Amaia Gonzalez Caballero: “Begiradarekin ulertzen dugu elkar”

jon-altuna-egitegi 2015ko api. 13a, 11:30
Europako Txapeldun bat du herriak, Amaia Gonzalez Caballero. Torremolinosen, Jose Mari Orbegozo dantza-bikotekidearekin batera txapela jantzi du pasodoblean, bigarren izan dira salsan, hirugarren chachacha estiloan eta bosgarren konbinatuan. Orain, atseden hartuko du eta bere eskolarekin emanaldiak prestatzeko gordeko ditu indarrak. Aurten San Pedro festetako emanaldia "berritzailea" izan dadin nahi du, iazko agurra, Ruben Arranzekin batera dantzatutakoa, gogoan.

Zorionak martxoan Torremolinosen egindako Europako txapelketagatik. Espero zenuten halako emaitzarik?

Oso gustura gaude. 1.500 bikote ziren eta emaitzak bikainak izan dira. Exigentzia handia zegoen, Europa osoko dantzariekin. Errusiarrak izan dira agian aurkaririk zailenak.

Nola prestatzen dira halako lehiaketak?

Denok irabazi nahi izaten dugu, amateur oso onak daude eta profesionalak ere bai halako txapelketetan. 

Beste batzuek izena ematen dute ongi pasatzeko, soineko eder bat jarri eta asteburu pasa joaten dira, bidaiatzera. Hala ere, parte hartzen dugun gehienok irakasleak izaten gara. Inbertsio handia eskatzen du, klaseak alde batera uzten ditugu txapelketa hauetan aritzeko. Jakina, titulua lortuz gero zure eskolaren kurrikulumean jartzeko primerakoa da, baina ez da batere erraza. 

Jose Mari Orbegozo zure dantza-bikoteak eta zeuk egunero entseatzen duzue?

Urte osoan zehar batera dantzatzen dugu. Nonahi izaten ditugu hitzorduak. Gainera bera ere dantza irakaslea da eta klase mordoa edukitzen du, nik bezalaxe.

Dena den, txapelketetarako bi hilebete lehenago hasten gara entseatzen, koreografiak fintzen eta karga gehiago sartzen. Ez da batere erraza izaten, goizero 3-4 ordu eta gero klaseak ematen ditugu. 

Pentsatzen dut koreografiak asko lantzen direla... Inprobisaziorako badago tarterik?

Ez da inprobisatzen. Begira, zu txapelketa batera joaten zarenean, dakizuna modalitatea da, besterik ez. Musika ez dakizu zein izango den zehazki. Luzera bai, minutu eta erdi inguruko lanak izaten dira. Baina erritmoa, abiadura, kantua zein izango diren ez.

Zuk moldatu behar duzu kantura, pistan entzuten da lehenengo aldiz musika eta jakina, hor dantzarien talentua erakutsi behar da. Koreografia motz geratzen bazaizu luzatzeko gaitasuna izan behar duzu eta luzegi geratzen bazaizu, azken segundoetan zer edo zer inprobisatu behar izaten da nola edo hala. Inoiz ez dakizu noiz eta nola amaituko den dantza. Golpe batean, pixkanaka amaitzen den horietakoa izan daiteke, gutxien espero duzunean… Horretarako prest egon beharra dago. Amaiera da momenturik kritikoena guretzat.

Hasiera ere ez da erraza izaten, kantua hasita jartzen baitizute, eta konpasean sartu behar izaten baituzu. Oso entrenatuta gaude, urte asko daramatzagu eta halako mila egoeratan egonak gara, baina txapelketetako urduritasunak badakizu…

Dantza kirola da?

Kiroltasun handia dago dantzarion artean. Jendeak uste du traje flamenkoa eta zapatak jartzea eta gorputza pixka bat mugitzea dela dantza, jantzi polit batekin. Bai, ados, baina teknika hori ongi egiteko… Nik abdominalak oso landuta dauzkat, iraupen luzeko entrenamenduak ere egiten ditut, kirolarien gisan. Eskailerak igo, jaitsi, barran luzaketa ariketak egin malgutasuna lortzeko, belaunak indartu behar dira, bikiak… Ez da korrika egitea, ez dakit, kirola ere ez da, baina jendeak uste duena baino exigenteagoa da.  

Hemezortzi urtez Jose Mari azpeitiarrarekin bikote. Horrek ere lagunduko du Europako txapeldun izaten.

Begiradarekin ulertzen dugu elkar. Izugarri igartzen da. Bera momenturen batean galdu xamar sumatzen badut, badakit nola bideratu. Berak ni ikusten banau despistatuta, heldu eta berriro ekartzen nau eskenatokira eta koreografia zuzentzen dugu. Hori ez dago ezerekin ordaintzerik. Urteekin lortutako esperientzia da, lan asko dago atzean. 

Zer moduz herrian zure dantza eskolarekin?

Izugarri gustura nago. Ikasle asko dauzkat, Lasarte-Orian zaletasun handia dago. 19 urte daramatzat Lasarten, 96an hasi nintzen kultur etxean eta aretoko dantzak ematen, lehenengotarikoa izan nintzen. Gaur egun dantza latinoak oso modan daude, funtzionatzen du negozioak. 

Jaiotzez Grosekoa izan arren, Lasarten hasi nintzen eskolak ematen eta Donostian ere klaseak ematen ditudan arren, nire eskola Lasarte-Orian jarri nahi nuen. Donostian eskola asko daude eta herrian nire publikoa lortu dut, ez dut konpetentzia askorik, oso eskertuta nago.

Dantzan titulatua zara gainera, ikasketa horiek egin zenituen.

Bai, aretoko dantzak, flamenko eta sevillanetan. Andaluzian, Sevillako kontserbatorioan lortu nuen dantza espainiarreko titulua, Madrilen ere jaso nituen klaseak. Ez dakit Gipuzkoan beste norbait ikasketa horrekin egongo ote den.

Nondik eta noiztik datorkizu dantzarako zaletasuna?

Zazpi urterekin hasi nintzen. Txikitatik datorkit, nire gurasoek balletera apuntatu ninduten, dantza klasikoan. Aldi berean sevillanak dantzatzen nituen etxean hori entzuten genuelako, niri gustatzen zitzaidan sevillanak ikustea, grazia zeukaten eta kopiatuz hasi nintzen ikasten. 

Aretokoak 12 urterekin hasi nituen. Udararo Sevillara joaten nintzen, han etxea daukagu eta bide batez kontserbatoriora joateko aprobetxatzen genuen. Han hasi nintzen irakasle partikularrekin formatzen.

Handik Parisera bidaiatu nuen, aretoko dantzen irakasle izan nahi nuelako. Oinarri ona neraman, ikasle ona nintzen. Baina nik irakatsi egin nahi nuen, ongi irakatsi eta txikitan ikastetxean frantsesa ikasi nuenez… Frantziara joan nintzen. Gero Bartzelonara lekualdatu nintzen, gertutasunagatik.  

Madrilen ere badaukat beste irakasle bat ume nintzenetik, Toni Escartin du izena eta, nazioarteko koreografo onenetakoa da. Formazio handia dut, tituluek ematen dizute klaseak ondo emateko aukera. Eta urteetako praktikak, jakina.

Gainera leku guzti horietan egonda, kultura ezberdinetako gauzak txerta ditzakezu zure koreografietan. Aberasgarria, ezta?

Izugarri aberasten zaitu. Urte asko daramatzat ikasten, formatzen, hazten, rodatzen… Irakasle mordoa izan dut eta orain nik betetzen dut rol hori. Irakasteko asko jakin behar duzu. Ni saiatzen naiz nire eskolan aplikatzen.

Ez pentsa geldirik nagoenik, asteburuero dut kurtso edo kongresuren bat. Horietara joaten naizenean konturatzen naiz ze gutxi dakidan, zenbat geratzen zaidan ikasteko… Eta pentsa, umetan hasi nintzen eta orain 38 urte dauzkat.  

Eta etorkizunerako ze asmo? Ze proiektu daukazu esku artean?

Aurten ez gara txapelketa gehiagotara joango. Badaude autonomikoak, urtean zehar. Palentzia, Kordoba, Kantabriako txapelketak… Baina asteburu oso bat etxetik kanpo pasatzea garesti irteten da, joan-etorria, hotelak… Gertu daudenetara joaten saiatzen gara. Titulua garrantzitsua da, baina hainbeste dauzkazunean… Ez da ezinbestekoa. 

Gainera aurten aktuazioz blai gaude, grabazioak ETBn, San Pedroetako emanaldia, Jose Marik ere udara osoa Goierrin beteta dauka... Konpromiso piloa izaten dugu eta txapelketa batek baino esfortzu gehiago eskatzen dute. 

Batez ere San Pedro jaietako aktuazioa da gogorrena, 150 pertsonak hartzen dute parte. Guztien entseguak prestatu koordinatu, haur, heldu, ikasle, ikasle-ohi… Gizonak behar izaten ditut, bikoteak osatzeko. Bati deitu, besteari…

Lan asko dago atzean ezta?

Asko. Baina jendeak estimu handiz hartzen du. Iaz errekuperatu nuen, baina 2006an nahikoa zela erabaki nuen. Txikituta amaitu nuen mentalki eta fisikoki, ezin nuen gehiago. Iaz ez dakit nondik bildu nituen indarrak eta errekuperatu egin nuen saioa. Hainbeste gustatu zitzaien ikasleei, berriro eskatu didatela. 

Oso zorrotza naiz nire buruarekin. Ondo egindako gauzak gustatzen zaizkit. Lehendabizi, niretzako. Hiru hilabetez prestatzen dut egun bakarreko aktuazio hau. Ikasleentzat polita da urte osoko lana publikoki erakustea, eta ni bete egiten nau.