Zauriak filmen bidez orbantzeko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 15a, 10:41
Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak hiru jardunaldi antolatu ditu. Iragan asteartean, 'Izarren Argia' filma ikusiz eman zioten hasiera lehenengoari, eta atzo egin zuten bigarrena. Datorren asteartean egingo dute hirugarren eta azken saioa.

Lasarte-Oriako bizikidetza taldearen zine-zikloa hasi da dagoeneko. Joan den asteartean ikusi zuten lehen filma: Mikel Ruedaren Izarren Argia. Gerra Zibliean Saturrarango emakumeen kartzelan jazotako ankerkeriak kontatzen ditu filmak. 
Atzo, ostegunean, dokumental bat ikusi zuten, eta solasaldia egin zuten gero. Fermin Aioren Oinatz galduak ikusi zuten, eta 1980ko hamarkadako indarkeria atalak errepasatu zituzten: GAL, Hipercorreko atentatua, IHESAren kolpea... 
Datorren asteartean ere elkartuko dira bizikidetzaren gaia lantzeko. Glencree (bake prozesua), elkarrekin egindako bidea dokumentala emango dute, Antonio Mercero aretoan. Indarkeria mota desberdinak sufritu dituztenen topaketa kontatzen du ikus-entzunezkoak. 2007. eta 2012. urteen artean egin zuten. Dokumentalaren ostean izango da solasaldia, bi gonbidatu berezirekin: Maixabel Lasak eta Lourdes Zabaltzak haien esperientziaren berri emango dute. Orain dela hiru urte hasi zen Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldea lanean.