Zinea nagusi urtarrileko kultura eskaintzan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 29a, 10:45
Errege Magoen kabalgatak emango dio hasiera urtarrileko kultura egitarauari. Astebururo zinea izango da eta arrakasta handiko filmak eskainiko dira. Izar, Marie de Jongh antzerki taldearen lan berria ere izango da ikusgai

Urtarrileko asteburuetan ez da aspertzeko aukerarik izango. Manuel Lekuonako kultura egitaraua film emanaldiez beteta dator. Maite Iglesias Kultura saileko buruak eta Juantxi Ugarte kultura teknikariek aurkeztu dute urtarrileko agenda.

Maite Iglesiasek aipatu modura, arrakasta handiko pelikulak ikusteko aukera izango da. Horregatik, esate baterako, urtarrilaren 21an, Star Wars: los últimos Jedi filmaren bi saio izango dira, bata haurrentzat eta bestea helduentzat.

Era berean, Lasarte-Oriako haur eta gazteek urtarrilaren 7an, Wonder filma ikusi ahalko dute. Hilaren 14an Ferdinand eskainiko da eta 28an El pequeño vampiro.

Helduentzako zinemari dagokionez, urtarrilaren 7an Suburbicon filma, 14an Asesinato en el Orient Express, eta 28an Perfectos desconocidos eskainiko dira.

Okendo zinema taldeak sustatzen duen forumean Mother filma izango da urtarrilaren 12an eta 26an, berriz, Wonder Wheel. Mother jatorrizko bertsioan eskainiko da eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.

Erregeak eta antzerkia

Baina urtea ez da zinearekin hasiko. Lehen ekitaldia Errege Magoen kabalgata izango da. Urtarrilaren 5ean, 12:00etan erregeen morroiak eta Megaba elkarteko kideak Okendo plazan egongo dira, gutunak jaso eta haurrentzako ekintzak burutuz. 18:00etatik aurrera, berriz, Errege Magoen kabalgata herriko hainbat kaletan barrena ibiliko da eta Okendo plazan haurren eskutitzak irakurriko dituzte.

Antzerkiak ere izango du lekua kultura agendan. Marie de Jongh antzerki taldeak Izar antzezlana taularatuko du. Lana aste honetan antzeztuko da lehenengoz Bilbon eta urtarrilaren 27an izango da Lasarte-Orian.

Sarreren prezioa mantendu

Udaleko arduradunek jakitera eman dutenez, aurten ez da prezioetan aldaketarik izango.

Honela haurren emanaldietako sarrerak 3,80 euro balioko du; hamar sarrerako bonoak, 28 euro eta 3D saioek 4,80 euro. Helduen kasuan, sarrera bakoitzak 5,50 balioko du; bonoak berriz 45 euro eta 3D saioak, 6,50 euro.

Liburutegiko ordutegia

Bestalde, Iglesiasek urtarriletik aurrera indarrean egongo den liburutegiko ordutegia iragarri du.

Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da irekia. Larunbatetan, berriz, 9:30etik 13:00etara.

Ordutegi hau gaur egungo eskarietara egokitua dagoela azpimarratu du eta erabileraren arabera egokitzen joango dela ere jakitera eman du.