Amaia Gonzalez Caballero dantzariak Munduko dantza txapelketan lan ona egin arren, arantzatxoa kendu nahiko luke datorren urtean eta txapelketako garaile absolutuak izan.
Zenbat denbora da parte hartzen duzuela txapelketan?
Torremolinosen egiten den honetan zehazki, 1998.urtean izan ginen lehenengo aldiz. Kategorien arazoa edota lesioak medio, joan ez garen urteak izan dira. Iaz esaterako, nahiko lesio larria izan nuen nik eta ez ginen lehiatzera joan. Ikusle bezala joan nintzen eta gezurra dirudien arren, asko ikasi nuen.
Txapelketa orain arte Europa mailakoa zen.
Bai hori da, antolakuntzan aldaketak egon ziren eta iaztik Munduko dantza txapelketa izatera pasa zen. Orain izena 'MueBT' da eta lehen Europako txapelketa zen. Honetan parte hartzeko dantzari atzerritar askok errolda estatuko hiriren batean egiten zuten, senide edota lagunen baten etxean. Hau asko gertatzen zen adibidez Hego Ameriketako jendearekin baita Errusiarrekin ere. Hau dela eta antolakuntzak, txapelketa zabaldu eta Mundu mailako dantzariak hartzea erabaki zuen. Herrialde ezberdin gehiagotik iritsi dira aurten dantzariak, hala ere, maila guztiak hartuta, 900 bikote inguruk parte hartu dugu.
Zein kategoriatan lehiatu zarete? Zein dantza estilotan?
Jose Mari eta nire artean nahikoa adin tartea dago. Hau oztopoa izan da batzuetan. Azken urteetan 30-50 urte artekoen mailan lehiatzea egokitzen zitzaigun eta aurten ere hor sartu gaituzte. Oso adin tarte zabala da eta bikote gazteagoek badute nire ustez abantaila bat.
Hala ere, aurten, bikote kopuruagatik, kategoria berria sortu dute hainbat dantzetan 40-50 urte bitartekoa. Honetan erosoago sentitu gara. Bertan lehiatu ginen Bachata, Merengue eta Salsa dantzetan eta lehenengo saria eskuratu genuen. Cha-cha-chan, berriz, hirugarren saria eskuratu dugu. Dantza konbinatua delakoan, Vals-a, Tango eta Pasodoble-a dantzatu eta puntuatzen dira, 30-50 urtekoen mailan aritu ginen. Honetan Espainiako Txapelketako bigarren saria lortu genuen eta jarraian, Mundu mailakoan bigarren geratu ginen soilik bi punturen aldeagatik.
Pozik lortutako emaitzarekin?
Bai noski, lehenengo aldia da sei garaikur eskuratzen ditugula. 2015ean bost lortu genituen. 2016an parte hartu ez genuenez, aurten ez genekien oso ondo zer espero. Adinari dagokion kategoria zela eta, desanimatuta geunden baina azkenean oso ondo joan da.
Zergatik uste duzu lortu dituzuela sariak?
Txapelketara joaten diren bikote guztiek ondo dantzatzen dute, gainera gehienak dantzaren arloko profesionalak gara. Hala ere, egia da azken urteetan modan jarri dela akrobaziak edota mugimendu ikusgarriak egitea agertokian, eta nire ustez, horrek hainbat dantzaren esentzia galtzea eraman du. Gure estiloa oso tradizionala da. Dantza estilo bakoitzaren esentzia mantentzearen aldekoak gara eta hala jardun dugu. Momentu batzuetan bikoteek hainbeste akrobazia eginda, musika kenduta ezin zen jakin rock bat edo salsa bat dantzatzen ari ziren.
Epaileek nire ustez, estilo garbitasuna baloratu dute eta guretzat abantaila bat izan da.
Denbora luzea daramazue elkarrekin dantzatzen. Hori ere nabarituko da.
Bai urte asko dira elkarrekin eta begirada edo keinu batekin ulertzen gara. Txapelketa prestatzeko garaian, entsegu saioak egin ez arren, bakoitzak bere buruan hainbat ideia pilatzen ditu eta behin elkartuta, dena oso modu naturalean ateratzen zaigu.
Bestalde, daukagun konplizitatea txapelketan oso garrantzitsua da. Nahiz eta dantza prestatuta eraman, musika bertan zuzenekoa izaten da eta inoiz ez dugu jakiten zein pieza joko duten. Gainera, pieza hasita dagoenean hasi behar zara dantzatzen beraz, bikotea ezagutzea oinarrizkoa da egoerak irakurtzen jakiteko; noiz hasi biak batera etab. Berdina gertatzen da amaierarekin. Zuk oso amaiera polita prestatuta izan dezakezu baina hau ere noiz iritsiko den ez dakizunez, inprobisatzeko gaitasuna eduki behar duzu.
Mota honetako txapelketetan parte hartzea garrantzitsua da?
Bai, oso. Esan bezala, iaz ikustera joan nintzen soilik eta asko ikasi nuen. Lehiakide bezala ikusi nituen nahi gabe egiten diren akats pila eta aurten horiek ez egiteko lana egin dugu. Bestetik, dantza irakasleak izanda, halakoetan modan edota tendentzia izango diren dantza estiloak ikusteko balio du. Adibidez orain ‘bachata sensual’ delakoa dago modan eta hau iazko txapelketan nagusi izan zen zalantzarik gabe.
Sari asko dira dagoeneko eskuratutakoak. Zerbait falta al zaizue irabazteko?
Gure arantzatxoa da dantza konbinatuko lehenengo saria lortzea. Hau da txapelketako sari nagusiena eta aurten oso gertu geratu gara... Datorren urtera begira hori izango da gure helburua.
Sariak azkenean urtetako lan gogorraren aitortza dira eta harrotasunik gabe, oso gustura hartzen dira. Jose Mari nire dantza bikotea Azpeitikoa da eta bertan aitortza ekitalditxo bat prestatu digute. Polita da halakoak jasotzea baina niretzako nire ikasleen errespetua eta nire lorpenekin euren poztasuna ikustea izugarria da.