VI. Lore eta landare azokak koloreztatuko du Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 20a, 14:00
Udaberria iristearekin batera, lorez eta landarez josiko da Okendo larunbatean. Haurrentzako tailerrak ere izango dira

Seigarren urtez, lore eta landareen azoka antolatu dute Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak, elkarlanean. Hamarretan zabalduko ditu larunbateko azokak ateak, eta 14:00ak bitarte produktuak erosi zein ikusteko aukera izango dute bezeroek. Hamabost postuk hartuko  dute parte aurtengo edizioan, eta horien artean, Lasarte-Oriako bat ere izango da.

Lore eta landare naturalak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita medikuntza naturaleko artisau produktuak, edota kosmetikako zenbait produktu ere.

Haurrentzako tailerrak

Etxeko txikiek ere azokaz gozatzeko aukera izango dute. Bi tailerretan parte hartu ahal izango dute; prentsatutako loreena eta umeentzako landatzea. Zurezko jolasak ere izango dituzte plazan.