Zerbitzu berria aurkeztu dute, kaleak garbitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 26a, 10:00
Lasarte-Oriako Udalak FCCrekin hitzarmena egin du. Tresneria elektrikoa erabiliko dute zerbitzua egiteko, soinuak sahiesteko. Kaleak garbi mantentzeko kontzientziazio kanpainak ere egingo dituzte. Lehena, 'Lasarte-Oria, Argi eta Garbi' izango da

Lasarte-Oriako Udaleko eta FCC enpresako ordezkariek kale-garbiketa zerbitzua egingo duten tresna eta ibilgailu berriak aurkeztu dituzte.

Udal gobernuak kale-garbiketaren arazoa konpontzea zuen lehentasunetako bat. Jesus Zaballos alkateak agerraldian azaldu duenez, garbiketa zerbitzua ez zegoen herriaren beharretara egokitua eta makineria zaharra zen. "Herria handitzen zihoan, eta auzo berriak ez zeuden bertan islatuak. FCCri makineria eskatu behar genion beharra zegoenean."

Horregatik, esleipen berria jarri zuen martxan. FCCk lortu du kontratua, 1.018.158 eurogatik.Pertsonal kopurua handitu da. Astean zehar hamasei langile izango dira eta hiru asteburuetan. 

Ibilgailu eta tresneria guztia berritu da, hauen kopurua handituta. Eskobatzeko hiru makina egongo dira, bi haize-makina, lurra garbitu eta dekapatzeko makina berria dago, baita fatxada eta lurrak garbitzeko kamioi berria ere.

Ingurumena zaintze aldera, ibilgailuak hibrido edo elektrikoak dira, eta haize-makinak elektrikoak dira. Honek gainera, herritarren soinuarengatiko kexak konponduko ditu. 

Zerbitzu honi esker, Lasarte-Oriako auzo guztiak egunero garbituko direla azpimarratu du alkateak.

Kaleaz garbitzearekin batera, enpresak kaleak garbi mantentzeko hainbat kontzientziazio kanpaina aurrera eraman beharko ditu.

Lasarte-Oria, Argi eta Garbi! Guztion kontua da izena du lehenengoak. Herriko etxebizitzetan liburuxka bat banatuko dute, baita informatzeko material ugari ere. 

Kale-garbiketako ibilgailuek ere kanpainako logoa eramango dute.Guzti horren bitartez, herritarrak gonbidatu nahi dituzte herriko kaleak garbi mantentzera.