Sorpresa polita jaso dute Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastetxeko Garaikoetxea eraikineko ikasleek. Olentzeroren laguntzaile Xixuko ahatea izan dute bisitan gazteek. Astearte goizean, Sasoeta-Zumaburura joan zen ikazkinaren laguna, eta asteazkenean, berriz, Garaikoetxean izan zen.
Olentzerori eta Mari Domingiri egun gutxi geratzen zaizkie herrira etortzeko, eta opariak eskatzeko gutunak banatu dizkie Xixukok ikasleei. Gazteek ikazkinari eta Mari Domingiri egindako marrazkiak eman dizkiote ahateari, eta txantxa jolas batean aritu dira gero.
Olentzeroren eta Mari Domingiren mezu bat helarazi die Xixukok ikastetxeetako txikiei: "Olentzero eta Mari Domingi oso zoriontsu daude lasarteoriatarrekin, egiten diezuen harrera beroagatik".