Andoni Loinaz : "Murriztu ez, zabaldu egin behar da autobus zerbitzua"

Adrian Garcia 2017ko aza. 24a, 10:50
Aldundiaren aurreproiektua "zentzugabea" dela salatu dute TSSTko langileek. Halere, uste dute geldiarazteko aukera badagoela. "Horrela ateratzen bada, berez eroriko da"

TSSTko langileak kezkaturik daude. Kexu dira oraingo lan baldintzez, egokiak ez direlakoan. Eta horiek konpondu beharrean,  uste dute Gipuzkoako Aldundiaren autobus zerbitzuaren aurreproiektuak are gehiago estutuko dituela. Andoni Loinaz TSSTko langile batzordeko kideak proiektuak ekarriko dituen murrizketak azaldu dizkio Txintxarri-ri: Lasarte-Oriatik ospitaleetarako linea %46 murriztuko dute; Lasarte-Oriatik Donostiara %25;  Amarara %25; Andoainera %25;  Hernanira %46; eta Tolosara %50. "Urtean 800.000 kilometro gutxiago dira". 

Hasiera batean urtarrilean jarri nahi zuten indarrean aurreproiektua. Gerora esan du Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak maiatza arte ezingo dela indarrean jarri. 

Helegiteak jartzeko epea hamabost egun atzeratu  zuten. Epeak errespetatu izan balituzte ere, urtarrilerako zaila lukete  aurrera eramatea, saltsa handia sortu da eta. Nire irudipena da luzerako joko duela. Udara baino lehenago oso zaila da martxan jartzea. 

Hiru enpresak kudeatzen dute Buruntzaldeko autobus zerbitzua, baina kontzesio batean bildu nahi du dena aldundiak.  

Orain hiru enpresa daude: Areizaga zeneko parte bat, Garayar eta TSST. Diputazioak Buruntzaldeko zerbitzu guztiak enpresa baten esku utzi nahi  ditu. Aurreko txandan EH Bilduk atera zuenean, enpresen arteko aldi baterako enpresa bat sortu zuten. Orain ez dakit nola egingo duten, baina enpresa bakarra sortuko da. 

Diputazioak dio 30 urtetan ez dela berritu kontzesioa, eta beharra badagoela. Horrela ikusten duzue zuek?

Aspaldi iraungita dago kontzesioa, urte hauetan guztietan luzapenak egin dituzte, bata bestearen atzetik. Duela lau urte atera zuten kontzesioa, baina helegitea jarri eta atzera bota zuten. Orain ari dira berriro. Kontzesioa berritu edo ez, guk horri ez diogu arreta jartzen. Guretzat , langile eta erabiltzaile moduan, garrantzitsuena da lan baldintzak, denborak, maiztasunak eta  zerbitzuak hobetzea. Kontzesioak hori ekartzen badu, primeran. Baina orain arte ikusi dugunak ez du hori erakusten, kontrakoa baizik: atzeraka goaz, karramarroak bezala. 

Kontzesioa berritzeko sektorearekin harremanetan jarri al da aldundia? 

Ez da inorekin bildu. Eta ez sektorearekin bakarrik. Ikusita eskualdeko udalek nola erreakzionatu duten [helegiteak jarri dituzte guztiek], ez dira haiekin bildu ere egin.  

Proiektua aurrera ateraz gero, kalkulatu duzue 30 bat langile kaleratuko dituztela.

Gutxienez 30 bat langile. Hiru enpresetatik TSST da langile gehien dituena, eta pentsatzekoa da gehienak gure artekoak izango direla. 

Garmendiak esan duenez, ez dira langileak kaleratuko. 

Ikusi behar dena da zer langile  subrogatuko dituzten. Zerbitzuen  murrizketa bat badago, ikusteko dago udaran sartu direnekin  edo ordezkapen luze bat egiten ari direnekin zer gertatzen den. Aurreproiektua ikusita, lanpostuak galduko dira. 

Hiru enpresak batzeak eragingo al die autobus gidarien lan baldintzei? 

Hori beste istorio bat da. Orain ez gara horretan sartuko, garaia iristean helduko diogu auzi horri. Indarrak batu behar ditugu orain. Erabiltzaileei eta langileei kalte izugarria egiten die proiektuak, eta batu egin behar dugu murrizketak gerarazteko. Gero zehaztuko dugu enpresaren eta langileen arteko lan harremana. Gainera, kontua ez da murrizketak geraraztea bakarrik. Zerbitzu publikoa  bermatzeko oraindik linea gehiago behar dira. 

Baina langileen lan baldintzak zuzenean eragiten diete erabiltzaileen segurtasunari.    

Bai, noski. Gidari batek puntu batetik bestera denbora jakin batean egin behar du, eta bueltan berdin. Orain bezala oso estuak badira ratioak eta maiztasunak, erabiltzaileari eragiten dio zuzenean. 

Aurreproiektua da oraindik, baina logika argia erakusten du: erabiltzaile gehien dagoen orduetan zerbitzua indartu, eta gainerakoetan murriztu.  

Marisol Garmendiak esaten du ez dela murrizketa, berrantolaketa baizik. Horrek ez dauka ez hankarik ez bururik. Lasartetik  Tolosara joateko orain ordu erdiro dago autobus bat, baina hori moldatu eta orduro jarri nahi dute bat. Hori ez da ordu gorien kontua; goizetik gauera murriztuko dute zerbitzua.  

Garmendiak dio linea batzuk gaindimensionatuak daudela.

Alderantziz. Lehertuta daude. Linea gehitxo ez, motz daude.  Egia da aldea dagoela ordutegiaren arabera. Baina gaueko hamarretan ere ibiltzen da jendea. Zer pentsatzen du Marisolek, beti goraino beteta joan behar duela autobusak? Zerbitzu publikoa da, jendea ari gara garraiatzen, ez fardoak. 

Erabiltzaileen partetik zer erantzun jaso duzue?

Oso kezkatuta daude, baina erantzun oso ona jaso dugu haien partetik.

Aukerarik ikusten al duzue aurreproiektua gerarazteko? 

Udalak, sindikatuak, langileak eta erabiltzaileak mobilizatu dira. Itxaropena beti dugu. Hau horrela ezin da atera, eta ateratzen bada, berez erori behar du. Aurreproiektua bere horretan indarrean jarriz gero, lehertu egin behar da dena. Orain estu bagabiltza, pentsa murrizketa gehiago egiten badituzte.