Ainara Altuna eta Miren Casado: "Garrantzitsua da istorioan sartzean irakurleak lortzen duen plazera"

maddi-noriega 2018ko urt. 19a, 13:00
Bizipenetatik abiatu eta haurrentzako ipuin bat argitaratu dute hiru sortzailek. Horietatik bi Lasarte-Oriakoak dira, eta egindako lanaren berri eman diote Txintxarri-ri

Bizipenak paperera eraman eta aspaldiko lagunak elkartu ditu Hor doa pilota! haurrentzako ipuinak. Boligrafoa hartu eta Koldo ilobarekin izandako bizipenak paperera eraman zituen Miren Casadok (1979, Lasarte-Oria) lehenik. Idatzitakoaren berri eman zion orduan bere lankide eta ipuineko idazle ere izan den Itziar Cardenasi, eta letrei ilustrazioa jartzeko gogoz, txikitako lagun Ainara Altunak (1979, Lasarte-Oria) jaso zuen proposamena. Hasierako ideiatik asko aldatu da azkenean argitaratu duten ipuina, baina gustura daude sortzaileak lortutako emaitzarekin.

Argitaletxeetako zenbait ate itxita topatu dituztela aitortu diote TXINTXARRI-ri, baina argitaratutako euren lehen lana autoekoizpen lana izatea sekulako irakaskuntza izan da. 

Orain  argitalpenaren fruitua jasotzen ari badira ere, badute beste elkarlanen bat eskuartean.  Baina printzipioz, behintzat,  ez dute ezer aurreratu nahi izan.

Nola sortu zen hiruon arteko elkarlana? 

Ainara Altuna: Miren eta biok txiki txikitako lagunak gara. Oso lagun onak, gainera. Bakoitzak bere bidean jarraitu dugu urte hauetan guztietan, eta Mirenek zerbait egiteko ideia bat zeukala esateko deitu zidan.

Miren Casado: Eskolan lanean ari nintzela, lankide berri batekin hizketan ari nintzela, galdetu zidan gustura zer egingo nukeen. "Jo, ba ipuin bat idatziko nuke gustura, aspaldi daukat ideia hori buruan…" Lankideak orduan, beste irakasle batek gauza bera esan ziola komentatu zidan, eta bazkal orduan gaiaz hitz egin nuen berarekin.

Ilustratzailea beharko genuela -eta eduki genitzakeen aukerei begira hasi ginen. Nik esan nion Itziarri txikitako lagun batekin [Ainararekin] elkartu nintzela, eta ipuintxo bat sortzeko ideiaz hizketan aritu ginela. Itxuraz Ainara ez zuen ezagutzen, baina gaiaz hizketan ari ginela, Itziarrek azoka batean erositako ilustrazio batzuen inguruan hasi zitzaidan hizketan, eta horien egilea Ainara zen. Ez genuen zalantzarik egin, eta hiruon arteko elkarlanari ekin genion. Oso kuriosoa izan zen.

Behin hirurak elkartu eta proiektuari hasiera emanda, nola lortzen da haurrentzako ipuin hau egitearen ideia? 

M.A.: Ipuin honen ideia sortua zegoen. Nik banuen zerbait idatzita, eta hori abiapuntutzat hartuta hasi genuen lan guztia. Idatzita zegoena gustatu zitzaien, eta horrekin lan egiten jarraitzea erabaki genuen. Sortuta zegoen ideiari forma ematen aritu gara, ilustrazioaren aldetik ere hitzak eta marrazkiak nola lotu pentsatu behar zen.

A.A.: Denbora dezente pasa genuen idatzita zegoen hasierako ideiari forma ematen. Urtebete baino gehiagoko lana izan da.

Ipuina orrialdeetan zatitzeko, nik marrazkiak sortzen nituen heinean testua marrazkietara egokitzen genituen, eta alderantziz… Pixkanaka pixkanaka joan gara ipuina osatzen, biontzat lehen liburua izan baita.

Zergatik haurrentzako? 

M.C.: Itziar eta biok irakasleak gara, eta agian izan liteke haurrentzako idaztea errazagoa egiten zaigulako.

A.A.: Itziarrek izugarrizko ekarpena egin digu haurrentzako liburuekin. Haurrentzako liburu pila bat ezagutzen ditu, eta eredu pila bat ekarri dizkigu zer dagoen ikusi ahal izateko.

Izenburua irakurrita, pilotak izango du esanahirik, ezta?

M.C.: Nik Koldo izeneko iloba bat daukat eta ipuineko Koldoren izaera nire ilobarena da. Ingurua aldatu egin da, baina Koldo nire iloban oinarrituta sortutako pertsonaia da.

Nire iloba Koldok pilota saltokariarekin zenbait egoera aldatu izan ditu, eta horiek etorri zitzaizkidan gogora: bat batean, ezagutzen ez dituen beste umeekin pilotarekin hasi eta jolasean amaitu izan du, besteak beste. Geldik geratu izan balitz, pilota bota gabe, egoera berri horiek ez lirateke sortuko. Mugimendu horretan sortzen diren egoerak ekarri nahi izan ditugu ipuinera. Pilota bada egoerak aldatzen dituen gauza bat. Prest baldin bazaude pilota botatzeko, horrek ondorioak izan ditzake. Ondorio horiek ondo edo gaizki ikusiko ditu norberak, baina egoera aldatu egingo da denentzat. 

Nondik hasten da ipuin hau idazten eta ilustratzen?

M.C.: Pilotaren bizipena baneukan. Egun batean esnatu, eta istorio hau kontatu egin behar nuela sentitu nuen. Egoerak nola aldatu litezkeen abiapuntutzat hartuta, nire iloba Koldo beste leku batean jarri nuen, eta Ainara eta Itziarri eraman nien irakurtzeko. 

A.A.: Irakurri nuenean, gauza asko esaten zituela nabarmen ikusi nuen, eta horrekin batera, mugimendu askoko istorio bat zela ere antzeman nuen. Horrela, testua hartu eta pertsonaiak sortzen hasi nintzen: Koldo, aitona, katua… 

Behin pertsonaiak sortuta, estilo eta kolore aukeraketa egin nuen. Horren ostean, lan gehien sortu digun prozesua etorri zen; istorioa orrietan zatitzea eta orri bakoitzeko kontakizunari dagokion marrazkia jartzea, bai testua eta baita ilustrazioak ezkondu daitezen.

Hasierako bozetoetan egin genuena eta atera dena oso diferentea izan da. 

Nor dira Koldo, aitona Niko eta Mox?

M.C.: Koldo nire iloba da, eta bere izaera du ipuineko Koldok. Aitona Nikok, berriz, Itziarren aitona gorpuzten du. Istorioa idatzi nuenean bazegoen aitonaren figura, baina Itziarrek irakurri zuenean, bere aitona irudikatu zuen. Horregatik, Itziarrek kontatu zigun bere aitonak egurrezko bastoiak dekoratzen zituela, eta ipuinean ere makilatxoak marraztu ditu Ainarak. 

A.A.: Mox katua ere erreala da. Miren eta biok txikiak ginenean elkarrekin edukitako katua zen Mox. Ikastolako garaian, irakasleak Max, Mex, Mix, Mox eta Mux izeneko katu txiki pila bat zeuzkan, eta zozketan tokatu zitzaigun katua. Hasieran etxera eraman nuen, baina bi egun iraun zituen bertan eta baserrira eraman nuen. Katakume pila bat egin ditu Moxek baserrian, belaunaldi pila bat ekarri ditu Moxek, hainbeste katakumeren artean baserriko amona izan da.

Zuen arteko lotura bat ere bada ipuin honetan, beraz.

M.C.: Bai bai, istorioak badu gu hiron arteko lotura. Kuriosoa da alde horretatik.

Nola sortzen da zerbait idazteko edo ilustratzeko ideia bat? Sentimendu batetik, pentsamendu batetik…

M.C.: Nire kasuan ilobarekin izandako bizipen batetik etorri da istorioa. Askotan egoten da gurekin. Koldok umore oso ona dauka, eta izugarrizko gaitasuna du egoerei buelta emateko. Beregan, izaera horretan oinarrituta idatzi nuen testua. Bizitza honetan denak du buelta, mugitu egin behar da horretarako, gauzak egiten badira, gauzak aldatuko dira.

Hasieran ematen du egoera okerrera doala, baina buelta ematen zaio gero egoerari eta erabat aldatzen da gero. Heldu batek begiratzen uzten ez badio haurrari, mugak jartzen baldin badizkio, ezinesko zaio beren modura egoerak barneratzea.

A.A.: Naturalki ateratzen da. Ipuin honen kasuan, samurtasun asko zegoen istorioan, eta nire kasuan, koloreen bitartez eta pertsonaien arteko erlazioan hori adierazten saiatu naiz.

Askotan esaten hainbeste kostatzen den hori, nola idazten edo ilustratzen da? Nola lortzen da barruan dagoen ideia testu edo marrazki bihurtzea?

M.C.: Nik asko asko neukan idatzita. Hitz askoko istorio bat neukan, eta hortik abiatuta, oso ondo ulertzen den istorioa. Asko kontatu nuen, eta asko irakurri zuten Itziarrek eta Ainarak.

Lehen ipuin honek bide eman al dizue beste lanen bati ekiteko, edota ipuinari jarraipen bat emateko?

A.A.: Hasieran bilduma bat egitea pentsatu genuen, anbizio asko izan genuen, baina lehen lan hau egiteak suposatu duen lanarekin jaitsi dugu asmo hori. Egia da hasieran ez geunden puntu batean gaudela orain: gauza asko berriak ziren hasieran eta orain badakizkigu, beraz ez dugu elkarlan gehiagoren aukera baztertzen. Dagoeneko badaude beste lantxo batzuk gure buruetan. Gure bizitzak eta lanak horiekin aurrera egiteko aukera eman behar digute, baina egon badaude ideia batzuk, bai.

Nola ilustratzen eta idazten da haurrentzako ipuin bat?

A.A.: Ume baten ikuspuntuan sartzen saiatu naiz ilustrazioak egiteko. Itziarrek ekartzen zituen liburuei begirada bat bota eta gaur egun zer egiten den ikusita,  ni txikiak zer izango zukeen gustuko pentsatuta egin ditut marrazkiak. Saiatu naiz koloreak goxoak izatea eta marrazkiek umorea izatea. Umek jarraitzeko gogoz geratu behar du, harrapatu egin behar du. 

Testuak kontatzen ez duen istoriotxo bat gehitu diot ipuinari animalien bitartez. Animaliak gustuko izaten dituzte haurrek, eta horrek ere ematen dio jokoa. 
Buruan nituen ilustrazioak paperera eramateko orduan batzuetan marrazki osoak daude, baina tarteka marrazki puskatuagoak ere badaude ipuinean. Kontatzeko modua beti berdina ez izateko egin dut hori.

M. C.:  Ipuina idazterako orduan asko lagundu dit nire ilobaren lekuan jartzeak. Umeek pentsatzen duguna baino askoz gehiago ulertzen dute, eta hortik abiatuta hasi nintzen Hor doa pilota! Idazten. Gauzak oso ondo ulertzen dituzte, baina beraien mundura jaitsita. Helduok erreparatzen ez diegun gauza askotan fijatzen dira haurrak.

Errealetik badu orduan Hor doa pilota!-k.

Erreala izan daitekeen istorio bat da, bai. Badaude umorearen bitartez errealitatetik urrunago geratzen diren pasarteak, baina badu errealetik ipuinak.

Zuentzako idaztea eta ilustratzea barruan duzuena askatzeko modu bat dela esan duzue. Bada terapiarako bide bat idaztea eta ilustratzea?

A.A.: Bai. Terapiako aldia izan liteke aurretik landutako zerbait, eta behin elaboratu duzunean marrazkitara pasatzen duzu. Arte terapian aritzen naiz ni. 

M.C.: Terapiari lotuta arreta ematen dit niri ikusteak zenbat haur dauden oso itzalita bizi direnak. Hau antidepresibo bat da zentzu horretan. Mugimenduan sartzeko bide ematen du, bazterrak nahastu behar dituzte haurrek, mugitu egin behar dira. Gutxiago kezkatzen gaituzte gerrarik ematen ez duten ikasleak, baina arazo gehiago izaten dira horiekin asko mugitzen direnekin baino.  Lehen mugimendu gehiago zegoela iruditzen zait, eta agian, mugimendu hartara bueltatu beharko ginateke. 

Terapiaz gain bada beste ezer zuentzat ilustratzea eta idaztea?

A.A.: Ilustratzea behar bat da niretzat. Behar hori terapiarekin dago lotua, eta asko sakontzen dut alde horretatik. Nire burua ezagutzeko eta mundua ulertzeko marraztea beharrezkoa da niretzat. 

Baina terapia eta beharra bi gauza ezberdin dira niretzat. Terapiaren aldetik, sakontze bat ematen da, non marrazkiak libreagoak diren, eta beste alde batetik dago marrazki horiek erakusteko horiek nola landu. 

Noiztik zabiltzate ilustrazio eta idazte lanetan?

A.A.: Bai, betidanik.  Zazpi urterekin Miren eta biok marrazketa ikastaro batean hasi ginen, eta orduaz geroztik beti jarraitu izan dut marrazten. Nik Arte Ederrak ikasi nituen. Hori amaituta arte terapiaren munduan murgilduta nabil, baita Psikologiako ikasketak egiten eta ilustrazio lantxoak ere egin izan ditut (Emakumeen Zentro Zibikorako, besteak beste). Baina ezin naiz ilustraziotik bizi, bigarren lan baten antzekoa da. 

M.C.: Gorputz Hezkuntzako irakaslea naiz, eta hasiera batean idaztearekin ez daukat hainbesteko lotura, baina aukera dudan bakoitzean beti egiten dut lantxoren bat. Lan txikiak egin ditut, baina argitaratzera gutxi batzuk iritsi dira. Publikoan hitz egitea ez zait gustatzen, behin testua idatzita noizbait iritsiko denaren esperantzaz uzten dut argitaratu gabe. 

Transmititu nahi duen helburu zehatzik badu ipuinak?

A.A.: Oso irekia da, eta nik uste hobe dela horrela. Gaur egun liburu ugari daude gai zehatz bati lotuak, eta badirudi, etxekolanen antzera, gai zehatzak landu behar direla. Baina liburu bat hartu eta istorioan sartzean lortzen den plazera ere garrantzitsua da. Liburu berak, gainera, esanahi ezberdinak izan ditzake momentu ezberdinetan. Gai zehatzak lantzen dituzten liburuak desegokiak direnik ez dut esan nahi, baina zabalak ere behar direla uste dut. 

M.C.: Gauza asko ditu ipuinak. Gaur egun liburu asko egiten dira helburu zehatz bat lortzeko. Gu lanean hasi ginean ikuspegi hori zabaldu egin nahi genuen, bakoitzak irakurtzen duenaren arabera gauza ezberdin bat aterako du. Hasieratik zertarako balioko duen esango bagenu, horren bila joango dira irakurleak. Hari asko dituen ipuin bat da, adar asko ditu. Testua irakurtzen genuenean, gure artean ere gauza ezberdinak jasotzen genituen. Niretzako pilota saltokariak eragiten duen mugimendua da gehien azaleratzen duen ideia. Gorputz hezkuntzako irakaslea izanik mugitzea oso garrantzitsua da.

Ilustrazioaren aldetik, zein material erabili dituzu ipuin honetako marrazkiak egiteko?

A.A.: Zehazki ipuin honetarako akuarelak, arkatza eta koloretako arkatzak erabili ditut. Gustuko dut testura sartzea ilustrazioetan.

Papera aukeratzen ere denbora dezente pasa nuen. Akuarela erabiltzen nuenez ur askokin irteten dira margoak, eta segun eta zein paper erabiltzen nuen, orbanak ateratzen zitzaizkidan. Azkenean, paper mota ezberdin ugari probatu eta gero, lortu nuen gustukoa: akuarelaren testurak niri gustatzen zitzaizkidan bezala mantentzen zizkidana.

Autoekoizpena izan da ipuina? Jaso duzue laguntzarik?

M.C.: Autoekoizpena izan da, bai. Argitaletxe askotan ateak jo ditugu, baina zenbait ate itxiak izan ditugu. 

A.A.: Gainera, aurkeztera joan ginen unean, hasierako proiektua zen. Erdi bidean zegoenean aurkeztu genuen. Horren ostean bueltak eman genizkion proiektuari, eta behin egituratuta zegoela, zenbakiak egin eta posible zela ikusi genuenean, guk argitaratzea erabaki genuen. Ausartu ginen, arriskatu genuen eta aurrera.
Asko ikasteko bidea izan da. 

Zenbat ale argitaratu zenituzten?

A.A.: 500 ale argitaratu genituen, eta 300 saldu ditugu dagoeneko. Ipuina erosi duten bezeroengandik oso iritzi onak entzun ditugu.

Eta non eros daiteke?

Lasarte-Oriako Kattagorri jolas dendan erosi ahal izango da ipuina, eta horretaz gain, hordoapilota@gmail.com helbide elektronikoa ere bezeroen eskura jarri dugu. Inork bertatik eskaera egin nahi badu egin dezake. 

Eroso aritu al zarete hiruak, lanean?

M.C.: Itziar eta hiruon arteko lana izan da. Elkartu garen bakoitzean hiruok elkartu gara, eta azken finean, erabaki guztiak hiruon artean hartu ditugu. Lan honetan ikusi dugu nahiz eta hiruon artean oso harreman ona dugun egon direla tirabira txikiak, baina oso gustura aritu gara.

Lan handia izan da, baina oso gustura gaude lortutako azken emaitzarekin.