Etxe ondoko obrak beti dira deserosoak: hautsa, zikinkeria, zarata, errepideak moztuta, kamioien eta hondeamakinen etengabeko joan-etorria... Baina Zataraingo etxebizitzen lanek bizilagunengan sortu duten ezinegona muga horiek apurtu ditu: kutsaduraren beldur dira. Izan ere, San Frantzisko kaleko 20, 22 eta 24 etxebizitzetako bizilagunek salatu dutenez, transmormadore elektriko bat ezarri diete etxetik metro eskasera.
Julia Otxoa idazlea eta Rikardo Ugarte eskulturgilea etxebizitza horietako batean bizi dira. Beste bizilagunekin batera, idazki bat aurkeztu diote udalari, obren inguruko informazioa jasotzeko. Obretako behargin batek esana baieztatu dute etxe ondoan ezarritakoa transformadorea dela. "Susto handia hartu genuen. Egun batetik bestera transformadore bat jarri ziguten etxe azpian. Ez dugu ulertzen, urrutiago jarri ahal izateko lekua sobera baitago", azaldu du Otxoak. Balkoitik hamar metro ingurura dute transformadorea.
Aste honetan San Frantzisko kaleko bizilagun batzuk Jesus Zaballos alkatearekin bildu dira. Alkateak baieztatu dienez, obrak lizentzia guztiak indarrean ditu, eta dena legearen arabera egiten ari dira. Otxoak eta Ugartek ez dute zalantzan jartzen udalaren bertsioa. Haiek nahi dutena da lizentzia horiek ikusi, hor zehazten baitira aparatuaren igorpen elektromagnetikoak. "Horrek nolabaiteko lasaitasuna emango liguke". Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren eskumena da transformadorea, eta udala konprometitu da irailetik aurrera lizentziak erakustera.