Zerbitzua ez betetzea egotzi diote San Markori

Adrian Garcia 2018ko urr. 5a, 12:00
Udalak mankomunitateari leporatu dio kontratua "behar bezala" ez betetzea. Uztailetik hondakin guztien bilketaren ardura du San Markok, baina gabeziak salatu ditu alkateak. Herritar batzuen "heziketa falta" ere kritikatu du, altzariak behar ez denean uzteagatik

Hondakinen bilketan azken hilabeteetan Lasarte-Orian egon diren arazoak azaldu ditu prentsaurrekoan Jesus Zaballos alkateak, eta errudunak zeintzuk diren seinalatu: San Marko Mankomunitatea. Izan ere, uztailetik aurrera mankomunitateak hartu du errefuxaren bilketaren ardura. Lehendik gaikako bilketa ere egiten zuen. Bada, alkateak salatu du udatik aurrera bilketa ez dela "behar bezala" egin. Hainbat bilera izan dituzte San Markoko ordezkariekin, baina arazoa konpondu ez denez, Agustin Valdivia zinegotziak eta udalak mankomunitatean duen ordezkarietako batek kexa formala jarri du. 

Horrez gainera, "beste faktoreei" ere egotzi diete udalerriko hainbat puntutan zaborrontziak gainezka egotea. "Heziketa arazoa dago". Izan ere, alkatearen esanetan, batzuek egokitzen ez denean uzten dituzte altzariak eta tamaina handiko hondakinak zaborrontzian. Berez, asteazken arratsaldean utzi behar dira, ostegun goizean jasotzen dituztelako. Eskualdeko puntu garbietan uzteko aukera ere badago. "Ez dugu zigortzen hasi nahi, baina jendeak araua errespetatzeko ezinbestekoa bada, isunak jarri beharko ditugu", ohartarazi du Zaballosek.

"Beste faktoreak" 

Azkenik, etxegabe batzuen jarrera ere kritikatu du alkateak. "Kolektibo batek, haien egoera gordina dela eta, zaborretan arakatzen du erabilgarria zaion zerbaiten bila. Arazoa da zabor poltsak hartu, ireki, eta behar ez dutena kanpoan botata uzten dutela". 

Edonola ere, arazo nagusia da San Markok eskaintzen duen zerbitzuaren gabezia, udalaren arabera. "Hiru hilabete daramatzagu haiekin, eta ez gaude batere gustora zerbitzuarekin". Valdiviak irailaren 28an izan zuen batzarra mankomunitatean, eta bertan plazaratu zituen udalaren kexak. Argazkiak ere erakutsi ditu. Horiek erakusten dute abuztuan Oria etorbideko egoera. "Egunetik egunera zabor gehiago zegoen, eta nahiz eta deitu genien jaso zezaten, hilabete osoan ez ziren pasa". 

San Markorekin bilerak

Udalak aurreikusi du zergetan hobariak eskaintzea organikoa birziklatzeagatik, baina horretarako nahi du zaborrontzien egoera hobetu. Eskaeren artean, bilketaren maiztasuna handitzeko eskatu dio mankomunitateari. "San Markon egon nahi dugu, baina zerbitzua ez badu betetzen, ez luke zentzurik jarraitzeak".