Erik Arzalluz: "Antzerkiaren aurpegi guztiak erakutsiko ditugu"

maddi-noriega 2018ko mai. 5a, 11:00
Inolako zalantzarik gabe gonbiteari baiezkoa eman, eta Udaberriko Bertso Saioa prestatzen ari dira Kukukako kideak. Ia 30 antzezlek hartuko dute parte aurtengoan

Antzerkiaren taula gainean esperientzia mordoxka du Erik Arzalluz (Lasarte-Oria, 1991) lasarteoriatarrak. Egun, Kukuka Antzerki eta dantza eskolako antzerki taldeen koordinatzaile lanetan ari da, eta datorren larunbatean egingo den Udaberriko Bertso Saioan parte hartuko duten gaztetxoen antzerki taldeen prestaketekin buru-belarri dabil. Ilusio handiarekin jaso zuten ekimenean parte hartzeko gonbita, eta urduritasunak nabari baditu ere, ziur da bertsolariekin batera, lan bikaina egingo dutela.

Kukukako zenbat taldek hartuko dute parte? 
Landaberriko taldeak arituko dira. Sasoetako ikasleak ere aritzen dira Kukukan, baina hauek klase orduetan izaten dituzte antzerki saioak, ordubetekoak. Landaberrikoekin, berriz, arratsaldetan, eskola orduz kanpoko saioak izaten dira, ordu eta erdiko saioak. Horiekin Udaberriko Bertso Saioaren lanketa egitea errazagoa izan da, izan ere, arratsaldetan saioa luzeagoak dira, eta kultur etxean egiten ditugu, gainera. 
Guztira antzerki eskolako 28 ikaslek hartuko dute parte. LH 5-6 mailako bi taldek hiru esketx egingo dituzte. DBH 1-2 mailako hogei ikasle ere aritu dira, eta hauek bi esketx eskainiko dituzte. 

Baina gaztetxoen bi taldez gain, helduek hirugarren talde  bat ere arituko da taula gainean, eta oker ez banago talde osoak hartuko du parte. Beldur apur bat ere ematen dit gazte guztiak kontrolatzea, baino oso erronka polita da. 
Nik gehienez, hamabost ikasleren parte hartzea espero nuen, eta begira, ia bikoitza, hogeita hamar arituko dira. Oso gustura nago egiten ari diren lanarekin.

Bertsoak bat batekotasuna du oinarri. Antzerkiak, ordea, behar du aurretiazko prestaketa bat. Nola uztartuko dira? 
Antzerkiaren aurpegi ezberdinak erakusten saiatuko gara. Gaztetxoenen hiru esketxak, komediatik joango dira. Esketx komiko antzekoak egingo dituzte eta horren aurrean, bertsolariak ikusten duenaren arabera bota beharko du bertsoa.

Beraiek ari dira guztia sortzen, euren esku uzten ari gara dena. Oso ondo etorriko zaie publiko aurrean aritzeko saio hau, batez ere dagoen lan guztiaz jabetzeko, horrelako lan batean parte hartzea tontakeria bat ez dela jabetzeko.

DBHko taldeak hitza baino mimika gehiago erabiliko dute. Bi ariketa ezberdinetan jardungo dira; lehena inprobisaketa prestatu bat izango da, eta gorenean daudenean, isildu egingo dira antzezleak; bertsolariek eman beharko diote amaiera. Bigarren ariketa, aldiz, mimika hutsean egingo duten arren, errimarekin bat etorriko diren hitz solte batzuk erabiliko dituzte. Bertsolariek hitz horiek erabili beharko dituzte gero bertsoa osatzeko.

Helduenek, berriz, kartzelako ariketa ekarriko dute oholtzara. Hiru bertsolariak banan-banan agertuko dira ezenatokira. Antzezleek euren obraren zati berbera erakutsiko diote bertsolari bakoitzari, eta horiek ikusi edo interpretatu dutenari jarriko diote bertsoa. 

Zer suposatzen du gaztetxoentzat erreferente diren hiru bertsolarirekin taula gainean aritzeak?
Ba pentsa, telebistan edota egunerokoan bolo-bolo dabiltzan hiru bertsolarirekin jarduteak zer suposatzen duen beraientzat; oso hunkituta daude.

Entsegu bakoitzeko lehen ordu erdia hamabostaldia prestatzeko erabiltzen dugu, eta gainerako tartea Udaberriko Bertso Saioa lantzeko. Horrekin hasten garenean, oso serio hartzen dute, konturatzen baitira saioak duen garrantziaz.  Erronka gisa jaso dugu guztiok. Hiru aste barru Kukukaren hamabostaldia dugu, eta hori gertu izanda, nerbioak antzematen dira. Baina oso lan ona egiten ari dira bi saioen entseguak uztartzeko.

Zein gai landuko diren aurreratzerik bai?
Ezin dugu gauza handirik aurreratu, baina egunerokotasunean ematen diren gaiak aterako dira taula gainean.

Nork sortu ditu taularatuko dituzuen obrak? 
Martin Anso eta biok ari gara gaztetxoen taldeekin lanean, baina beraiek ari dira guztia lantzen. Udaberriko Bertso Saioan parte hartzeko proposamena jaso genuela esan genienean, izugarri motibatu ziren. Guk gaiak proposatu genizkien, eta horrekin antzezleek proposamenak ekarri zituzten. Ikasgela berdinekoak direnez, elkarren artean komentatuta, proposamenak ekarri zizkiguten, bost edo hamar minutu eman genizkien buruan zutena prestatzeko, eta hortik moldaketak egiten hasi ginen.

Oso gustura gaude egiten ari diren lanarekin; beraiei ere oso ondo etorriko zaie horrelako saio batean parte hartzea.