Aurten ere ametsa egi bihurtzearen atarian geratu dira Babyauto Zarautz taldean jokatzen duten lasarteoriatarrak.
Kanporaketa asko zaildu zitzaien Alacanteko La Vila taldearen kontra etxean 22-34 galdu ondoren.
Villajoyosa herrira abiatu eta 12 puntuko aldeari buelta eman behar zion talde gipuzkoarrak, baina motz geratu ziren. Alacantarrak berriro ere nagusi izan ziren, eta 32-21 garaitu zuten Babyauto Zarautz.
Amore eman gabe
La Vila taldea Ohorezko Mailara igotzeko faborito nagusia da, eta estatus hori baliatu zuten zelaian. 17-0eko aldea eskuratu zuten hiru jokaldi bikainetan, eta aldapan gora zeukaten bidea are gehiago malkartu zitzaien.
Hala ere, talde gipuzkoarrak ez zuen amorerik eman. Atsedenaldia iritsi aurretik lehenengo entsegua lortu zuten zarautzarrek, markagailuan 17-7koa ipiniz.
Indartsu atera ziren aldagelatik, eta partiduan aurretik jarri ziren, 20-21. Itxaropenak, dena den, ez zuen luzerako eman. La Vilako jokalariek garaipena nahi zuten itzuliko partiduan ere, eta azken minutuetan egindako beste bi entseguekin 32-21ekoa jarri zuten.
Zaleak, harro
Emozioz jarraitu zuten partidua Lasarte-Orian eta Zarautzen. Izan ere, La Vila TV katean streaming bitartez ikusi ahal izan zen, eta Beltzak RT-ren egoitza den Gure Etxea Tabernan hainbat zale elkartu ziren.
Xabier Rekondo, Ander Rekondo, Xabier Prieto eta David Vega lasarteoriatarrek urte osoan zehar egindako lana nabarmendu dute taldekide eta zaleek.
Goizeko 01:00etan iritsi ziren Babyauto Zarautzeko kideak Astira, eta bertan elkartu ziren taldeko zale ugari, dena eman duten errugbilariak agurtu eta animoak emateko.
Datorren urtean, berriro ere, saiatuko dira estatuko maila gorenera igotzen. Ez dute lan erraza izango, baina talde gaztea eta ilusioz beterikoa dute. Beraien aldetik, behintzat, 2018an dena emango dute Ohorezko Mailan izateko.