Zinemako eduki digital berriak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 23a, 10:46
Lasarte-Oriako Kultura departamentuak Manuel Lekuonako zinemaren digitalizazioaren berri eman zuenetik, zinemaren edukiak pixkana aldatuz joan dira. Digitalizazioak ematen dituen abantaila eta aukera berrien zati bat ikusi ahalko da asteburu honetan zehar. Gainera, urte berriarekin batera, tarifa berriak jarri dituzte.

Gaueko 22:00etan, eta urte askoan Okendo Zinema Taldea egiten ari den lanarekin jarraituz, zineforumeko saioan “Paco de Lucia: la búsqueda” dokumentala ikusi ahalko dugu. Paco de Lucíak 2012. urtean zehar egin zuen prestaketaren eta biraren parte bat ikusi ahalko dugu dokumental horretan.

Larunbatean, 20:00etan, eta joan den astean Kulturako Departamentuak aurreratu zuen moduan, “Tosca” opera ikusi ahalko da, Londresko Royal Opera Housean grabatua. Jatorrizko bertsioan eta gaztelaniaz azpititulatua izango da.

Igandean, asteburuari amaiera emanez, haurren-tzako saioan “Yugo eta Lala” (euskaraz) eta helduentzako saioan “Exodus: dioses y reyes”, 19:30ean.

Tarifa berriak
2015ak prezio berriak ere ekarri ditu Manuel Lekuonako sarreretan. Izan ere, orain artean zinema-saioetarako bakarrik balio zuten bonuak aldatu egin dira eta zinemako, antzerkiko edo dantzako saio guztietarako balio duten bonu bihurtu dira, haurrentzakoak alde batetik eta helduentzakoak bestetik. Aipatutako bonuetatik kanpo gelditzen dira 3D zinemarako sarrerak eta eduki digitalen prezioak. 
Beraz, honako kostua izango dute 2015. urtean: Haurrentzako banakako saioa 3,80 euro; haurrentzako 10 sarrerako bonua 28,00 euro eta 3D zinema 4,80 euro. Pelikula hauentzako ez dago bonurik. 
Helduen saioetako banakako txartelak berriz, 5,50 euro balio du; helduentzako 10 sarrerako bonuak 45,00 eta 3D zinemako sarrera 6,50 eurotan ordaindu beharko dira. Haurren zineman bezala, hiru dimentsiotako sarrerak ez dira inongo bonotan sartzen. 

Digitalizazioa, iazko urrian
2014ko urri hasieran proiektore zaharra aldatu eta zinea digitalizatzeko urratsa eman zuen Kultura Departamentuak. Hori dela eta, urritik 3D pelikulez eta berriki estreinatuak izan diren filmez gozatu dute herritarrek, besteak beste.