Orain hiru urte itsasoratu zen lehenengoz traineru batean Andrea Martin (Avila, Espainia, 1981) arraunlaria. Orduz geroztik, gogor entrenatuz eta eguneroko bizitzarekin uztartuz, goi mailan lehiatzera iritsi da. Ez zen saiorik errazena izan igandekoa Orioko arraunlariarentzat, ezta bere taldearentzat ere; itsasoa zakar egon zen oso, eta horrek ondorioak izan bazituen ere, balorazio positiboa eginaz amaitu dute denboraldia Hirugarren gelditu dira ligan, eta bosgarren Kontxan.
Avilan jaioa zara. Nola sortu zitzaizun arraunean aritzeko gogoa?
Euskal Herrira iritsi nintzenean, Zumaian egon nintzen bizitzen. Bertan ikusi nituen emakume eta gizonak arraunean, eta jakin mina piztu zitzaidan. Olarru Egun bat iritsi, eta batel proban parte hartzeko aukera izan nuen. Ordutik, arraunarekin kontaktuan jartzeko gogoa sentitu nuen.
Lasarte-Oriara etorri nintzen gero, eta nire bikotekidea Orio arraun elkarteko zale amorratua da. Nire gogoei bere animoak gehituta, arraun elkartera joan eta arraun egiteko zer egin nezakeen galdetu nuen. Kirolik egiten nuen galdetu zidaten, eta korrika ibiltzen nintzen orduan. Orduko entrenatzaileak froga bat egin zidan, eta aurrera jarraitzeko aukera eman zidaten.
Baina une horretan ezin izan zenuen Orion aritu.
Ez. Urte horretan jende gehiegi zegoen Orion, eta Hibaikan arraunlariak behar zituztenez, bertan egin nuen denboraldia.
Handik urtebetera, berriz, Hibakan hasi nuen denboraldia, baina entrenatzaile aldaketa egon zen Orion; Santi Zabaleta sartu zen elkartean, eta Oriora aldatu nintzen. Ni bezalako hasiberri batentzat oso irakasle ona izan da; esperientzia handia du, eta izugarri ikasi dut berarekin.
Senitarteko eta lagunek zer diote?
Erotuta nagoela esaten didate. Arraunari eskaini beharreko denbora medio, ezin dut herrira, senitartekoak ezta lagunak bisitatzera joan ere. Eurak etortzen dira ni hona bisitatzera. Gogorra da familiarentzako, mugatuta nago eurekin edozer egiteko. Pazientzia handia eduki behar da.
Eliteko kirolaria izanda, zaila izango da kirola eta bizitza pertsonala uztartzea, ezta?
Bai, nahiko zaila. Bizitza soziala ere desagertu egiten da, beste erritmo batean bizi gara, eta jendea aspertu egiten da horrekin, ezin dute erritmo horretara egokitu; arraunean hasi nintzenetik, ni egokitu behar izan naiz ingurukoen egunerokora.
Nik ingurukoekiko laguntza eta babes handia dudalako moldatzen naiz hain ondo, baina hori gabe, ezinezkoa litzateke.
Arraunetik zerk erakartzen zaitu gehien?
Arrauna egitea asko gustatzen zait, baina talde guztia batera, helburu berdinaren bila elkarrekin joatea da gehien gustatzen zaidana. Azken finean, helburu berbera bat lortzeko elkarrekin egiten dugu lan, denok batera, erabat sinkronizatuta gaude, eta hori oso polita da.
Igandeko itsasora ateratzeko inoiz baino beharrezkoa izango zen talde lana, ezta?
Bai, hala da. Igandeko itsaso zakarraren aurrean, denok elkarrekin batera egin behar izan genien aurre olatuei; babestuta sentitzen zara. Hamalau goaz, baina bat izango bagina bezala. Talde sentimendua oso polita da. Aurten oso talde polita izan dugu, eta gogorra izan arren, jarraitzeko indarra ematen du. Denak helburu berberaren bila joango ez bagina, ez luke zentzurik izango.
Bigarren aldia da Kontxako Banderan lehiatzen duzula?
Lehengo urtean, Kontxako Bandera jokatzeko sailkapenean parte hartu nuen bakarrik. Aurten, ordea, Kontxako Banderaren bi igandeetan egin dut arraun.
Eta zein sentsazio izan dituzu?
Izan nitzakeen sentsazio guztiak izan ditut, baina, batez ere, itsasoarekiko errespetu handia sentitu dut. Itsaso zakarrera ateratzen nintzen lehen aldia zen; entrenamenduetan, itsasoa oso zakar dagoenean, ez gara itsasoratzen. Igandeko egoeraren aurrean, ez nekien zer sentitu ahal izango nuen.
Zer suposatzen du zuretzat Kontxako Banderan lehiatzeak?
Arraunlari batek parte har dezakeen arraun probarik handiena da Kontxako bandera. Azken finean, Kontxako Banderan arraun egiteko aukera izateak, urte guztiko lana ondo egin duzula esan nahi du, entrenatzaileak finkatutako helburuetara heldu zara, eta urte guztiko lanaren trukean jaso daitekeen saririk onena da.
Denok oroituko dugu aurtengo Donostiako lehia bigarren igandeagatik. Nola bizi izan zenuen?
Urduritasun handiz. Ez genekien arraun egin ahal izango genuen edo ez. Gogoratzen dut taldeko furgoneta barruan zain egon ginela, lehiaketa mantenduko zela jakinarazi ziguten arte; janzteko eta itsasoratzeko agindua eman ziguten arte. Urduritasun handiz bizitzen dira une horiek, kontzentrazioa ere beharrezkoa da probaren aurretik, eta igandeko egoerak hori zertxobait zaildu zuen.
Eta lehia mantenduko zela baieztatu zuten unean?
Ausart sentitu nintzen. Egoeran gehiago pentsatu gabe atera ginen arraun egitera. Inork ez zuen planteatu ere egin zegoen itsaso zakarrarekin ez zuela arraunik egin nahi. Izan genitzazkeen ondorio guztiekin atera ginen arraun egitera.
Ontziak nola prestatzen dira ur zakarrerako?
Itsaso barearekin arraun egiten dugunean jartzen ez zaizkion gehigarri guztiak jartzen zaizkio horrelako itsaso zakarrarekin. Azken finean, ura traineruan sartzea ekiditeko gehigarriak dira; olatuek horien aurka jotzen dute, eta itsasontzian sartzea ekiditen dute.
Nola aldatzen da arraun egiteko modua itsaso zakarrarekin?
Itsaso barearekin har daitekeen azkartasuna ezin daiteke hartu itsaso zakarrarekin. Itsasoak ez du onartzen 30 paladatik gora hartzea. Itsaso ona dagoenean, berriz, 36 palada hartzen ditugu normalean. Arraunaldia ere oso ondo amaitu behar da, teknika eta kontzentrazio handiagoa eskatzen du itsaso zakarrak.