Pasa den urtean izandako arrakasta gainditzeko asmoz antolatu du Lasarte-Oriako Udalak zonbien gauaren bigarren edizioa. Gazteen parte hartzea errazteko, berriz, deskontuak egingo dituztela iragarri dute.
15 eta 30 urte bitarteko lasarteoriatarrek 5 euroko deskontua izango dute sarrerak erostean. Baina horretarako, ezinbesteko zenbait baldintza bete beharko dituzte: adina (15 eta 30 urte bitarte), Lasarte-Orian erroldatua egotea eta Gaztelekuan izena ematea. Ostiralean zabalduko da izena emateko epea gaztelekuan, eta hilaren 18ra bitarte izango dute herritarrek aukera 12:30etik 20:00tarako ordutegian. Bertan izen emandako guztien artean zozka publikoa egingo dute irailaren 21ean, 18:00etan, Gaztelekuko erabilera anitzeko gelan.
Sarrerak erosteko
Laster jarriko dituzte salgai ekitaldirako sarrerak interneten. Iazko antolatzaileen eskutik egingo dute aurten ere, eta horien webgunean erosi ahal izango dira sarrerak: survivalzombie.es/survival/Entradas