Urriaren 6a: zonbiak Lasarte-Oriara itzuli zirenekoa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 7a, 21:32
800 pertsonak parte hartu dute Survival Zombie jokoaren bigarren edizioan. Euria ez da oztopo izan, eta Gaueko iluntasunaren jaunak herriko kaleak hartu ditu, zonbi gudarostea bidaliz

Errepikatu egin da amesgaiztoa. Gaueko iluntasunaren jaunak Lasarte-Oria inbaditu zuen iaz: ehunka zonbiz osatutako gudarostea ekarri zuen. Izua pasa zuten lasarteoriatarrek, batzuek ordura arteko bizimodua galdu eta zonbi bilakatu ziren... Herria odolez zipriztindu zuten hilen artetik etorriek. Bazirudien behin etortzearekin aski zutela, baina bueltatu egin dira. Kaleak hartu dituzte berriro. Ezkutatu egin da ilargia. Urriaren 5a: zonbiak Lasarte-Oriara itzuli zirenekoa.

Irakurleren bat honezkero izutu bada, egon dadila lasai: fikzioa da dena. Joko bat. Survival Zombie du izena, eta bigarrenez egin dute Lasarte-Orian. WRG World Real Games enpresak errepikatu egin du abentura, iazko arrakasta ikusita. Moldaketa batzuk egin ditu, hori bai: sei ordu iraun ditu jokoak, eta informazio eta makillaje gunea Loidibarren pilotalekuan jarri dute. Parte-hartzaileek egin beharrekoa ez da aldatu. Zonbien atzaparretan erori gabe, proba-sorta bat gainditu behar izan dute, eta goizeko bostetara onik iristen saiatu. Lortu du bat baino gehiagok; bidean geratu dira beste batzuk.

800 parte-hartzaile

Iaz baino jende gutxiagok parte hartu du Survival Zombie jokoan. 800 pertsona apuntatu dira, antolatzaileen datuen arabera. Atzoko eguraldi petralak ez zuen lagundu, egia esan. Gainera, Lasarte-Oriaz gain, beste bi herritan ere jokatu zuten atzo. Beraz, zonbie saldoa 2017an baino txikiagoa izan zen, eta, jokoa, erakargarriagoa. Dena den, goizeko bostak arte hara eta hona ibili ziren parte-hartzaileek primeran pasa zuten munstroengandik ihes egiten eta puntu desberdinetako probak osatzen. Gidoilariek irekita utzi dute istorioa, badaezpada ere: baliteke datorren urtean zonbiak berriro bisitan etortzea.

Euskal Herri osotik etorri da jendea, baina lasarteoriatarrak dira edizio honen irabazleak: Richard Marcos, Ivan Marcos, Cesar Barreiro, Ander Aranburu, Juan Luis de la Mata eta Santi Calahorra.

Argazki galeria