Apoloni Otxandorena eta Jesus Mari Egizabal: "Zalaparta egin gabe lanean aritu gara egunero"
Gaur urtebete urduri bazeuden ere, pozez oroitzen dute iazko sanpedroetan bizitakoa. Urte luzez egindako lanaren aitortza jaso zuten Ttakun Kultur Elkartearen Patxintxi sariekin

Jesus Mari Egizabalek (Lasarte-Oria, 1938) eta Apoloni Otxandorenak (Igoa, Nafarroa, 1930) gauza asko partekatzen dituzte. Biek ia bizitza guztia eman dute Lasarte-Orian, eta las eskerga egin dute herriarentzat. Iaztik, ordea, badute beste elkargune bat: Ttakun Kultur Elkarteak banatutako Patxintxi saria irabazi zuten, 65 urtez gorako pertsona maitagarrienak izateagatik. 

San Pedro eliza pareko etxea izan da Egizabalen jaioleku. Gaztetatik Intza pilota elkarteko partidak antolatzen hasi, eta hamaika lanetan aritu da. Hamabi urtez berriemaila lanetan aritu da, eta Añorgako Rezolara joan zen gero 16 urterekin. Ezkonduta, banketxe batean hasi zen lanean, eta hori izan du 40 urtetan ogibide, erretiroa hartu duen arte. Bere jardunak, ordea, ez du etenik izan gaurdaino: Danok Kide Guraso Elkarteko arduradunetako bat da.  

Otxandorena ere langile fina izan da gazte-gaztetatik. 8 urterekin etxea utzi behar izan zuen, etxeko langile aritzeko Nafarroan. Alemaniako familia baten etxeko seme-alabak zaindu zituen ere Hernanin. Ederki gogoratzen ditu garai haiek: "Gogoratzen naiz nola Jesus Mariren osabak autoa uzten zion nire senarrari, ni Hernanira bisitatzera joateko".

Ezkontzerako Oriara joan ziren bizitzera, eta hango bizipenak ere ez ditu ahaztu.   Brunet ehungintza fabrika martxan zegoen auzoan, eta "guztia" haiena zela azaldu du Otxandorenak: "Etxe guztiak Brunetenak ziren, eta ez ziguten zentimorik kobratzen horietan bizitzeagatik". Bertan bizitzeak bazituen, ordea, zenbait baldintza: "Ez zegoenez nahiko argindar lantegia eta etxeak hornitzeko; 09:00etan  argia mozten ziguten, eta 18:00ak arte ez zen argirik bueltatzen".

Orian 21 urte egin ostean, Zabaletara lekualdatu zen senarrarekin, eta orduz geroztik, 43 urte daramatza bertan. 

Egunerokotasunean konpromiso handia izan dute bi lasarteoriatarrek, eta "beti laguntzeko prest" egon dira.  Une garratzetan ere indarrak nondik atera dituen ez daki Otxandorenak; semea urte luzez izan du preso, eta urte horietan guztietan espetxeratuen giza eskubideen aldeko borrokan ez du etsi. Borroka horretan ere senarra hil arren,  kartzelatutako semearen alde lanean jarraitu du. 

Herritarren maitasuna

Lasarteoriatarrek dieten maitasuna ezin daiteke uka; herriarentzat eginiko lana aitortu zieten iazko sanpedroetan, Patxintxi saria jasotzean. 

"Ezustean" harrapatu zieten izendapenak. Aukeratuak izateko arrazoirik ba ote zuten galdetu zioten euren buruari, eta sorpresa izan bazen ere, ohartu ziren egindako lan guztiaren aitortza zela jasotako oroigarria. "Zentimorik jaso gabe eta zalapartarik egin gabe, egunero-egunero aritu gara lanean". 

Pozarren jaso zuten saria, batez ere jakitean elkarrekin aukeratuak izan zirela: "Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta are pozgarriagoa izan zen jakitea elkarrekin egongo ginela". 

Egun "berezia" bizi zuten iazko ekainaren 28a: "Oso polita izan zen, baina oso urduri geunden. Beldur apur bat ere ematen du hainbeste jenderen aurrera ateratzeak".

Arnasa "kostata" hartu, eta  Egizabal ausartu zen udaletxe azpian bildutakoei hitz batzuk irakurtzera. Apoloni, ordea,  emozioei ezin eutsita "hitzik gabe "geratu zen. Behin "tragoa" pasata, urduritasunak baretu eta egun "ederra" pasa zuten. 

Orduko eta oraingo festak

Alde nabarmena ikusten dute garai bateko eta gaur egungo festen artean. Oriako festak erreferentziatzat hartu, eta irribarretsu gogorarazi dizkiote elkarri garai haietako ospakizunak. "Oriak bere nortasuna zuen, eta festa propioak izaten ziren", azaldu du Otxandorenak. Horietako ekintzak antolatzen ere makina esfortzu eginak dira bi lasarteoriatarrak. 

Nola ez, Sorgin Dantzarekin hasi dute errepasoa. Auzoko festen oinarri da dantza, bertan sortu baitziren doinuak eta partiturak. Horren sortzaile ere izan zen Jose Luis Orotegi, Apoloniren senarra zena. Sortze urteetan Orian dantzatzen bazuten ere, Donostian ere emanaldiren bat edo beste egin zutela kontatu du Otxandorenak.

Zinta lasterketak ere bazuen arrakasta Orian; bizikletaren gainean jarri, eta eskuan makilatxoa hartuta, zintatik zintzilik zeuden uztai txikietan sartu behar zuten. Zinta ateratzea lortzen zutenek saria jasotzen zuten. Kontatu du Otxandorenak nola aritzen zen uztaiak zintan josten.

Beste ezberdintasunik ere ikusten dute: "Lehen auzotarrek antolatzen zuten dena, gaur egun, berriz, badago herritarren inplikazioa, baina kanpoko gauzak dira asko". Parrandarako orduak ere aldatu direla diote: "Lehen egunez egiten genuen festa, orain ordea, gauak indar handia du".

Meza nagusiaz ere ez dira ahaztu. "Berebiziko garrantzia zuen ekitaldiak". Elizako koruak abesten zuen, eta "oso ekintza jendetsua" izaten zen. Egungo San Pedro eguneko elizkizunera "jende asko" joatean den arren, beherakada nabarmena antzematen dute: "Ekintza erlijiosoa izanik, jaietako egitarautik ere kendu dute".

Festak, gazteei zuzenduta

Erretiroa hartutakoen gozamenerako izaten dira zenbait ekintza, baina  hitzordu "puntualak" direla nabarmendu du Egizabalek. Izan ere, festak "jende gazteari zuzenduta" daudela uste dute.  
Egoera hori iraultzeko  Patxintxi sariak banatzen hasi zen Ttakun. Zaharrek lasarteoriatarrei eskainitakoa aitortu eta adin artekoen harremanak sustatzeko ekintza arrakastatsua bilakatu da. "Oso ekintza polita da, erakusten da adinekook aritu garela han eta hemen lanean". 

Herritar maitagarrien txapela jantzi dute merezimendu osoz Otxandorenak eta Egizabalek. Urte luzez ingurukoak maitasunez zaindu dituztela ezin daiteke uka; horrela jaso dute TXINTXARRI aldizkaria ere.

Aurtengo Patxintxi lehiaketa zabalik dago oraindik. Hautagaiei bozka emateko aukera dago astelehenera arte. Orduan jakingo da zeintzuk diren 2018ko adineko pertsona maitagarrienak. 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Biyak Baten txangoa
    Biyak-Bat erretiratuen elkarteak irailaren 26an Fríasera, Burgosera irteera antolatu du. Autobusa 8:00etan aterako da elkarte aurretik. Fríasen Erdi Aroko ibilbide gidatua egingo da. Honetan gaztelua eta eliza ezagutuko dituzte irteeran izena ematen dutenek. Bazkaria Ortiz jatetxean izango da. Izena ematea irailaren 17an, astelehena irekiko da. Astelehenetik ostiralera goizeko 10:30etik 12:30era dago izena emateko aukera elkarteko bulegoan. Bazkideek 35 euro ordaindu behar dituzte; bazkide ez direnek, berriz, 45 euro.
  • Adineko pertsonen omenaldiko bazkaria
    Adineko pertsonen omenaldi astearen barruan, urriaren 7an, igandea, bazkaria antolatu dute Michelingo Kirol gunean. 500 pertsonentzako lekua dago. Irailaren 5ean, asteazkenean, irekiko da txartelak eskuratzeko epea eta irailaren 25ean amaituko da. Biyak Bat elkarteko bulegoan goizez 10:30etik 12:30era egingo da banaketa eta 8 euro balio dituzte. Antolatzaileek eskudirutan ordaindu behar dela gogorarazten dute. Bazkariaz gozatu ahal izateko baldintzak Lasarte-Orian erroldatua egotea eta 1953 urtean edo lehenago jaioa izatea dira. Salbuespen dira 1953 urtearen ondoren jaiotako bikotekideak. Lasarte-Orian erroldatuak ez badaude, gainera, 29,15 euro ordaindu beharko dituzte.
  • Kiroldegiko neguko ordutegia
    Herriko kirol instalazioetan neguko ordutegia indarrean dago irailaren 1etik. Kiroldegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 22:30era egongo da irekia. Larunbatetan, 9:00etan irekiko ditu ateak eta 20:00etan itxi eta igandetan berriz, goizez soilik erabili ahalko dira instalazioak 9:00etatik 13:00etara. Kirol Guneko erabilera ordutegia astelehenetik ostiralera 15:30etatik 22:30era da. Larunbatetan goiz eta arratsaldez egongo da irekia, 9:00etatik 20:00etara eta igandetan kiroldegiaren antzera, goizez 9:00etatik 13:00etara.
ZORION AGURRAK
ANTONIO ETA BITORI
Muxu handi-handi bat Septien eta Murillo familiaren partetik. Ondo pasa zuen 50. urteurrenean.
AZKEN PDFa
1433 ( Irailak 14 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Lasa ( Osteguna)
Kale Nagusia 42 atzea
Tel: 943 361774
ASTEA
    • Gil ( Ostirala )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Orue ( Larunbata )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Orue ( Igandea )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Acha-Orbea ( Astelehena )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Asteartea )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48