Ander Casado: "Gizarteak ez dizkie besteen eskubideak bermatzen"
Atzegi elkarteko gazte talde batekin aisiako boluntario gisa ari da lasarteoriarra orain hiru urte eta erdiaz geroztik. Gazteekin sortzen diren harremanak eta beste hainbat gai ekarri ditu gogora

Boluntariotzan badu esperientzia Ander Casado (Lasarte-Oria, 1995) herritarrak. Gazte atzerritar talde bati euskara irakasten aritu zen lehenik, eta udako kanpaldietan ere bizi izan ditu esperientzia bat baino gehiago. Orain hiru urte eta erdi Atzegiko (Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) boluntariotza probatzera animatu zen, eta bertan jarraitzen du oraindik ere. Gustura dabilela aitortu dio txintxarriri, eta esperientziaren berri eman dio.

Orain zenbat urte hasi zinen Atzegin boluntario gisa? 
Hiru urte eta erdi daramatzat Atzegin boluntario gisa.

Nola animatu zinen bertan hastera? Zerk bultzatuta?  
Down sindromea duen lagun bat daukagu, eta txikitatik ezagutu dugu errealitate hori. Horrela, lagun horren arreba eta nire arreba, Atzegin boluntario lanetan hasi ziren ni baino urtebete lehenago,  eta beraiek animatuta, udako oporraldi batzuetan parte hartu nuen lehenengoz Atzegin.

Lehenagotik beste esperientziaren bat edo bizi izan al duzu? 
Boluntario lanetan aritu naiz bai, baina beste esparruetan, ez aniztasun funtzionala duten pertsonekin. Gazte atzerritar talde bati euskara klaseak ematen aritu naiz elkarte batean.

Lasarte-Orian bada Atzegin aritzen den beste boluntariorik?
Bai. Zehazki Lasarte-Oriatik zenbat ari garen Atzegin ez dakit, baina nire inguruan lau pertsona gutxienez badabiltza.

Nolako esperientzia da Atzegiko boluntario izatearena?
Engantxatu egiten zaituen esperientzia da Atzegiko boluntario izatea. Lehenengo aldiz probatzera joan eta lehen esperientzia hori bizi ondoren, gehiagorako gogoz amaitzen duzu. Udarako oporraldia izaten da Atzegirekin lehen esperientzia bat bizitzeko aukera, eta normalean, gehiagorako gogoz amaitzen denez, hortik aurrera hasten da asteroko, asteburu edo dena delako maiztasuneko boluntariotza. 
Oso esperientzia politak izaten dira, gazteak oso jatorrak dira eta askotan, guk ematen diegunarekin alderatuta, bueltatzen diguten guztia izugarria da.

Zein profil motarekin aritzen zarete? Gazteak, helduak…
Adin guztietako pertsonak biltzen dira Atzegin. Gu aisialdian aritzen garenez, gazteekin aritzen gara gehienetan, baina adin askotako pertsonak osatzen dugu Atzegi. Oporraldietan, berriz, adin guztietako parte hartzaileekin aritzea egokitu izan zait.
Larunbatetan ere taldetxo batekin aritzen naiz, eta horiek guztiak 18 urte baino gutxiago dituzte. Lasarte-Orian Atzegin aritzen diren sei gazte daude.
Taldeak egiterako orduan adina kontuan hartzen da, bai, baina izaeraren arabera egin ohi dira taldetxoak. Bakoitzaren gustuak-eta kontuan hartuz.

Nolako harremanak sortzen dira horien eta boluntarioen artean?
Oso harreman politak sortzen dira. Beraiekin egon ostean, elkarrekin jarraitzeko gogoz bueltatzen gara etxera, eta edozein aitzakia nahikoa izaten da bereiekin elkartu eta edozer egiteko.
Maitasun asko eskaintzen digute. Norbait sentimendu aldetik hotzagoa bada ere, ematen diguten maitasunarekin naturalago sortzen da sentimenduen azaleratzea.
Beste edozeren aurretik, lagunak gara. Askotan begirale izatearen sentsazioa ere galdu egiten dugu. Oso harreman naturalak sortzen dira gure artean.

Eta pentsatzekoa da boluntario talde huts bat baino gehiago zaretela. Lagun talde bat osatzen al duzue?
Bai, sare antzeko bat sortzen da, eta Atzegiko ekintzetatik aparte elkartzen gara urtean zehar elkar ikusi eta gauza asko egiteko. 
Atzegiko partaideekin oso harreman politak eta estuak sortzen dira. Esaterako, Lasarte-Oriako partaideekin elkartu izan gara Atzegiko ekintzetatik kanpo eta egin izan ditugu elkarrekin hainbat gauza; herriko festetan atera izan gara, adibidez.

Zenbatero biltzen zarete?
Astero, larunbatero Txolarte izeneko programa bat eskaintzen da. Kuadrillen antzeko hamabost pertsonako taldetxoak dira Txolarteak, eta larunbat arratsaldetan elkartzen gara planak egiteko. Urtean zehar programazio bat zehazten da.
Asterokoaz gain, udaran, Aste Santutan eta Gabonetan oporretara joaten gara, eta horretaz gain urtean bi asteburutan irteerak egiten ditugu. Gazteek oso gustura parte hartzen dute normalean.

Zein da zehazki zure eginbeharra Atzegin? Zein plan egiten dituzue? Askotan pentsatu ohi dugu laguntza ematera doazela boluntarioak, ezta? Baina kanpainaren aurkezpenean adierazi zenuen zuek ez zoaztela gazte horiei laguntza ematera…
Atzegiko aisialdi alorreko begiralea naiz ni. Bakoitzak funtzionatzeko modu ezberdina dugu. Ni nire taldearekin elkartzen naiz, eta lagun artean egiten ditugu ekintzak. Boluntariotzaren okerreko pertzepzioa oso zabalduta dago: boluntarioak partaideei laguntza ematera goazela uste dute askok, eta nik ez dut uste hala denik. Eguneroko gauzak egiteko gaitasuna dute, eta hori ikustarazteko aukera eman behar zaie. Gauza horiek elkartrukatzeko gaude gu beraiekin.
Nire eginkizuna beraiekin igarotzen ditugun momentuez gozatzea da. Noski, momenturen batean boluntarioon laguntza behar badute, hor egongo gara, baina lagun moduan momentuak konpartitzea da gure eginkizuna.

Nola antolatzen zarete?
Txolarte bakoitzak koordinatzaile bat edo bi izaten ditu. Koordinatzaile horiek urteko programa egiten dute, eta Txolarte bakoitzaren arabera, programazio hori parte hartzaileekin partekatzen da. Aldaketaren bat egin nahi bada edo beste zerbait gehitu nahi bada badago aukera, baina hori taldearen arabera izaten da.
Normalean urte erdiko plangintza egiten da: urtarrilera arte bat, eta urtarriletik aurrera beste bat.

Boluntariotza lanak ere ezinbesteko konpromisoa dakar.
Bai, noski. Beste edozertarako behar den adina konpromiso eskatzen du boluntariotzak ere. 

Zer eskaintzen diezue boluntarioek gazteei, eta eurek zuei?
Guztia eskertzen digute. Gu askotan harrituta geratzen gara eskerrak ematen dizkigutenean. Ez lukete ezer eskertu behar, alderantziz, guk eskertu beharko genieke eurei. Egunerokotasunean keinu txikien bitartez beraiengandik jasotzen duguna izugarria da. Maitasuna adierazteko ez daukate inolako mugarik. Gu, ordea, hotzagoak gara horretan, ez dugu hain erraz gure maitasuna adierazten. Askoz gardenagoak dira, eta eskaintzen duguna baino mila aldiz gehiago jasotzen dugu bueltan.
Gaur egun gizarteak ez dizkie gainontzekook ditugun eskubideak bermatzen, eta horren aurrean, gertu sentitzen gaituztenoi dena ematen digute. Egun aldatzen ari da egoera, orain hogeita bost urte egoera  ezkutukoagoa bazen ere, egun lagunekin elkartzen dira, ekintzak egiten dituzte, beste edonoren gisara.

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Zubietako Udako Txokoak
    Zubietako Guraso Elkarteak udararako haur txokoak antolatuko ditu Zubietan, 2 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduak. Txokoetan parte hartzeko, uztailaren 27ra arte aurretiko izen emate epea zabalik dago. Interesatuek zubietatxoko@gmail.com helbidera idatzi edo 649659786 telefonora dei dezakete.
  • Biyak bat elkarteko gizonen ileapaindegia martxan
    Biyak Bat elkarteak jakinarazten du, gizonezko ileapaindegi zerbitzua martxan dela. Ileapaindegiaren ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara.
  • Aterpea 25. urteurreneko afaria
    Aterpea Merkatari elkarteak 25. urteurrena ospatzen ari da. Ospakizunen artean, maiatzaren 19an, afaria antolatu du Maialen Chourraut kiroldegian. Ostean, dantzaldia izango da, Ibai Berriak taldeak girotua. Tiketak 40 euro balio ditu eta maiatzaren 12ra arte izango dira salgai elkarteko dendetan.
  • Galizia eta Portugalera bidaia
    Biyak Bat elkarteak bidaia antolatu du Galizia eta Portugaleko iparraldera, maiatzaren 27tik ekainaren 5ra. Elkarteko bazkideek 530 euro ordaindu behar dituzte; bazkideak ez direnek, berriz, 580 euro. Izena ematea elkarteko bulegoan egin behar da astelehenetik ostiralera 10:30etik 12:30era.
ZORION AGURRAK
MARA
Zorionak maitia zure 4. urtebetetzean! Ondo pasa zure egunean! Maite zaitugu! Familia guztiaren partez.
AZKEN PDFa
1418 ( Apirilak 20 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Larunbata)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Urbistondo ( Igandea )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Astelehena )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Asteartea )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Asteazkena )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Urbistondo ( Osteguna )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gil ( Ostirala )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48