Urtea amaitzeko, gabon ekintzak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 14:00

Eguberriei ongi etorria emateko ekintza ugari izango dira urte amaierara arte. San Tomas azoka amaituta, abesbatza emanaldiak, gabonetako haur parkeak, tailerrak eta beste hamaika zeregin izango dituzte gazteek erregei ongietorria eman aurretik

Ate joka dira Gabonak, eta lasarteoriatarrek aitzakia ugari izango dituzte kalera irten eta aurtengo egitarau zabalaz gozatzeko. Musikak garrantzi berezia izaten du Eguberrietan, eta aurten ere emanaldi bat baino gehiagok osatu dute Gabonetako egitaraua. 

Udal Musika Eskolako musikariek ere emanaldi polita eskaini dute. Urteroko hitzordua bihurtu dute konztertua, eta giro ederrean igaro dute arratsaldea.

Hilabete amaieran ere izango dira kontzertu gehiago. 28an Gospel Christmas Night emanaldia egingo dute Goikalen. Iluntzeko 19:00etan izango da emanaldia. Hurrengo egunean ere, 29an, Black Harmony Gospel Singersek goi mailako kontzertua eskainikodu. Kultur Etxean izango da hitzordua, 20:00etan.

San Tomas Azoka

Baserritar jantziei hautsak kentzeko garaia heldu da, San Tomas azokara apain-apain jantzita ateratzeko. Arratsalde pasa ederra egiteko aukera izango dute herritarrek gaur. Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, taloak, sagardoa eta gaztainak probatzeko aukera izango baitute, Okendo plazan. Beroketa ederra izango da datozen festa egunei ongietorria emateko.

17:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta 20:30era arte izango da aukera txistorra taloak eta gaztaina erreak jateko. Sargardoa ere dastatu ahalko dute.

Eguberritako haur parkea

Bihartik aurrera joan ahalko dira herriko gazteak Michelingo Haur Parkera. Gai askorekin girotuko dituzte egunak; piratak, kultura, kirolak eta tolerantzia, besteak beste. Loiri enpresak kudeatuko du parkea, eta jakitera eman dute bi koordinatzaile eta 20 begirale arduratuko direla ekintzetaz. Haurrentzako parkeak 31.866 euroko kostua izango du guztira.  Lasarte-Oriako Kirol Elkartea (LOKE) arduratuko da tabernaz, eta sarreren salmentaz, eta lortutako dirua elkartearen gastuentzako izango da. Helduek euro bat ordaindu beharko dute sartzeko.

Bestalde, Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, aurten ere Bilbao Exibition Center BECeko gabonetako parkera joateko aukera izango dute herritar gazteenek. 9 urtetik 12 urte bitarterako adinekoek parte hartu ahal izango dute irteeran. Abenduaren 27an izango da hitzordua; 09:30ean abiatuko dira Lasarte-Oriatik, eta 18:30ean  izango dira bueltan. Kultur elkarteko bazkideek 24 euro ordaindu beharko dituzte, eta besteek, berriz, 27 euro. Antolatzaileek jakinarazi dute parte hartzaile bakoitzak bere bazkaria eta merienda eraman behar duela. Interesatuek hiru bide izango dituzte izena emateko: aisia@ttakun.eus helbidera idatzita, 943371448 telefono zenbakira deituta, eta Ttakuneko bulegoan bertan.

Hilaren 26an eta 28an ere ekintzak egingo dituzte gazteek. Komikiak sortuko dituzte Ione Zabalaren laguntzarekin. Anbulategiko hitzaldi aretoan izango da, 11:00etatik 13:00etarako ordutegian, eta doakoa izango da. Izen emateko bidea BECeko irteerararen berbera izango da.

Aterpea ere gabonetan murgilduta

Kultura leku guztietan programarekin jarraituko du merkatarien elkarteak. Atzo DJ Chill Housek ikuskizuna ekaini zuen Juan XXIII.aren plazan. Abenduaren 28an izango da azken emanaldia; Eider Elorza Donostiako abeslariak gospel eta gabon-kantak kantatuko ditu.

Horrez gain, hilaren 28an, datorren ostiralean, eta 29an, txu-txu trena jarriko dute; Okendo plazatik irtengo da, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu. Goizez (11:30-14:00) eta arratsaldez (17:00-20:00) arituko da. 

Errege kabalgata

Errege Magoek ere bisitatuko dituzte aurten lasarteoriatarrak.    Urtarrilaren 5ean herriko hainbat txokotara gerturatuko dira, eta arratsaldean haur eta gazteen eskutitzak jasoko dituzte Brigidatarren komentuan.

MEGABA elkarteak dei egin die 11 urteko lasarteoriatarrei antortxero gisa parte hartzera. Horretarako, asteazkenerako bilera deitu dute, 18:30ean kultur etxeko kafetegian. Kabalgatarako trajean bilera horretan banatuko dituzte. 

Bi berrikuntza izango ditu aurten erregeen kabalgatak. Irailetik ari dira lanean karrozak eta txukuntzeko, eta aurten, Jalgunek karroza berria izango dute. Horrez gain, Mercero plazako agertokia ere aldatu egingo dute; 20 metro karratuko oihal bat jarriko dute, benetazko jaiotzaren itxura emateko. Suziriak ere izango direla aurreratu dute.

Inork informazio gehiago nahi badu, 635 20 53 93 telefono zenbakira deitu dezake, edo megabalasarteoria@gmail.com helbidera mezu bat idatzi.