Solfeo eta abesbatzako irakaslerik gabe eman zioten hasiera musika eskolako ikasturteari. Handik gutxira irakaslea bilatuta hasi ziren eskolekin, baina irakasleak abendu hasieran baja hartu, eta ordezkorik gabe jarraitzen dute orduaz geroztik. Egoera hori salatzeko protesta egin dute ostegun arratsaldean, Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Bien bitartean, udaleko bi zinegotzirekin bilera egin dutela jakinarazi dute gurasoek; "argibide bila joan ginen, soluzioa bat eskatu genien, baina euren azalpenen arabera, funtzionamendu okerraren kausa halabeharra izan da, hortaz aparte dena normala omen da".
Egoeraren berri emateko mezu bakarra jaso dute familia kaltetuek: "abisua jaso arte musika eskolak bertan behera geratuko direla azaldu digute".
Galdutako eskolak
Ikastaroaren bigarren hiruhilekoan sartuta, ikasleak musika eskola asko galtzen ari direla salatu dute: "aurten galdutako eskolen ondorioz, hurrengo urtean ikasturtea errepikatu beharko dute". Horren aurrean, "berehalako irtenbide bat" eskatu dute guraso eta ikasleek. Udalaren zerbitzua "eskasa" da, eta "etsigarria da arazoa kudeatzeko erakutsi diguten gaitasun eza".