Lehen begiratuan ibilerak gauza asko esaten ditu pertsona bati buruz. Baina, are gehiago adierazten du pertsona horrek lurrean uzten dituen oin markak. Zapaltzeko eran dute jatorria pertsona askok sufritzen dituzten oinazeak. Eta askok irtenbide erraza dute: oinetako egokiak erostea, edo, txarrenean, oinetakoetan barne-zolak erabiltzea. Haatik, gaitz horiei irtenbidea emateko beharrezkoa da oin marken azterketa bat egitea. Horretarako aukera eskaini du Amaia Olondris podologoak, osasunari, estetikari eta ongizateri buruzko jardunaldien barruan.
Asteartean azaldu zuen haren jarduna Olondrisek. Aste osoan beste hainbat profesionalek ere eskaini dituzte hitzaldiak eta beste ekimenak. Hitz Kiribil Logopediak, Noelia Calero eta Haritza osteopatek, Aldatz Hortz Klinikak eta Berta Saez Naturopatak eman dituzte hitzaldiak Villa Mirentxun.
Alfonbra moduko bat erabili du Olondrisek bertartutakoen oinatz markak aztertzeko. Alfonbra hori kable batzuen bitartez ordenagailu batera dago konektatuta, eta pantailan bertan ikus daitezke pazientearen oin markak. Tresna horren bitartez podologoak jakin dezake nola zapaltzen duen, oinaren zein aldeetan egiten duen indarra ibiltzerakoan.
Oin marka bakoitza bakarra eta berezia baita. "Ez daude bi berdin", esan du podologoak. Pertsona baten bi oinatz markak ere desberdinak izan ohi dira. "Simetrikoak garela uste dugu, baina ez da horrela. Erabat asimetroa da giza gorputza".
Oinetako egokiak
Normalean, lau zati ditu urrats batek: orpoarekin zapaltzen da lehenengo; oinaren kanpoaldeko aldearekin ondoren; barruko aldeko zatiarekin jarraian; eta, azkenik, aireratu egiten da, aurreko aldearekin lagunduta.
Lau etapa horiek egiteko modua desberdina du pertsona bakoitzak. Olondrisen hitzaldian parte hartu dutenen oin markek hala erakutsi dute: batzuek behatzekin ez dute indarrik egiten; besteek, oin kurbatua dute, eta batez ere orpoarekin egiten dute indarra zapaltzerakoan.
Oinak behar bezala ez zaintzeak gorputzaren beste atalei eragin diezaioke, beste muskuluak gehiegi kargatu daitezke eta. Askotan nahikoa da barne zolak ezartzea oinkada zuzentzeko. Baina lehenbailehen egitea gomendatu du podologoak: "Arazoa topatu bezain pronto jarri behar da tratamendua. Haurretan 8 eta 13 urte bitartean egin behar da".
Edonola ere, denetan garrantzitsuena da oinetako egokiak aukeratzea. Arreta berezia jarri dio horri Olondrisek: "Hondartzara joateko bainujantzia eramaten dugun bezalaxe, ibiltzeko edo jarduera mota bakoitzerako beharrezkoa da kirola egiteko zapatillak janztea".
Azala, gorputzaren ezkutua
Gorputzaren atalik handiena da azala. Babeserako lehen geruza izateaz gainera, beste funtzio asko betetzen ditu: lurrinketa kontrolatzen du, tenperatura egokitzen, eta kanpo substanziak xurgatzen... Ana Diezek, Maiane lurrundendakoak, azaldu ditu azala zaintzearen onurak. "Dena xurgatzen du. Onuragarria dena, baina baita kaltegarria dena". Horregatik, kontsumitzen diren produktuaki ongi behatu behar direlakoan dago. "Elikagaiak, ingurugiroak, estresak... denak du eragina gure azalean". Orain, uste du kosmetika produktuekin arreta gehiago jartzen dela: "Markak eta erosten duzun tokiak konfiantza ematen dizu".