"Euria ez da txarra; mugimenduan jartzen ditu barraskiloak, landareak... Noizean behin, deskantsua egiteko, ez dator gaizki". Luix Kastresanaren hitzak dira. Apoloni Otxandorena eta Toñi Ruizekin batera, omenaldi hunkigarria jaso du gaur Zabaleta auzoko Antonio Blas plazan, urte luze hauetan egindako lan nekaezinagatik, eskainitako konpromiso eta elkartasunagatik. Luixek ongi esan bezala, euriak natura mugitzen du, eta, gaurkoan, baita hainbat lasarteoriatar ere. Eguraldi goibelari bizkarra eman eta dudarik egin gabe igo dira Zabaletara, euskal presoen senide diren hiru pertsona hauei eskerrak ematera. Urte luzez emandakoa bueltan jaso dute gaur. Hunkituta zeuden hiruak.
Euren 'koadrilako' lagun bihurrienak zituzten zain plazan: Ortentxi, Mari Karmen eta Maria Luisa. Ipar Martxako makilak eskuetan, bueltatxo bat eman dute Apoloni, Luix eta Toñiren bila. Aurkitu dituztenean, plazako oholtzara igo dira seiak. Lehen aipatutako hiru emakume horiek kirolari petoak dira, antza. Asteko egun guztietan mugitzen dute gorputza: 'tenis modernoa' (padela), Ipar Martxa, txokolatea txurroekin, aldizkarien orrialdeak pasa... Baliteke gaurko hiru omenduek Ipar Martxako makilak hartuta horrenbeste kilometro egin ez izana, baina beste egoera batzuetan bai: senideak espetxeetara bisitatzerakoan autoan egindako bidaiak, manifestazioak, era guztietako ekitaldiak... Horregatik jaso dute gaurkoan esker ona.
Hitz batzuk esateko parada ere eduki dute, Ixiar Arteagak egindako galderei erantzunez. Apolonik onartu du "apur bat urduri" zegoela eszenatoki gainean, baina ez du hitz-totelik egin senarra zuen Joxe Mariz edo gaurko egunean beraiekin ez dauden pertsona guztiekin oroitzean. Toñik, hunkituta, urteotan guztietan (hiru hamarkada baino gehiago) egindako lana ekarri du gogora.
Joseba Tapiak ere girotu du ekitaldia, eskusoinuaz lagunduta. Horren ostean, herriko zenbait dantzarik agurra dantzatu diete hiru protagonistei. Bukatu eta gero, lore-sorta eta Etxerat elkartearen zapi zuri bana eman dizkiete. Ekintzak ez dira hor bukatu: azken hiru hamarkadetan hiru omenduek egindako lan guztia ekarri dute gogora, Antton Garin auzotarrak bertsoa abestu du, Porrotx pailazoa ere igo da oholtzara eta, amaitzeko, protagonistetako bakoitzak txapel bordatu bana jaso du. Ondoren familia argazkia atera dute oholtza gainean.
Teresategira bisita
Antonio Blas plazako eskertza ekitaldia izan da egitarauko azpimarragarriena, baina ez bakarra. Goizean goiz, hainbat herritar joan dira Teresategi aldera, Argi eta Iñakiren oroigarriari bisita egitera. Bueltakoan, indarrak berritu dituzte hamaiketakoa eginez. Eta, eskertza ekitaldia bukatu ostean, Otegi sagardotegira joan dira bazkari legea egitera. Ehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena.