Zabor edukiontziak kaleetatik kentzeko eskatu du Lasarte-Oria Zero Zabor taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 28a, 18:51

Zabor edukiontziari "gerra ideologikoa" aldarrikatu dio Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak. 'Zabor edukiontzia birziklatzera!' kanpaina jarri du martxan; Lasarte-Oriako taldeak herriko hainbat zabor edukiontzi zigilatu ditu, kanpainarekin bat eginez.

Agerraldia egin du Lasarte-Oria Zero Zabor taldeak gaur arratsaldean, 'Zabor edukiontzia birziklatzera!' kanpainaren barruan burutu duen ekintzari buruzko xehetasunak emateko. Herriko zenbait zabor edukiontzi zigilatu ditu eta herriko udal ordezkariei eskatu die "kaleetatik kentzeko" zabor edukiontziak: "Zabor edukiontziak kentzen direnean gaikako bilketan jauzi ikusgarria ematen dela irakatsi digu esperientziak". 

Zabor edukiontziari "guda" Lasarte-Orian

Lehen esan bezala, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak zabor edukiontziaren aurka aldarrikatutako "guda ideologikoari" segida eman dio Lasarte-Oriako taldeak. Herriko hainbat edukiontzi zigilatu dituzte, "osasun eta ingurumen kalteak" eragiten dituztela argudiatuz: "Zabor edukiontziek hondakinak nahastea ahalbidetzen dute, zaborra eta arazoak sortuaz". 

Jalgi taberna parekoak, San Pedro eliza ondokoak eta Kale Nagusiko autobus geltoki ondoko edukiontziak zigilatu dituzte.

Herriko agintariei eskaera

"Gizon-emakumeon eskubideak bermatzeko betebeharra dute agintariek. Ezin dute diru publikoa zaborra sortzeko bitartekoetan xahutu", adierazi du Lasarte-Oria Zero Zabor taldeak. "Materia organikoaren kudeaketarako bitartekoak jarri behar diren honetan, pausu bat gehiago eman eta herriko agintariei eskatzen diegu zabor edukiontziak kaleetatik kentzeko". 

"Guk ez diegu esango zeregin hori nola gauzatu behar duten; soilik eskatzen diegu euren betebeharra betetzeko, gaikako bilketa eraginkor bat bermatzeko", esan dute Lasarte-Oria ZZko kideek.