Aitor Zarzuelo: “Ausartak diren ikus-entzunekoak ditut gustuko”

martin-vicioso 2016ko api. 4a, 13:00
Ohiko gaietatik aldentzen diren filmak eta ikus-entzunekoak ditu gogoko Aitor Zarzuelo zuzendari gazte lasarteoriatarrak. Bere gustukoenen artean aipatu ditu Lars von Trier, Gaspar Noe edota Andrei Tarkovsky. Euskal Zine Bilkuran arrakastatsua izan zen 'Maitaleak' film laburra, eta zilarrezko antzarrarekin saritu zuten. Hainbat musika talderentzako bideoklipak egiten dihardu orain Mondragon Unibertsitateko ikus-entzuneko komunikazioko ikasle ohiak. Bere facebook orrialdean eta webgunean ikus daitezke horiek. Oskar Santos zuzendari bizkaitarrarekin ere ibili da lanean, uztailean estreinatuko duen 'Zipi y Zape y La Isla del Capitán' filmeko kamara laguntzailea izan baita.

Aitor Zarzuelo zine zuzendari gaztearen lehenengo film laburrak, 'Maitaleak' izenekoak, Lekeitioko Euskal Zine Bilerako Gazte 22 saria irabazi zuen. Bikote harreman ez konbentzional bat irudikatu du Zarzuelok. Bere bikotekidea beste pertsona batzuekin sexu harremanak edukitzen ikustea gustatzen zaio laburreko protagonistari. Gertuko norbait tartean sartzean, ordea, erlazioa aldrebestuko da. 

Proposamen ausarta egin du Zarzuelok. Aitortu duenez, bai irudian baita narratiban ere ezberdinak diren lanak egitea gustuko du. Horretaz eta gehiagoz egin dugu berba.

Nolatan aurkeztu zenuen “Maitaleak” Lekeitioko zine bileran?

Laburra egin ostean, mugitu beharra zegoen. Euskarazko lehiaketa izanda, aukera polita zela pentsatu genuen. Hala ere, beste leku askotan ere saiatu gara filma sartzen. Besteak beste, Santanderren eta Eibarko “Asier Errasti” film laburren jaialdian. 

Konfiantza emango zizun saria irabazteak.

Konfiantza baino gehiago, bultzadatxoa eman ninduela esango nuke. Dena den, oso argi daukat honekin jarraitu nahi dudala. Egia da saria jasotzeak zerbait ematen dizula. Harrera ere ona izan du eta ahalik eta gehien zabaltzeko aukera eman dit, eta horrek sortu dit poztasuna, batez ere.

Bikote ez konbentzionalen gaia jorratu duzu. Zer dela eta?

Ez konbentzionalak diren gauzetan interesa dut, egia esan. Unibertsitatean irakasgai baterako gidoia idatzi behar genuen, eta ez nuen nahi ohiko lan batean soilik geratzea. Interesgarria den zerbait egiteko asmoa nuen ikasgelatik haratago. 

Euskal laburgintzan eta zineman jorratu ez den gaia izanik, interesgarria suertatu zitzaidan. Gizartean ez ditugu jorratzen, eta zinemagintzan are gutxiago. Egiten ditudan lanetan gustuko dut arriskatzea, gauza ezberdinak bilatzea eta arauetatik haratagoko gaiak jorratzea. 

Aurretik egin dituzten istorioen edota landutako gaien moldaketak egitea ez dut gustuko.

Gutxi arriskatzen da euskal ekoizpenetan?

Ez dut uste gutxi arriskatzen denik, baina egia da gai batzuk ez direla landu. Halere, gero eta lan ez konbentzional gehiago ikus ditzakegu.

Nola ikusi duzu zure burua gidoilari/zuzendari/editore lanetan?

Azken batean fase ezberdinetan egiten diren lanak dira. Halere, egia da lan karga handia dela, eta proiektuko alor askotan egoteak perspektiba galtzera eraman zaitzakeela. 

Nabarmenduko nuke denboran luze egiten dela, eta horregatik ez ditudala faseak nahasten. Hori bai, hainbeste ordu proiektu berean lanean eman ondoren, zaila izaten da objektibitatez begiratzea  behin bukatzean.

Ze baliabide tekniko erabili zenuen grabaketan? 

Grabaketa egin nuenean ez neukan ekipo propiorik. Unibertsitateko materiala erabili genuen baita argazki zuzendariaren kamara ere.

Musika taldeekin ere egin duzu lan, bideoklipak eta zuzeneko grabaketak egiten.

Oso musika zalea naiz eta harreman estua dut harekin eta taldeekin. Halaber, bideoklipek erakartzen naute.

Momentu honetan musika bideotan lanean murgilduta nago gehienbat. Izan ere, film laburra niregandik atera behar den zerbait dela uste dut, ez baitut gogoa beste baten lana egokitzeko. Ateratzen zaidanean, aterako da, baina artean ez dut presarik izango.

Zergatik musika bideoak?

Bideoklipek beste joko batean aritzeko aukera ematen didate, beste modu batean lanean aritzeko eta esperimentatzeko. Esaterako, Meltdown taldearentzat bideoklip berri bat estreinatu berri dut. 

Askatasun handia ematen didate taldeek eta zentzu horretan nahi dudana egin dezaket. Nire estiloa aurkitzen eta definitzen laguntzen didate, eta beraz, momentu honetan egiten ditudan lanak bide horretan kokatu nahiko nituzke.

YouTube bezalako plataformek eta musika kontsumitzeko modu modernoek bideoklipari bultzada eman diote.

Bai. Bideoklipak zabaltzeko garaian plus bat ematen diote halako plataformek. Halaber, gaur egun ditugun baliabideek ahalbidetzen dute talde gehiagok ikus entzunekoak atera ahal izatea. Aurrekontu xumearekin oso gauza duinak egin daitezke gaur egun. Ideia da garrantzitsuena. 

Azken batean, asko kontsumitzen dugu bisualki gaur egun. 

Euskal zinemak arrakasta izan du azken urteetan. Zer nolako etorkizuna ikusten diozu?

Ez dut uste arrakasta puntuala izan denik. Bide onean egindako filmak iruditzen zaizkit ‘Amama’ edo ‘Loreak’. Etorkizunean gehiago etorriko direla uste dut. Agian ez dute urteroko arrakasta izango bi horiek bezala, baina pixkanaka maila handitzen joango garela uste dut, gauza berriak saiatzen eta formatu berriekin lan egiten. Beste herri batzuetan egiten diren filmak parez pare ikus ditzakegu.

Nola osatu duzu lanerako harreman sarea?

Zinemagintzako jendea ezagutzen joan naiz eta, ondorioz, harreman sarea osatzen. Platoetan aktore eta langile asko topatu ditut. Rodajetan ezagutu dudan jendearekin egin dut lan gehienbat orain arte.

Bereziki gustuko duzun zuzendari edo filmen bat?

Esaterako, Francis Ford Coppolaren “Apocalypse Now” edo Lars Von Trier-en “Antichrist”. Andrei Tarkovsky eta Gaspar Noe ere gustuko ditut. Ausartak eta ezberdinak diren filmak nahiago ditut. Narratiboki eta bisualki indartsuak izateaz gain, gai berriak lantzen dituztenak.