Xomorroekin ituna, Euskal Inauterietan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 11:30
Larunbata arratsaldean Zubietako eta Lasarte-Oriako herritarrek desfile koloretsua egingo dute. Hipodromoko zubian ituna sinatu ostean, giro ederra egongo da herriko kaleetan. Jaiari amaiera emateko, Kaxkamalo erreko dute, gaitzekin amaitzeko

Duela hiru urte, Lasarte-Oriako Euskal Inauterien konpartsa itxuraz aldatu zuten. Euskal Herriko beste herrietako inauteriak aztertu eta bertako elementuak hartu zitzuten,  ekitaldi berritua aurrera eramateko.

Berrantolaketa horren barruan,  beste herrien antzera, goizean puska bila egitea adostu zuten. Ohikoa da ekintza baserriz baserri egitea, baina antolatzaileek herriko elkarte gastronomikoekin hitz egin ondoren, horiek bat etorri ziren ekimenarekin Era honetara, Sagardotegi plaza izango da puska bila doazen herritarren abiapuntua. 

Arrieskalleta, Xirimiri, Udaberri, Ttakunenea eta Intza elkarteetara hurbilduko dira, eta bakoitzean kantu eta dantza bat egingo dituzte. Baina gorputza eta ahotsa astintzeaz gain, elkartez elkarte mokadutxo goxoa jateko aukera ere izango dute parte hartzaileek.

Senidetzea 

Zubietako plazan emango dio hasiera arratsaldeko ekitaldiak, 16:30ean. Bertan, Axuri Beltza eta Barañain dantzatuko dituzte Zubietako herritarrek. 

Ostean, Behe Nafarroako martxa, Kalejira eta Aranaz doinuek alaituko dute hipodromoko zubirainoko kalejira. Lasarteoriatarrak egongo dira bertan zain, eta muxikoa dantzatzen egingo diete harrera. Era berean, dantzatzeko gonbita egingo zaie, eta zubietarrek manexak dantza eskainiko dute.

Alkatea eta bere korporazioaren txanda izango da ostean. Xomorroei ongi etorria egin eta ituna sinatuko dute. Honen bitartez, xomorroak herrira sartu ahalko dira jatera, eta gaitzak sortzeari uko egingo diote.

Baina bada ituna betetzen ez duen xomorrorik: Kaxkamalo. Gizaki eta xomorroen ar tean adostutakoaren arabera, sutan erreko dute zigor moduan. Horretarako, Okendo plazara joango dira guztiak.

Kalejira hasi aurretik, zubietar eta lasarteoriaterrek senidetze dantzaldia egingo dute.

Jarraian, koloreetako txantxo jantziek eta euskal doinuek erdiguneko kaleak alaituko dituzte. 

Ondoko ibilbidea jarraituko dute: Hipodromo etorbidea, Tajamarreko biribilgunea, Kale Nagusia, Ola kaleko biribilgunea, Kale Nagusia eta Okendo plaza Bidean hiru geldiune izango dira: Kale Nagusi hasieran, Tajamar biribilgune ondoan, Kale Nagusia eta Ola kalea elkartzen diren biribilgunea egin ostean, eta udaletxe zaharraren parean. Horietan txantxoek dantza egingo dute.

Okendora iristean, erromeria eta suaren ekitaldia egingo dira. Azkenik, txokolatada goxoa dastatuko dute plazan dauden guztiek.

Antolatzaileek azaldu digutenez, aurten berrikuntza modura, suziriak botako dituzte. Zubietatik ateratzean, hipodromoko zubitik kalejira abiatzean eta geldiune bakoitzaren ostean entzun ahalko dira suzirien hotsak.

 "Suziriek konpartsa martxan jartzen dela iragarriko dute. Era honetara, lasarteoriatarrek  konpartsa hasi eta herriko kaleetan barrena dabilela jakingo dute," azaldu dute antolatzaileek. Era berean, herritarrei gonbita egiten diete kalera txantxoz jantzita atera daitezen, baita jaian parte har dezaten ere.