uTree zuhaitz fotovoltaikoa garatu dute Lanbide Eskolan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 19a, 14:41
Prototipoa egin dute Lanbide eskolako irakasleek hiru hilabetetan. Eskolan jarrita dago eta eguzki energia xurgatzeaz gain, gauez LED argiei esker piztu egiten da. Hirietan ondo egokituko litzatekeen elementua sortzea izan da arkitektoaren nahia.

Urban Photovoltaic Tree edo euskaraz esanda Kaleko Zuhaitz Fotovoltaikoa energia elektrikoa sortzen duen zuhaitz bat da. Ideia kaleko arkitekturan ondo uztartuko den elementu berri bat sortzean datza eguzki energia aprobetxatzen duena. Ideiaren garatzailea Xabier Perez de Arenaza Donostiako Arkitektoa da, eta Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera ideia aurrera eramatea lortu dute. Prototipo bat ikastetxeko lurretan landatu dute.

uTree edo Kaleko Zuhaitz Fotovoltaikoak eguzkiaren energia xurgatuz energia elektrikoa sortzen duela azaltzen dute Lanbide eskolatik. “Zuhaitzak 3 hosto ditu, bakoitzean 250W-tako eguzki panel bana dauka eta eguzkiaren argi izpiak energia elektriko bilakatzen dute. Hostoen azpian berriz LED tirak dauzka eta horiei esker,  gauean diseinuzko argi farol batean bilakatzen da zuhaitza”.

uTree-aren ideia ez da berria, azken urteetan beka eta ideien txapelketa bat edo beste irabazi ostean ideia gauzatzea falta zen. Horretarako Usurbilgo Lanbide Eskolarekin lankidetza bat landu da Tkgune  bitartez, eta 3 hilabetetako lanaren ondoren, proiektua errealitate bihurtu da.

“Horrelako proiektuekin gazte ekintzaileei bultzada bat emateaz gain, lanbide heziketako irakasleen formakuntzan sakontzen da, ikasleen formazioan eraginez” esan dute eskoltatik.