Zumaburuko auzian katramilatuta

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 14a, 12:31
EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Hezkuntza saileko Gipuzkoako ordezkariaren dimisioa eskatzeko, baina beste ezein alderdik ez du babestu. Leroy Merlinen gaia ere eztabaidatu dute batzarrean. Zataraingo obrak salatu ditu bizilagun talde batek

Zumaburu-Sasoeta ikastetxeko haurren egoera berriz ere present egon da Lasarte-Oriako Udalbatzarrean. Joan den hilabetean, gurasoek beraiek salatu zuten udalbatzarrean lanen ondorioz haurrek jasan behar duten egoera. Orduan aho batez bozkatu zuten udal ordezkariek, eta  Hezkuntza sailari konponbide bat eskatu zioten, gurasoen eskakizunekin bat eginda. Baina azkar aldendu da orduko ados-
tasuna. EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Gema Gonzalez de Txabarriren, Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariaren, dimisioa eskatzeko. Bakarrik geratu da, ordea: Ahal Du Lasarte-Oria abstenituta, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin bertan behera geratu da iniziatiba. 

Giroa erabat gaiztotu du Zumaburuko haurren gaiak, eta alderdiek elkarri leporatu diete etekin politikoa atera nahi izatea. Zumaburuko lanak direla eta, haurrak bi zentrotan banandu dituzte, eta, gurasoek salatu dutenez, behin-behinean egokitu den azpiegitura hori kaltegarria da haurren hezkuntzarako eta garapen sozialerako, segur-
tasunaren aldetik arriskutsua izatearekin batera. 

EH Bilduk salatu du Gonzalez de Txabarriren “utzikeria”. Ondoko arrazoiak eman ditu: gurasoen gutunei ez erantzutea eta lekuz kanpoko erantzunak ematea, besteak beste. 

Estixu Alkorta EAJko ordezkariak kargu hartu die Ahal Du Lasarte-Oriari eta EH Bilduri. Jeltzaleak salatu duenez, alderdi horiek ez dituzte konponbideak proposatu, eta soilik EAJri erasotzeko erabili dute auzia. Puntuz puntuz zerrendatu ditu Alkortak Zumaburuko ikastetxeko egituran arazoak topatu zituztenetik egindako pausoak, atzerapen burokratikorik egon ez dela frogatzeko.  

Ahal Du Lasarte-Oriak ere ez du mozioa babestu, “nahiz eta ados egon dimisioa eskatzearekin”. Arkaitz Naya bozeramaileak azaldu duenez, Burunzpeko gurasoekin hitz egin dute, eta uste dute dimisioa eskatzea kaltegarria izan daitekeela. “Bilerak egin dituzte giro onean, eta gauzka ari dira aurrera ateratzen”. 

Jesus Zaballos alkateak ere azalpen bat eman du gai honi buruz: “Buruntzpeko gurasoek ez dute mozioa eskatu. Hala nahi balute, bozermaileen batzordearen bidez aurkeztuko lukete mozio bat, aurrekoan egin zuten bezala”. 

PP, lekuz kanpo 
Bestetik, PPko zinegotziak mozio batean proposatu du ETAren indarkeria gaitzestea, Miguel Angel Blancoren hilketaren urtemuga aprobetxatuta. Udaltzarrak, ordea, mozioa baztertu du, gai horiek Bizikidetza Mahaian jorratzen dituztelako. Hain justu, PP da mahai horretan ez dagoen alderdi bakarra. 

Beste eztabaida iturri asko ere izan dituzte udal ordezkariek. Horietako bat da Leroy Merlin Frantziako multinazionala herriko lurretan ezartzeko aukera. Teresategi eremua eta Donostiako Errekalde II.a eremua bateragarriak egiteko planak onartu ditu udalbatzarrak, EH Bilduren “ezezko borobilarekin” eta Lasarte-Oria Ahal Du-ren abstentzioarekin. Pauso hori ezinbestekoa da gero bertan eraiki ahal izateko, lurren %95 Lasarte-Oriakoak izan arren, %5 Donostiako baita. 

EAJri eta PSE-EEri leporatu dio EH Bilduk merkataritza gunea eraikitzeko erraztasunak ematea, eta herriko denda txikiak arriskuan jartzea. Agustin Valdivia Hirigintza zinegotziak gogor egin du Barrio boze-
ramailearen aurka. “Zer nahiago duzu, Donostiako lurretan eraikitzea eta eragin kaltegarriak berdin-berdin jasatea?”. EAJko Jon Antxordokik nabarmendu duenez, “lanpostu mordoa” ekarriko du multinazionalak herrira. 

Zataraingo obrak
Herritarrek ere aukera baliatu dute udalbatzarrean parte hartzeko, eta Zataraingo obrek sortutako ezinegona plazaratu dute. San Frantziskoko bizilagun talde batek salatu duenez, uralita erabili dute lanetan, produktu kutsakorren trataerak eskatzen duen neurririk hartu gabe. Horretaz gain, ohartarazi dute transformadore handi bat etxebizitzetatik gertuegi dagoela. Udalak eraikuntza enpresaren txosten bat aurkeztu du, baina ez ditu bizilagunak asebete; “iruzurtzat” hartu dute.