Gaztetxotatik sentitu zuen Amaia Lopez Zurutuzak (Lasarte-Oria, 1984) balleta dantzatzeko grina. Adin nagusitasuna betetzearekin batera, Madrilera joan zen dantzarekin jarraitzeko gogoz, eta egun, Alemanian bizi da; goi errendimenduko dantza eskola bateko irakasle da bertan.
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen iragan asteburuan, herrian eta dantzaren inguruan galdetu nahi izan dio Txintxarrik, Lopezi.
Gaztetxotan, Lasarte-Orian bertan abiatu zenuen zure dantzari ibilbidea?
Txikia nintzenean, euskal dantzaz gain, ez zegoen beste diziplinarik ikasteko aukeratik, Lasarte-Orian, eta nik, balleta egin nahi nuen.
Amak jakin zuen orduan, herriko bi neska Donostiako eskola batera joaten zirela balleta ikastera. Horrela, haiekin harremanetan jarri eta 5 urte nituela hasi nintzen balleta ikasten, Donostian.
Zein dantza estilorekin eman zenituen zure lehen dantzari urratsak?
Dantza klasikoarekin hasi nintzen. 'Royal Academy of London'-eko eskola sistema jarraitzen genuen, eta 2 urtetik behin, Londresetik etortzen ziren bertan ikasten ari ginenoi frogak egitera; horiek gainditu ezkero, diploma jasotzen genuen.
Hasieran, dantza klasikoa bakarrik lantzen genuen, baina denbora gutxira karakterreko dantzak (ekialdeko herrien folklorea) ikasten hasi nintzen; azterketaren parte ziren.
Guzti honen aurretik, ikastolan, 5 edo 6 urte nituela, euskal dantzak ikasten aritu nintzen urtebetez, baina ez nuen oso gustoko izan eta utzi egin nuen.
Txiki-txikitatik sentitu zenuen orduan dantzan aritzeko gogoa?
Amak kontatzen didanez 3 urte nituela ikusi nuen, lehen aldiz, ballet-klasikoa telebistan. Liluratuta geratu omen nintzen eta amari, handitan telebistako dantzaria bezalakoa izango nintzela esan omen nion. Amak esandakoaren arabera, balleta ikasi nahi nuela etenik gabe, esan eta esan aritu omen nintzen, dantza hori ikasi nezakeen lekua aurkitu zuten arte.
Amak uste zuen pasako zitzaidala, ume kontuak zirela, baina ez, oso kaskagorra nintzen eta oso ziur nengoen zer nahi nuen bizitzan. Egia esan nahi hori ez zitzaidan inoiz desagertu; argi izan dut beti balleta dantzatu nahi nuela.
Zer da zuretzat dantza?
Zer den niretzat dantza? Uf, zaila da niretzat galdera horri erantzuna ematea. Hitz bakarrean adierazi beharko banu, niretzat dantza dena dela esango nuke.
Dantza gauza asko dira batera, baina batez ere, bizimodu bat, adierazteko bide bat eta sentitzeko modu bat; ez dut nire bizitza dantzarik gabe imajinatzen.
Honaino iristeko bidea oso zaila izan da noski, momentu txar ugari pasa ditut, baina ez naiz damutzen; behin eta berriro egingo nuke. Dantza egitean sentitzen dudana ez dut, bizitzan, beste ezerekin sentitu. Sentsazio oso berezia da, oso zaila hitzez adierazten, bizitu beharra dago zer den jakiteko.
Lasarte-Oriatik Alemaniara joan zinen bizitzera eta bertan bizi zara orain. Zenbat urte daramatzazu han? Dantzagatik joan zinen hara?
Bai, Berlinen bizi naiz orain. 4 urte beteko ditut udan, bertan bizi naizela, eta aurretik, 2 urte pasa nituen Chemnitz-en, bertako dantza konpainia batean.
2011ean audizioa egitera etorri nintzen Chemnintz-era eta kontratua eskeini zidaten; orduaz geroztik Alemanian bizi naiz. 2 urte haietan Chemnitz-eko dantza konpainia batean dantzan aritu ostean, zuzendari aldaketa gertatu zen, eta zetorren berriarekin ez nuen lan egin nahi; ez nuen bere lana gustoko, eta nere bikotekidearekin batera, Berlinera etortzea erabaki genuen freelance dantzari moduan lan egiteko.
Horrela, urtebete igaro nuen freelance gisa dantzaren munduan, lanean, Berlineko Deutsche Oper-eko produkzio ezberdinetan, eta beste konpaini bateko dantza proiektu batean ere.
Horrekin batera, Audizio gehiago ere egin nituen, baina ez nuen lortu beste konpainia batera sartzea, eta freelance bezela bizitzea zaila denez, utzi egin behar izan nuen.
Eta gaur egun, dantzaz bizi zara bertan?
Bai. Erabaki haren ostean, dantza klaseak ematen hasi nintzen errendimendu altuko gimnasia erritmikoko zentru batean, eta gaur egun ere beraiekin ari naiz lanean. Uda honetan 2 urte beteko dira irakasle lanetan hasi nintzenetik.
Eta zein da zehazki zure lana bertan?
Beraien balleteko irakaslea naiz, baina koreografiak ere egiten ditut, izan ere, batzuetan ikuskizunak egiten dituzte, eta horiek prestatzen aritzen naiz.
Hontaz gain, gimnasiako entrenatzaile lizentzia atera dut. Kiroleko eskola berezi batetara joaten dira, non kirol ezberdinak eskolarekin batera egiten diren.
Zaila al da Euskal Herrian dantzaz bizitzea?
Ba egia esan ez dakit egoera nola dagoen momentu honetan, baina pentsatzen dut ez dela gehiegi aldatu izan ni joan nintzenetik.
Nire garaian ez zegoen aukera gehiegirik. Ikasteko kanpora joan behar zen, maila altua lortu nahi bazen behintzat.
Orain badakit Dantzaz Gazte dantza taldea dagoela, hasteko behintzat bada zerbait, baina hortaz gain, konpaini txiki batzuk egon badauden arren, ez da nahikoa hainbeste dantzarirentzako. Agian, irakasle moduan, klaseak emanaz aukera gehiago egon litezke, baina ez nago ziur.
Zein onura ditu dantzan aritzeak gizakiarentzako?
Dantza arimaren medizina dela esango nuke; gure baitan dago.
Gizakiak betidanik egin du dantza, herrialde guztietan. Mundu osoan dantza kulturaren eta gizakiaren parte da, tribu primitiboenetan ere dantza gizakien bizitzaren zati garrantzitsu bat da, festak, erritualak...dantzarekin eta musikarekin ospatzen dira.
Dantzak ondo sentiarazten zaitu,endorfinak botatzen ditu gorputzak eta ariketa bikaina da. Mundu guztiari gomendatuko nioke egunero dantza piska bat egitera, etxean bertan, gustoko musikarekin, alaitu egiten baitu.
Agian dantzari bezela pentsatzen dudalako ari naiz erreflexio hauek egiten, baina benetan ala dela pentsatzen dut.
Zein ezaugarri behar ditu izan dantzariak?
Gogoa, indarra, pazientzia izan behar du dantzariak eta langilea izatea ere beharrezkoa da.
Gorpuzkera ere garrantzitsua da, noski. Gorputz osasuntsu bat beharrezkoa da, kirol guztietan bezala.
Dantza estiloaren arabera ezaugarri ezberdinak behar ditu izan danztariak.
Klasikoan eta neo klasikoan argalagoak nahi izaten dituzte, estetika kontu bat izatez gain, dantza-bikoteak airean errazago altxa ahal izateko. Hortaz gain, beso eta hanka luzeak eta elastizitatea ere kontuan hartzen diren ezaugarrietako batzuk dira.
Garaikidean, berriz, gorputz ezaugarriei dagokienean, irekiagoa da. Gorpuzkera mota gehiago onartzen dira, ezaugarri horiek baino gehiago, beste batzuk baitira garrantzitsuagoak: mugimendua, lurreko lana eta akrobaziak, besteak beste.
Azkenik dantzarako oso garrantzitsua den beste ezaugarri bat ere badago: adierazpena. Ez dugu ahaztu behar zerbait adierazteko dantzatzen dela, ez oinak edo gorputz polit bat erakusteko, ezta teknika ona erakusteko ere. Ikusleentzako dantzatzen da, zerbait adierazteko eta sentiarazteko. Izan dantza estilo bat edo beste, jendearen sentipenak mugiarazteko helburuarekin egiten da dantza; garrantzitsuena mezua trasmititzea da.
Ba al duzu bereziki gogoan gordetzen duzun emanaldirik?
Bai, emanaldi bakarra, baina bereziena niretzat, Chemnitz-en dantzatu genuen koreografi bat izan da. 'Netherlands dans Theater' konpainia ospetsuko dantzari bat etorri zen koreografia egitera. Asko disfrutatu nuen berarekin lan egin genuen hartan.
Egunero energiaz beteta etortzen zen eta asko ikasi genuen berarekin; ez teknikoki bakarrik, baizik eta bere koreografiaren bitartez adierazi nahi zuen guztia gure barrutik nola aterarazi zigun ere ikaskuntza izan zen guretzat. Oso esperientzi ederra izan zen, eta asko disfrutatu nuen dantzan.
Zein dantza estilo duzu gustukoen?
Neo klasikoa eta garaikidea baino fisikoa denean.
Dantza oso garaikidea denean eta antzerkiarekin nahastuta doanean, ez dut gustoko; dantza egon behar du, mugimendua, zentzuarekin, esan-nahiarekin.
Fisikoa behar du izan dantzak, ez kontzeptual modernoa ez da neretzat.
Dantza gustatzen zait, estilo ezberdinak gustatzen zaizkit, baina mugimendua egon behar da.
Zure dantzari ibilbidean, izan al duzu inoiz erreferentziazko dantzaririk?
Egia esan ez. Dantzari on asko izan dira eta horietatik izan ditut gustokoak, adibidez, Sylvie Guillem. Oso oso dantzari ona izan da, eta 50 urtereekin amaitu zuen bere dantzari ibilbidea. Klasikoarekin hasi eta garaikidearekin bukatu zuen. Hainbeste urte dantzan aritzea meritu handia da.