Aitor Gorosabel: "Ez dirudi abesti zahar batzuek zentzua galduko dutenik"
30 urte betetzear dago euskal taldea, baina artean Lasarte-Orian jo gabe dago. San Pedro gauean joko dute Okendon. Haien abestiek ez dute gaurkotasunik galdu

1988ko abuztuan, lau eibartar gaztek euren lehenengo kontzertua eskaini zuten Ondarruko gaztetxean. Egun hartatik 30 urte betetzear direla, gurean, Lasarte-Orian, izango ditugu ekainaren 30ean, San Pedro jaietako larunbatean. Punk estiloa nagusi zen garaian, metal abestiak euskaraz egiten hasi zen lehen taldea izan zen Su Ta Gar, eta, gaur egun, oraindik ere, euskarazko rock talde esanguratsuenetako bat izaten jarraitzen du. Aitor Gorosabel (kitarrajole eta abeslari) taldekidearekin izan da txintxarri, taldearen gaurkotasunari eta ibilbideari buruz hitz egiteko.

Udara heldu da eta Su Ta Gar jo eta ke ari da kontzertuak ematen.
Bai, nahiz eta ez gauden berezko birarik egiten ari. Kontzertuak, lotzen ditugun heinean, jakitera eman eta egiten ditugu. Dena den, egia da udaran martxa handiagoa izaten dela eta jotzeko aukera gehiago izaten ditugula. Azken asteotan, jada, batzuk izan ditugu; esaterako, Beasainen, Irunen, Tuteran eta Katalunian [azken biak elkarrizketa egiterako orduan egin gabe zituzten]. Hemendik aurrera, Lasarte-Orian jotzeaz gain, Euskal Herriko zenbait festatan jotzeko parada ere izango dugu.

Abuztuan 30 urte beteko dituzue taula gainean.
Eta urtemuga berezia baliatuta, zerbait berezia egin nahiko genuke. Ospakizun bira egitea da gure asmoa; egitea gustatuko litzaiguke, baina, egia esan, ez dugu ezer lotu oraindik. Abuztuan aretoak ez dira libre egoten, eta ez dakigu zein formatutan ospatuko ditugun 30 urte hauek. Halere, lotu ahala, jakinaraziko dugu.
Bestalde, datorren urteko udaberrian atera nahiko genuke disko berria. Beraz, horrekin, ateratzen zaizkigun kontzertuekin eta urtemugan egin genezakeenarekin badugu nahiko lan.

Azkeneko diskoarekin antzokietatik bira egin zenuten. Sorpresa bereziren bat gorde duzue disko berrirako?
Maitasunari Pasioa diskoarekin aurkezpen-bira berezia egiteko beharra sentitu genuen. Egindako beste lanekin alderatuta, antzokietara bideratzeko egokiagoa zen, eta, horregatik, formatu hori eman genion. Halaber, zaleek ere horrelako zerbait ikusteko gogoz zirela nabaritu genuen.
Datorren urtean kaleratuko dugun diskoak, berriz, betiko formatua izango du; indartsuagoa izango da, eta ohi bezala aurkeztuko dugu.

Gustora zaudete antzokietan emandako ikuskizunekin?
Pozik gaude, eta uste dut bira hau guretzat oso positiboa izan dela. Egia esan, ez genekien zer nolako formatua eman kontzertuei. Kanta lasaiagoak izanik, ikusleak jesarrita egon zitezkeela bururatu zitzaigun. Gehienbat, hortik atera zen modu berrian aurkezteko ideia. Zaila izan zen hasieran guretzat tokia zuten antzokiak topatzea, baina lehenengo data itxi eta berehala lortu genuen bira osatzea.

Zer moduzko harrera izan zuten kontzertuek?
Lehenengo kanta jotzeari ekin aurretik, ez genekien zer aterako zitzaigun. Jasotako txalo-zaparradak indarra eman zigun hurrengo kantetan, eta natural jo genuen kontzertua. Aurretik uste baino bereziagoak eta indartsuagoak izan ziren.
Gainera, aukera berezi hau baliatu genuen normalean jotzen ez ditugun zenbait abesti berreskuratzeko, hala nola, Gautxoria, Eskutitza eta balada moduko beste batzuk. Ohikoa baino protagonismo handiagoa eman genien pianoari eta kitarra akustikoei ere. Formatua lasaiagoa zirudien arren, oso kontzertu indartsuak izan ziren. Horrek nolabait harritu gintuen.

Zuentzako berezia izango zen hainbeste urteren ostean formatua aldatzea.
Bai, eta, aldi berean, uste dut jendeak oso era berezian jaso zuela. Gure betiko jarraitzale asko bertaratu ziren, eta ohiko kontzertuetan baino adin-nahasketa handiagoa nabaritu nuen. Gurasoak seme-alabekin joaten ziren, eta erdibideko asko ez bazeuden ere; polita izan zen publiko anitza ikusi ahal izatea. Normalean baino lehenago taulagaineratzeko aukera izan genuen –20:00ak aldean–, eta haurrak etorri ahal izan ziren. Izan ere, zenbait aretotan sartzerik ere ez dute.

Su Ta Garren kontzertuetan ohikoa da adin guztietako zaleak topatzea.
Duela gutxi Beasaingo jaietan jo genuen. Denetarik zegoen bertan: 16 urte inguruko nerabeak, 30 urteren bueltan daudenak eta zaharragoak ere. Egia da, plazetan batez ere, jende dezente biltzeko gaitasuna dugula oraindik ere. Halere, aretoetan ez da beti horrela gertatzen. Ordainpeko kontzertuak ikusteagatik, lehen baino ohitura gutxiago dago gaur egun. Halakoetan, publiko zaharragoa izaten dugu. Ekonomiak ere zerikusia izango zuen horretan. Izan ere, gazteek dirua gero eta gehiago neurtu behar badute, normala da plazan jotzera itxarotea.

Antzokiak, herriko festak, jaialdiak, aretoak… Formatu guztietan eskaini dituzue kontzertuak. Non aritu zarete erosoen?
Antzokietan, hasiera batean, ez genekien nola suertatuko ziren emanaldiak, baina oso eroso izan gara. Beldur ginen gure musika ozenegi ez ote zen aterako antzokietako akustika berezian. Oso berezia izan zen. Ez gaude ohituak abestien arteko tarte horretan isiluneak egitera, txalo gehiago egiten dute ikusleek… Jendeak antzokiari errespetu handiagoa dio, eta oholtza gainean hori nabari da. Dena den, eszenatoki bakoitzak baditu bere berezitasunak. Gaztetxeen berotasunean, eszenatoki handietan ikusleak zurekin badaude… denetan gozatzen dugu.

Hasi zarete lanean hurrengo diskoari begira?
Bai, duela gutxi hasi gara. Zerbait ezberdina egin izanak ere indarra eman digu lanean jarraitzeko, eta kanta berriak sortzeari ekin diogu. Dozena erdi inguru idatzi ditugu jadanik, nahiz eta horietako asko oraindik zirriborroak diren. Esan bezala, udaberrian kaleratzeko asmoa dugu. Tartea eskaintzen diogu, baina zuzenekoak alde batera utzi gabe.

Aldaketaren bat izango da uda honetako kontzertuetan?
Denbora dezente daramagu kanta-zerrenda berarekin lanean, eta baliteke datozen emanaldietan zertxobait aldatzea. Dena den, arestian aipatutako urtemuga-bira hori eginez gero, beste buelta bat emango genioke zerrendari. 

Estudioko hamaika disko egin ostean, kontzertuetako kanta-zerrenda hautatzea ez da erraza izango.
Saiatzen gara eroso sentiarazten gaituzten kantak jotzen. Badakigu, dena den, Mari-k edo Jo Ta Ke-k, adibidez, ondo funtzionatzen dutela, eta ezin ditugu bertatik kendu. Beste batzuk, berriz, sartu eta ateratzen ditugu kontzertuak joan eta kontzertuak etorri. Halere, ez dugu inoiz sekulako aldaketarik egiten. Abesti batzuk baztertuago geratu dira, bere garaian jo eta pixka bat hotz utzi gintuztelako. 
Agian, berreskuratuz gero, harrera beroa izan eta sorpresa polita jaso genezake. Pasa izan zaigu. Baina, oro har, horrela ibiltzen gara, kanta asko aldatu gabe. Zentzu horretan segurura jotzen dugu.
Bestalde, ez dakit nazioarteko taldeek nola egingo duten. Baina pentsatzen dut zerrenda finkoa edukitzeak segurtasuna ematen diola taldeari. Hartara, ideiak garbi izanda, emanaldi osoagoak ematen ditugu. 

Dena den, aspaldian jo gabeko abesti batzuk berreskuratu dituzue.
Bai, esaterako, Zure Aurrean Makurtzen Naiz antzokietako biran sartu genuen, eta gerora egindako kontzertuetan zerrendan mantendu dugu. Egia esan, pena ematen du Begira edo Geroaren Hazi Heziak kanpoan lagatzea, eta, horregatik, kenduz gero handik gutxira sartzen ditugu berriz. Gainera, disko berrietako abestiak ere ez ditugu baztertu nahi.

Diskoak grabatzeko prozesua aldatzen zoazte? 
Azkeneko diskoetako maketak lokalean landu ditut gehienbat, ordenagailuaren laguntzaz. Bere alde onak baditu, grabatzen zoazen heinean zenbait xehetasun finkatzeko aukera ematen dizulako. Halere, oraingoan nahiago izan dut, sortzeko orduan abiadurari gehiegi ez erreparatzea, lokalean edo etxean egin arren. Hau da, besteak beste, klaketak eta metronomoak aintzat hartu gabe idatzi ditut lehenengo zirriborroak. 
Egia esan, samur doa prozesua. Abestiarekin pozik egon behar dut lokalean aurkeztu aurretik. Gerora, kideek egindako lanarekin, kantek itxura osoagoa hartzen dute, zenbait aldaketa jasatean. Horrela lan egiteak on egin digula uste dut.

Su Ta Garrek hasieratik jorratu ditu gai sozial eta politikoak abestietan. Horietako askok gaurkotasun handia izaten jarraitzen dute. Etsigarria da?
Bai, bada etsigarria. Eta okerrena da Nazka bezalako kanta batzuk sortu genituen garai horretan gaur baino beldur gutxiago genuela. Bazirudien borroka armatuaren amaierarekin bat abesti batzuek zentzua galdu zezaketela, baina ikusi ahal denez, euskal gazteriak mehatxatuta jarraitzen du. Espainiar nazionalismoaren gorakada honekin, beldurra ematen du gai batzuk erabiltzea. Evaristo [La Polla Records eta Gatillazo taldeetako abeslaria] zigortu dute, eta rapero katalan batzuk kartzelan sartu nahi dituzte.
Azken finean, zenbait abesti jotzeak lehen baino beldur handiagoa ematen du, eta, horregatik, kanta horiek inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute. Eta, zorritxarrez, ez dirudi zentzua galduko dutenik. 

Nola ikusten duzu euskal musikaren eszena gaur egun? Zer somatzen duzu faltan eta zein indargune ikusten dizkiozu?
Oso anitza da, eta hori oso pozgarria da. Hau da, estiloei dagokienez, aniztasun handia dago. Era berean, maila handia dagoela esango nuke. Alde txarrak, berriz, betikoak. Merkatua ez da oso handia, kontzertuak antolatzea garesti ateratzen da… Bestalde, jendea erakartzeko indar handia duten taldeek ez dute arazorik aretoak betetzeko, baina ezagunak izanda indar gutxiago dutenek zaila dute aurrera ateratzea. Zer esanik ez, ezagunak ez direnek. Gaztetxoak ginenean edozein kontzertutara joaten ginen, eta gaur egun, agian, ez dago hainbesteko ohiturarik.
Talde gazteei kosta egiten zaie ateratzea, baina badira batzuk arrakasta izaten hasi direnak, Huntza edo Izaro, adibidez.

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Hernani bidea itxiko dute
    Aurrera doaz Zabaleta Berriko lanak. Jarraitzeko, ordea, Hernaniko bidea itxiko dute. Lanen zuzendariak Txintxarri-ri azaldu dionez, hurrengo astetik aurrera itxiko dute bide hori. Hain zuzen, Pepenea baserria eta Hernaniko muga bitartean egongo da itxita. Baimena eskatu dute dagoeneko udalean, eta jaso bezain pronto itxiko dute errepidea. Ondorioz, astelehenean edo, beranduenez, asteartean ezin izango da errepide hori erabili. Bide alternatiboak jakinarazteko seinaleak jarriko dituzte. Hilabete pare bat behintzat egongo da itxita. Lanetako zuzendariak azaldu duenez, baimena iraila bukaera arte eskatu dute, baina litekeena da lehenago amaitzea.
AZKEN PDFa
1430 ( Uztailak 20 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Orue ( Ostirala)
Jaizkibel plaza 2
Tel: 943 362652
ASTEA
    • Acha-Orbea ( Larunbata )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Acha-Orbea ( Igandea )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • De Miguel ( Astelehena )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Lasa ( Asteartea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteazkena )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Osteguna )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48