Bi asteren bueltan bi udalbatzar egin dituzte udal ordezkariek; azkena aste honetako ezohiko bilkura izan da. EH Bilduren aurkako botoekin, gai zerrendako puntu guztiak aurrera atera ditu alderdi sozialistak. Batetik, Atsobakar Egoitzako Zentroaren kontratuaren luzapena adostu dute. Bestetik, Zabaleta Berriko obren adjudikazioa Urkilla SL enpresari eman diote. Joan den astean, aldiz, ohiko bilkuran onartu zuten Herritarren Partaidetzarako Arauak, eztabaida askorik gabe.
Atsobakarreko Egoitzaren auzian, prozedurari buruzko eztabaida izan dute EH Bilduko Gorka Lizarragak eta Jesus Zaballos alkateak. Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartu behar ditu egoitzaren gastuak, baina horretarako Batzar Nagusietan izenpetu behar dute hitzarmena, eta azarorako atzeratu dute. Bien bitartean, udalak aurrekontuez kanpoko diru sorta atera du. EH Bilduren iritziz, ordea, "dagokion bezala" egin behar da, aurrekontuetan diru sorta zehaztuz.
Zaballosen eta Lizarragaren arteko eztabaidak hurrengo puntuetan jarraitu du. Beste hiru puntu onartu ditu batzarrak. Batetik, Zabaleta Berriko lanak Urkilla SL enpresari ematea; bestetik, hark aurkeztutako bermearen baldintzak moldatzea; eta, azkenik, Urkilla SL enpresak irabazitako kontratua Roca SL enpresari uztea.
EH Bilduk prozedura horren inguruan zalantzak plazaratu ditu, baina udaleko teknikariek operazioa ontzat emanda, udalbatzarrak gehiengoz onartu du.
Ohiko bilkura
Hilaren 10eko ohiko bilkuran ez ziren horrenbeste desadostasun egon. Herritarren Partaidetzarako Arauak piztu zuen eztabaida gehien. Izan ere, ALOP Ahal du Lasarte-Oria Podemos taldeak bi zuzenketa jarri zizkion, baina biak atzera bota zituen PSE-EEk, bigarrena EAJren bi botoen laguntzarekin. Azkenean, EH Bilduren abstentzioarekin aurrera egin zuen arauak.
ALOP taldeko David Aresek aurkeztu zituen Partaidetzarako Arauaren zuzenketak. Arkaitz Naya eta Alicia Garcia alderdikideak ez ziren izan bilkuran. Ezta EH Bilduko Kristina Bernal ere.
Bi zuzenketa horiek atzera bota arren, ALOPeko ordezkariak ez zuen testuaren aurka bozkatu, eta abstenitu egin zen, EH Bildurekin batera. "Guk egindako beste zuzenketa ia guztiak onartu dira arauan. Aurreko arauarekin alderatuta, aurrerapausoa izaten jarraitzen du", azaldu du Aresek.
EH Bildu ere abstenitu egin zen. Alderdiko bozeramaileak, Pablo Barriok, honela defendatu du erabakia: "Hutsetik abiatzen gara, bada aurrerapausoa. Gure desadostasuna erabilitako prozeduran dago. Ez dira kanpoko adituak kontsultatu araua egiteko". Herritarren Partaidetzarako Araua amaituta, lokalen uztearen ingurukoa lantzen hasiko dira orain udal ordezkariak.