“Aktibo mantzea da helburua”

Nerea Eizagirre 2015ko eka. 25a, 13:50
Lasarte-Oriako jubilatuak aktiboak direla ezin ukatu. Gimnasia, yoga, mahai eta mugimendu jokoak... denetarik egiten dute eta beti herriko ekintzetan parte hartzeko edo laguntzeko prest agertzen dira. Horregatik Biyak Bat elkartea da aurten San Pedro Jaietako omenduetako bat.

1 968 urtean sortu zen Biyak Bat elkartea. Jubilatuak bildu eta ekintzak egiteko leku baten beharra zegoela ikusi zuen orduan, guraso talde batek.  

Lanean hasi eta hamar urte ostean, elkartea egoitza finkoa izatera iritsi zen.  1978ko urriaren 8an, elkartea gaur egun dagoen eraikinean, Kale Nagusian irekitzen zituen ateak.

Geroztik hainbat zuzendaritza izan dira lanean eta garai ezberdinak bizi izan dituzte. Baina beti helburu bakarra izan dute: herriko jubilatuek elkarleku bat izan eta bizitza aktibo eta osasun-tsua izan dezaten. 

Lan hori eskertuz, Lasarte-Oriako Udalak omendu du elkartea aurtengoan. Zuzendaritzako kideekin bildu gara elkartearen egoera zein den jakiteko. 

Biyak Bat elkarteko lagunak pozik agertzen dira Udalak egindako aitortzarekin. Exiquio lehendakaria eta Adela zuzendaritzako kidea joan ziren alkatearekin hitz egitera. “Honek azaldu zigun azken urteetan pertsonak beharrean taldeak edo elkarteak omentzen zituztela eta gu izatearen arrazoiak azaldu. Ongi hartu dugu omenduak izatea”.

Bazkide kopurua

Aerobik, lerroko dantzak, areto dantzak, yoga, kiroldegian egiten den gimnasia, abesbatza, pedikura, ileapaindegia, kiromasajista... hamaika ekintza eta zerbitzu daude Biyak Bat elkartean.

Asko dira elkarteko ekin-tzetan parte hartzen dutenak “jendea aktiboa da”. “Beste batzuk ez dute ezer egiten eta 85 urte baino gehiagoko talde handi bat dago ere”, adierazi dute.

Izan ere, egun 2500 baino gehiago bazkide dira elkartean. Zuzendaritzako bazkideek azaldu digutenez, “Bazkide asko dago kuota ordaindu eta elkartera etortzen ez dena. Beste batzuk hemen egunero gaude. Eta bada herrian urte osoan zehar bizi eta loteria eskuratzeko bakarrik agertzen dena”.

Baina haiek azaltzen duten bezala,  “Bakoitzak nahi duena egin dezake bertan. Guk aukerak ematen ditugu eta bakoitzak erabakitzen du zer egin”.

 “Jende asko ez da hona etortzen zahar usaina duela diotelako edo bestelako gauzak, baina ez da horrela...” Bazkide gazteenak 60 urte dituela azpimarratu dute.

Ekintza eta zerbitzuak

Aipatu legez, ekintza ugari antolatzen dituzte elkartean sasoian mantendu edo burua eragiteko. 

Irteerak ere izaten dituzte urtean zehar, Galizia eta Asturias aldean izan dira Biyak Bateko kideak azken hilabeteetan, baita Baztan eta Lizarra ere. 

Hitzaldi ugari ere izaten da, “hilabete honetan atsedena izan da, baina uztailean emakumeen zentroko kideek sexualitateari buruzkoa hitzaldia eskainiko dute”.

Honetaz gain, herrian egiten diren ibilaldi osasuntsuetan ere lanean ari dira. Biyak Bat elkarteko kideak ostiralero 11:00etan doaz ibiltzera. “Eguraldi ona egiten duenean kopurura jaitsi. Pena bat da ibilbide polita da eta. Bidegorri berria inauguratu dugu eta ibilbide oso ondo dago.

Eta herritik kanpo ere, beste jubilatu elkarteekin ere hartu emanak ditu Gipuzkoako elkarteak antolatzen dituen ekimenei edo abesbatzak egiten dituen elkartrukeei esker.

Honela, lehiaketa gastronomikoa, Altzan antolatzen den mahai eta mugimendu joko txapelketa edo lurraldeko ibilaldi neurtuan parte hartzen dute Biyak Bateko kideek.

Abesbatzari dagokionez, laster Ordiziara doa emanaldia eskaintzera.

Parte hartze handia

Ekintza hauetan guztietan, “parte hartzea handia da” eta 2014 urteko datuak ere eman dizkigute. Ekintzako 15 bat kide biltzen dira, “batzuetan askoz gehiago dira”; Zaharren omenaldian 355 bat pertsona parte hartu zuten; urrezko ezteietan 54 pertsona omendu ziren; Altzan egiten diren lehiaketetara 43 kide joan ziren; Azkorte eta maiatzaren leheneko ekintzetan 620 izan ziren; 520 kidek gozatu dute irteeraren batean; Santo Tomas egunean 550 bat kide bildu ziren. Iazko San Pedro Jaietako txapelketetan 400 bat kide lehiatu ziren eta lunchean 200 pertsona izan ziren. “Guztira 3.500 bat partaide, baina kontuan izan behar da pertsona batek ekintza askotan parte hartu ahal izan duela”. 

Aktiboak direla esan daiteke, baina ekintza batzuetan krisia antzematen dela ere azpimarratu dute. “Ez bakarrik gurean, inguruko herrietan ere gertatzen ari dela jakin dugu. Hemen irteeretan azken aldian zaila izaten ari da taldea osatzea. Ea hurrengoetara herritar eta bazkideak animatzen diren,” aipatu dute. 

San Pedroetan ere aktibo

Urte osoan zehar, hainbat ospakizun antolatzen ditu elkarteak eta San Pedro Jaietan ere parte hartzen dute kideek.

Batetik, San Pedro jaietako aurrekari modura egiten dituzten txapelketa eta erakustaldiak daude.

Musa, eskoba, tutea, rabinoa, seiak, damak, dominoa, igela, botea edo toka lehiaketak izaten dira eta arrakasta handia dute.  “Txapelketaren arabera jende gehiago edo gutxiago parte harten du. Jendea nahiko aktiboa da honetan”.

Eta irabazleek gaur egingo den saribanaketan jasoko dituzte haien sariak.

Era berean, gimnastika egiten duten kideek sasoian mantentzen direla erakusten dute kiroldegian egin ohi den ekitaldian.  

Abesbatzak atzo bere aletxoa jarri zuen eta Ama Brigitarren komentuan kontzertua eskaini zuen. Atsobakar Zahar egoitzan ere izango dira egun hauetan.

San Pedro jaien barruan, berriz, lerroko dantzen eta areto dantzen erakustaldia antolatu dute. 
Talde hauek ekainaren 28an, igandean, 10:30etik aurrera erritmoa zainetan dutela erakutsiko dute Okendo plazan.

Hau guztiaz gain, iaz arrakasta handia izan zuen txaranga ere aterako da aurten. San Pedro egunean, ekainaren 29an, arratsaldeko 19:00etan izango da hori. “Ia 20 urte atera gabe egon da txaranga hau eta iaz berreskuratu genuen. Jendea asko animatu zen parte hartzera eta aurten ere horrela izango dela uste dugu”. 

Eta noski, omendu bezala jai hasierako txupinean eta San Pedro egunean egingo den omenaldian izango dira. Azken ekitaldi honetan abesbatzak ere parte hartuko duela aurreratu digute.

Etorkizuna

Zuzendaritzak lanean jarraituko du elkarteko kide diren herriko jubilatuak aktibo mantentzeko. Izan ere, ekintza hauetaz gozatzeko elkarteko kide izan behar dela gogora ekartzen baitute. 
“Kartetan jokatzera, kafe bat hartzera, ezagunekin egotera... etorri daiteke jendea, taberna libre baita, baina beste guztirako bazkide izan behar da”. 

“Dirua ongi kudeatu behar dugu, bazkideen kuotak ditugu bakarrik. Egia da Udalak asko egiten duela gure alde. Lokala uzten digu eta argia eta garbiketa gastuak bere gain hartzen ditu eta ekintza puntual batzuetan laguntzatxo bat ematen du, San Pedro Jaietako txapelketen sarietarako. 

Baina ekintza eta zerbitzuen kudeaketa guk egin behar dugu. Ez dugu beste leku batzuetan bezala Udalaren diru laguntzarik. Orain laguntza bila gabiltza”. 

Hori dela eta, herriko jubilatuei elkartera hurbildu, bazkide egin eta ekintzetan parte hartzeko gonbita egiten diete. “Gazte jendeari elkartea martxan utzi behar diogu, haiek ere etorkizunean gauzak egiteko aukera izan dezaten”.