Zinema eta hitzaldi sorta, urriko agendaren ardatz

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 3a, 20:50

Haurrentzako eta helduentzako filmak, Islada Ezkutatuaken hitzaldi zikloa, Okendo zineforuma eta antzerki obrak ikusteko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Horrekin batera, Semblante Andaluz elkartearen kultur astea, eta Suberri Akordeoi Taldearen emanaldia ere izango dira

Ikasturte hasierarekin batera, martxan da Lasarte-Oriako urriko agenda ere, eta hamaika ekintza izango dituzte lasarteoriatarrek hilabete osoan zehar. Atzo eguerdian eman zuten ezagutzera udal ordezkariek.

Bertan azaldu moduan, zinema eta hitzaldi zikloa izango dira  agendaren ardatz nagusiak, baina izango dira beste zenbait  ekintza ere.
Hilaren lehenean, nagusiei egindako omenaldiak ireki zuen hileko agenda. Horrekin batera, Capitan canzoncillos eta  La seducción haurrentzako eta helduentzako filmak ere izan ziren igandean.

Ostiralean izango du jarraipena agendak. Horrela, 19:00etan, Islada Ezkutatuak taldeak antolatutako bigarren hitzaldi zikloaren baitan, Sarraskia eta suntsipen politikoa Nafarroan hitzaldia entzutera gerturatu ahal izango dira herritarrak, Antonio Mertzerora.  Horrekin batera, 22:00etan Okendo zineforumaren harira, Dunquerque filma emango dute  kultur etxean, 5.50euroren truke.

Larunbatean, berriz, Zerura eroria antzezlana ikusteko aukera izango da (5.50euro). Ugartek azaldu gisa, Mikel Fernandino lasarteoriatarrak idatzitako obra da, eta bere anaia Aitor Fernandino arituko da aktore lanetan. 

Igandean zinema izango da nagusi berriz ere. 17:00etan, haurrentzako Richard zikoina filma ikusi ahal izango da, eta helduek, aldiz, Dunquerque ikusi ahal izango dute. Haurrentzako saioak 3.80 euro balio du, eta helduenak, berriz, 5.50 euro.

Datorren ostiralean (urriak 13) Islada Ezkutatuaken hitzaldi zikloaren bigarren saioa izango da, 19:00etan. Faxistek eta errepublikanoek erabilitako armamentua hitzaldia izango da, hau ere Merceron.

Urriaren 15ean beste bi film emango dira. 17:00etan haurrentzako Gru 3 mi villano favorito (3.80 euro) filmaz gozatu ahal izango dute etxeko txikienek, eta helduentzat, berriz, Barry seal  (5.50 euro) emango da.

Islada Ezkutatuakekin jarraituz, urriak 20an Anarkismoa eta bere parte hartzea Gipuzkoako defentsan hirugarren hitzaldia izango da, 19:00etan. Egun horretan bertan, Estiu 1993  filma emango da Okendo zineforumaren baitan, 5.50 euroren truke.

Hogeita batean, Pupu eta Lorek Imanol Urbietaren kantak ekarriko dituzte gogora Haizearen herria ikuskizunean. 3.80 euro ordaindu beharko dira, eta 17:00etan izango da hitzordua. Hurrengo egunean, Emoji: la película eta Detroit filmak emango dira, ohiko ordu eta prezioan.

Hilabetea amaitzeko, hogeita zazpian, hitzaldi zikloaren azken saioa izango da; Batailoi nazionalistak Gipuzkoan, eta hogeita bederatzian,  Cars 3 eta Churchill filmek itxiko dute agenda. 

Semblante Andaluzen aste kulturala

Aurrez aipatutako ekitaldiekin batera, Semblante Andaluz elkarteak bere aste kulturala ospatuko du. Horrela, urriaren 12tik 15era bitarte, hamaika ekintza izango dira herritarren gozamenerako.

Suberri Akordeoi Taldearen bosgarren urteurrena

Lasarte-Oriako Suberri Akordeoi Taldea 2012. urtean sortu zen, eta bosgarren urteurrena ospatzeko, emanaldi berezia eskainiko dute hilaren 28an. Bertan, herriko talde ezberdinak arituko dira, urteurrena ospatzeko kontzertura gonbidatu baitituzte.

Zurmailu zurlanketa elkartea

Elkartean egindako zurezko lanen erakusketa ikusteko aukera izango da, Antonio Mercero aretoan, urriaren 19tik 29ra.