Urte osoko lana erakutsi dute asteazkeneko dantza emanaldian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 2a, 13:18

Udal dantza eskolak ikasturte amaierako emanaldia eskaini zuen asteazkenean, kultur etxeko areto nagusian

Lasarte-Oriako Udal Dantza  eskolako ikasleek ikasturtean ikasitako dantzak taularatu zituzten asteazkenean, Manuel Lekuona kultur etxean. 

Erakustaldi animatua eskaini zuten dantza eskolako ikasle gazteek. Koloretako mozorroak soinean, askotariko doinu ezagunekin girotutako dantzak eskaini zizkieten kultur etxeko areto nagusian bildutako senide eta ikus-entzuleei.

Iluntzeko 19:30ean eman zioten hasiera ekitaldiari, eta ordurako, jendez lepo zegoen kultur etxeko areto nagusia. 

Manttangorriak dantza taldeko gaztetxoak izan ziren oholtza gainera igo ziren lehen partaideak, eta Johann Strauss XIX. mendeko musikariaren doinuek lagundutako dantza eskaini zuten. 

Horiekin batera, Frozen eta Toy Story filmetako pertsonaiez, zein marinelez jantzitzako gaztetxo ugari aritu ziren oholtzan ordubete inguruko saioan.

Antolatzaileek bi zati nagusitan banatu zuten asteazkeneko emanaldia eta beste zenbait doinuren artean, Josef Strauss, A. Ponchielli eta J.S.Bach artisten zenbait doinu ere dantzatu zituzten Udal Dantza eskolako taldeek. Giro atsegina sumatu zitekeen Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian.