Urteko gauza txarrak erretzeko hitzordua bihar, Andatza plazan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 22a, 13:00
San Joan suaren inguruan bilduko dira lasarteoriatarrak bihar gauean, Andatzan. 22:00etan piztuko dute sua

San Joan suen garrek ziztu bizian erretzen dituzte ikasleen apunte, koaderno eta paperak. Denbora ere azkar batean pasatzen da, eta, konturatzerako, ate joka ditugu aurtengo sanpedroak. Aurreko egunetan hainbat ekintza antolatzen dira, jaietarako motorrak berotzeko. Jendetsuena izaten da San Joan sua. Azken urteetan bezala, Andatza plazan elkartuko dira lasarteoriatarrak, urteko gauza txarrak sutara botatzeko eta udari ongietorri beroa egiteko. 

San Joan suaren garrek biharko gaua argitu aurretik, kalejira jendetsuan abiatuko dira Andatzarantz, udal korporazioko hainbat kide barne. Udaletxe zaharrean jarri dute hitzordua, 21:30ean. Talde argazkia aterako dute, oinei eta gorputzari eragiten hasi aurretik. Txistulariek jarriko dute erritmoa, eta Kale Nagusia zeharkatu ostean iritsiko dira plazara. Erketz EDTko dantzariek ere hartuko dute parte kalejiran. Zero-Sette akordeoi orkestrako eta Alboka abesbatzako kideek Andatzan bertan itxarongo diete.

Suaren ingurura iritsi eta gero, San Joan zortzikoa eta soka-dantza plazaratuko dituzte kalejirako partaideek; arretaz jarraituko dituzte euren urratsak ikus-entzuleek. Eta, ondoren, 22:00etan, gaueko momenturik ikusgarriena: sua piztuko dute udal ordezkariek.

Jatorri paganoa du San Joan jaiak, baina kristautasunak bere egin zuen, beste festa askoren moduan, San Joan Bataiatzailearengatik izen hori jarrita. Euskal Herrian lau haizetara zabaldu da usadioa, eta herri guztietako plaza nagusietan pizten dira suak.

Jokoak eta erakustaldiak 

Sua itzali eta ondorengo egunetan ere hainbat ekintza egingo dira herrian. Esaterako, 25ean, zunba eta gimnastika erakustaldiak egingo dituzte Biyak Bateko kideek. Isla plazan lehena, 17:00etan; bigarrena, 18:00etan, Maialen Chourraut kiroldegian. 

Egunotako ekitaldiak

Gaur
• 16:00etan: Bote, toka eta igel jokoak Biyak Bat jubilatu elkartean.

Bihar, ekainaren 23a
• 21:30ean: Udaleko korporazioa Andatza plazarantz abiatuko da; udaletxe zaharretik aterako dira. Erketz EDT dantza taldea, Alboka abesbatza eta Zero-Sette akordeoi orkestra izango dira. Hainbat dantza plazaratuko dituzte, sua piztu aurretik.

• 22:00etan: San Joan sua piztuko dute plazan.