lanarekin eta erakusten ari naizen jokoarekin. Ikusi beharko da zer gertatzen den.

Beste aurkari batzuek ere lan ona egin zuten lehenengo fasean. Gorkak, Urretabizkaiak, Taintak edo Elordik, esaterako. Nor ikusten duzu faborito?

Zaila izaten da jakitea zein izango den txukunen ibiltzen dena. Hala ere, nik Gorka eta Tainta indartsu ikusten ditut. Txapelketa jokatzen dugun pilotarien artean profesional mailan esperientzia handiena duten bi pilotariak beraiek dira, eta aurreko urtetako lehiaketetan jadanik postu onak egindakoak dira –finalera iritsi zen Gorka 2016an eta Iker Taintak finalerdietan galdu zuen–.

Dena den, zozketak hala erabaki duelako, elkarren artean jokatu beharko dute asteburu honetan eta, hortaz, bietako bat kalera joango da final laurdenetan. Norgehiagoka hori irabazten duena, dudarik gabe, konfiantzaz gainezka egongo da hurrengo partiduei begira. Beraz, oso kontuan hartu beharreko bi pilotari dira.

Balizko final batean topatuko zenituzke soilik bai Gorka baita Tainta ere.

Ni txapelketaren beste adarretik noa, bai. Irusta gaindituz gero, Elordi eta Peña IIaren arteko garailearen kontra neurtu beharko ditut indarrak. Hala ere, ez diet datozen faseei gehiegi erreparatzen. Halako txapelketei partiduz partidu aurre egin behar zaie, egun txarra izanez gero kanpora joateko arriskua baitaukazu.

Entrenamendu gutxi egin ahal izan ditut, baina eskuetatik ondo ikusten dut neure burua eta finalerdietara sailkatzea da nire helburu nagusia momentu honetan, eta hori lortu ahal izateko barruan daukadana emango dut. Hortik aurrera? lanean segi.

Esan duzu ez duzula nahi adina denborarik izan txapelketa prestatu ahal izateko. Beste pilotari batzuek baino esperientzia txikiagoa duzu buruz buruko modalitate honetan?

Gutxi jokatutakoa naiz, bai. Afizionatu mailan eman nituen urteetan binaka eta lau t'erdian jokatu nuen gehienbat. Lehengo urtean Buruz buruko Promozioko Txapelketa jokatzeko aukera izan nuen, baita finalerdieetara ailegatzekoa ere, baina ez dut uste nire mailarik onena eman nuenik.

Manomanista ona izateko gaia dudala esan didate, baina sustantzia hori ez badut lantzen jai dut. Nire onena ematen saiatuko naiz partidu hauetan, pixkanaka hobetuz. Sariak eta txapelak ez dira ezerezetik ateratzen, baina batzuetan egindako lanaren fruitua gutxien espero duzunean etortzen zaizu. Fisikoki ondo nago, eta maila ona eman dezakedala argi daukat.  Ez dakit irabazteko nahikoa izango den, baina ahalegina egingo dut, behintzat.

Esan bezala, 2016ko edizioan finalerdietara iritsi zinen, Lasarte-Orian Gorkaren kontra galdu aurretik. Aurten hobeto ikusten duzu zure burua?

Aurten, lehengo urteko txapelketarekin alderatuta aurrerapausu bat eman dudala uste dut. Helburua pixkanaka hobetzen joatea da, eta badakit oraindik ere lan handia dudala aurretik, baina bide onean noala uste dut. Zentzu horretan, buruz buru pilotari hobea naizela uste dut. Horrek ez du esan nahi aurten emaitza hobea lortuko dudanik edo finalera iristea gutxieneko helburua denik. Aurkariek ere jokatzen dute, eta aurtengoak oso gogorrak dira. Gogor saiatu beharko naiz zerbait polita lortu nahi badut.

Aldi berean, fisikoki oso exijentea den modalitatea da buruz burukoa, eta gustatuko litzaidake eskuko minarekin ez ateratzea. Ondoren, udara dator eta seguru aski partidu dezente jokatzeko aukera izango dut.

Izan ere, aurtengo udaran lanpetua egongo zarela espero da.

Hala ematen du, bai. Nahi ala ez, Binakako Promozioko Txapelduna izateak ematen du nolabaiteko sona, eta horrekin batera, enpresak eta zaletuek gehiago ikusi nahi zaituzte kantxan. Lehen mailako pilotariekin partiduren bat jokatzea ere egokituko zait eta, zentzu horretan, erronka polita izango da aurtengo udaran edukiko dudana.

Ilusioz hartuko dut, aukera paregabea baita, baina badakit exijentzia maila altua dela eta halako partiduak jokatzen jarraitu nahi badut, bertan jokatzeko gai naizela erakutsi behar dudala. Hala ere, apirilean gaude eta buruz burukoa lehiatzen nago; iritsiko da udarako jaialdiekin kezkatzeko unea.

Ze erronka jarri dizkiozu zure buruari datozen hilabetetara begira?

Esan bezala, momentuz burubelarri nago Buruz Buruko Txapelketan. Ikusi beharko da zer egiten dudan eta zer datorren ondoren. Hala ere, orain arteko mailari eustea eta hobetzen joatea helburu konstantea dela esango nuke. Udara etorriko da eta, harekin batera, partidu pila. Gustatuko litzaidake hilabete hauetan eduki dudan jokoa mantentzea eta fisikoki eta eskuetatik osasuntsu egotea.

Hori bermatuta, lanean jarraitzea da aurretik ikusten dudan erronka nagusia. Orain arte bezala, urratsak ematen joan, pixkanaka pilotari hobea izateko.