Zerrenda "independentea eta gaztea" nahi du EAJk

Adrian Garcia 2019ko urt. 18a, 12:00

Lasarte-Oriako EAJk ofizialki aurkeztu du hautagaia: Jon Antxordoki. Zerrendak osatzen ari dira oraindik jeltzaleak. Hauteskunde programari buruzko zertzelada batzuk eman ditu: enplegua, kultura, udal antolaketa eta Michelingo kirolgune berria

Lasarte-Oriako EAJk aurkeztu du maiatzeko udal hauteskundeetarako hautagaia: Jon Antxordoki. Lehendik ere jakina zen alderdiko bozeramailea izango zela zerrendaburua, baina ekitaldi batean aurkeztu dute ofizialki, Maria Jesus Iraola herriko EAJko presidenteak lagunduta. Maiatzaren 26ko hauteskundeetarako aurkeztuko duten zerrenda oraindik ez dute publiko egin, baina "jende gaztea eta independenteak" bildu nahi ditu ondoan Antxordokik. "Batzokiak onetsi behar du aurretik. Hori gertatzean, jakinaraziko dugu", esan du Antxordoki berak. 

Amaitzear dagoen legealdian egindako lana oinarri hartu du hautagaiak hurrengorako lan ildoak azaltzeko. "Gipuzkoako egoera ona da. Lasarte-Orian egindako lana ere baikorra da. Ondo jardun dugu legealdi honetan, bai nik gidatzen dudan Euskara Batzordean, baita egin ditugun beste ekarpenetan ere". Michelingo kiroldegi berriaren eta futbol zelaiaren adibideak aipatu ditu. "Alkatetzak kontuan hartu zituen". 

Hauteskunde hauetan EAJk aurkeztuko duen zerrendak desberdintasunak izango ditu. Hori iragarri du behintzat Antxordokik. "Aurrekoak baino zerrenda gazteagoa nahi dut. Betiere, eskarmentudunen esperientziaz baliatuta. Askotan egozten digute alderdi tradizionala garela, baina begi bistakoa da gazteek bozkatzen gaituztela".

Hauteskunde programa

Aurkeztuko duten programari buruzko zertzelada batzuk ere eman ditu hautagaiak. Enpleguari buruzko "ideia pare bat" ditu Antxordokik. Bestalde, Kulturan esku sartu nahi du. "Jaungoikoaren eskutik utzita dago". Udaleko zerbitzuak ere hobetu nahi ditu. "Udaleko langileak antolatzeko lana egiteko dago, nahiz eta, beharbada, herrian hori ez den antzematen".  Eta kirol planarekin aurrera jarraituko dute. "Gauza gutxi egin dira legealdi honetan". 

Iraolak ere parte hartu du EAJren aurkezpenean. 1932. urtean inauguratu zuten jeltzaleek Batzokia, eta ordutik alderdiak izan duen lehen presidente emakumea da.