Urte ugari olagarroa mimo handiaz prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 17a, 10:52
Berrogeita hamazazpi urte eta gero, urtarrilaren bian itxi zituen ateak Pablo Mutiozabal kaleko 'Galiza' tabernak. Galiziako jaki eta edarien eskaintza zabalarekin, mimoz tratatu dituzte urte horietan guztietan herritarrak 1960. urteaz geroztik

Nork ez du Alvariño Riveiro ardo kopaz lagundutako olagarroa dastatu Lasarte-Oriako Galiza tabernan? Ziur badela baten bat, baina gehienek probatua izango dute Pablo Mutiozabal kalean orain hilabete gutxira arte irekita egon den tabernan Galiziako jaki tipikoa.

1960. urtean ireki zituen ateak lehenengoz; Carmen Gómez eta Manuel López senar emazteek negozioa ireki zuten unean bertan.

Altsasutik Hernanira etorri ziren bizitzera lehenik, eta Lasarte-Oriara gero. Bizitzan aurrera egin behar eta taberna ireki zuten senar-emazteek.

Bertan jaio ziren Angel eta Karlos semeak ere eta familia osoa aritu da urte horietan guztietan bertan lanean.
Angel semeari galdetu eta oroitzapen onak datozkio Galiza tabernaz. Hasierako urteetan, langileei eta orduko "apopiloei", aitaren baratzako barazkiak hartu eta herriko harategi eta arrandegietan erositako jakiekin tabernan sukaldatutako janaria  ematen zieten; "Enpresak bata bestearen atzetik sortzen hasi ziren urte haietan, langileentzako gosariak, bazkariak eta afariak ematen ziren gure tabernan". 

Jaki horiekin batera, fama handiko platerak izan ziren kobrezko kazuelan sukaldatutako olagarroa eta urdai egosia.

Angel semeak azaldu moduan, orain hogeita hemezortzi urte hasi ziren olagarroa eskaintzen; "nik hamabost urte nituela hasi ginen olagarroa galiziar erara saltzen eta orduaz geroztik, plater tipikoetako bat izan da orain arte".

Belaunaldia eten
Carmen eta Manuel gurasoetatik hasi, eta horien semeetaraino iraun du belaunaldiak Galiza tabernan eta berrogeita hamazazpi urte luzeetan tabernaren ibilbidea heldu da amaierara. 
Iragan urtarrilaren bian itxi zituen bere ateak.