Zinema asteburu 'Handia'

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 5a, 21:45
'Handia' pelikulak gogor jo du Lasarte-Orian, eta ostiraleko zein igandeko saioetan lepo egon da Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioa. Okendo Zinema taldeak gonbidatuta, Jon Garaño zuzendariak eta Iñigo Aranburu eta Jagoba Mendizabal aktoreek ikusleekin solastu zuten

Ostiral gaueko proiekzioa hasi baino lehen, Okendo Zinema Taldeko kideak auditorioko oholtzara gerturatu ziren, 'Handia' pelikula errealitate bihurtu duten hainbat kiderekin: Jon Garaño zuzendaria eta Iñigo Aranburu eta Jagoba Mendizabal aktoreak (azken hau lasarteoriatarra da). Hitz batzuk esan eta gero, oholtza gainera igo zen Aranburu. Sakelekoa atera, eta lepo zegoen auditorioari argazkia atera zion: "Ostiral gau batean aretoa hain beteta ikusteak argazkia ateratzea merezi du", bota zuen, umorez. Duela gutxi estreinatutako luzemetraiak gogor jo du gure herrian, eta ostiral gauean zein igande arratsaldean goraino bete da kultur etxea.

Ez dugu artikulu honetan pelikulan zer gertatzen den kontatuko, naiz eta herritar gutxi geratuko diren oraindik 'Handia' ikusi ez dutenak, asteburuko arrakasta ikusita. Dena dela, ostiral gaueko solasaldia oso atsegina izan zen, aberatsa, eta merezi du hitz egindakoaren zertzelada batzuk ematea.

Adibidez, nola jolastu duten egileek egia/gezurra dikotomiarekin. Jon Garaño zuzendariak azaldu zuenez, pelikularen funtsetako bat da: "Gauza batzuk benetan gertatu dira, eta guk asmatu ditugu beste batzuk. Gauza interesgarri asko sortzen dira hor, adierazi nahi izan dugu mitoak nola sortzen diren eta eurei buruzko kontakizunak nola doazen aldatzen, pertsona batek beste bati horri buruz hitz egiten dion aldiro". 

Garañok aurreratu zuen nazioarteko festibaletan presente egongo dela Handia, baina ezin dutela esan non, jaialdiek beraiek iragarri ohi dutelako hori. Era berean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan "oso ongi" funtzionatzen ari dela aipatu du: "Donostian hasieratik deitu du jendearen arreta; Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, berriz, bigarren astetik aurrera ari dira joaten ikusle gehiago. Horrek adierazten du zerbaitek ongi funtzionatu duela hor, ahoz ahokoak, ikusleen gomendioak... Oso pozik gaude". 

Proiektu berrietan murgilduta ere badabil. "Ondo bidean, datorren udaberrian hasiko gara filmatzen. Andaluzian kokatuko dugu filma, eta Espainiako Gerra Zibila izango da gaia. Zokoei buruz hitz egingo dugu: bando errepublikarreko jendea zen, gerra galdu eta gero euren etxeetan hainbat urtez ezkutuan egon ziren. Gure protagonistak, esaterako, 30 urte pasa zituen etxean gordeta, atera gabe".  

"Opari bat izan da"

Iñigo Aranburu (pelikulan, Jose Antonio Arzadun) eta Jagoba Mendizabal (Isidro Eleizegi, Martin eta Migel Joakin protagonisten anaia gaztea) aktoreek ere solastu zuten ostiral gaueko saioko ikusleekin. Lasarteoriatarra da Jagoba, eta aurrenekoz hartu du parte pelikula batean. "Berria izan da guztia niretzat; gure ikastetxera etorri ziren hiruzpalau eszenako kastina egitera, eta horrela sartu nintzen produkzioan". Esperientzia gehiago dauka Aranburuk. Bartzelonan ikasi zuen aktore ofizioa, eta lanean ere ibili da, duela hiru urte Euskal Herrira bueltatu zen arte: "Lan txiki batzuk egin ditut, baina hau izan da lehenengo paper garrantzitsua; opari bat izan da. Beti esan ohi dut ate handitik sartu naizela, Moriarti bezalako produkzio etxe batekin lan egitea izugarria delako". 

Ordu laurden inguruz gustura aritu ziren hizketan filmeko kideak eta ikusleak. Okendo Zinema Taldeko kide Laura Noguerasek gidatu zuen saioa. Hurrengo pasea hilaren 18an izango da, ostiralarekin, gaueko hamarretan. Selfie luzemetraiaz gozatu ahalko dute herritarrek.