Urnieta bideko obrekin kaltetuak

maddi-noriega 2018ko mar. 16a, 11:00
Lasarte-Oriako pentsiodunek eta Urnieta bideko nekazariek udalbatzarreko aretoa bete dute astearte arratsaldean. Ohiko udalbatzarra baliatu dute euren kezkak jakinarazteko. Nekazariek Zataraingo urbanizazio lanek sortutako arazoak eraman dituzte batzarrera

Aspaldiko ikus-entzule gehien bildu du astearteko udalbatzarrak, eta erritmo azkarrean hasi bada  ere, galdera eta erreguen tarteak iraupen luzea izan du. Pentsiodunak batetik, eta Urnieta bideko nekazariak bestetik, udalbatzarreko aretoa txiki geratu da bertan bildutako herritarrak hartzeko. 

Bada denbora bat pentsionistak kalera atera direla. Pentsioen igoera baxua salatzeko kaleak hartu dituzte, eta Lasarte-Oriakoak ere borrokara batu dira; astelehenero Okendo plazan biltzen dira. Geroz eta gehiago dira gainera, baina oraindik ere ez dute baliabide nahiko mobilizazio horietan esan behar dutena behar bezala aditzera emateko. Horregatik, zenbait eskakizun egin dizkiote udalari, eta asteartean egindako ohiko udalbatzarra baliatu dute horretarako. Pankarta bat, megafonia bat eta biltzeko leku bat eskatuz, mozio bat eraman dute, eta aho batez onartu du gobernu taldeak eskaria. Parkarta gainera, astelehenero udaletxeko balkoian eskegiteko eskaera egin dute pentsionistek, eta aurrerantzean, beraz, udalean zintzilikatuko dute hau.

Batzarraren amaieran, aretoan bildutako pentsiodunek eskerrak eman dizkiote udal gobernu taldeari, hasieratik erakutsi dieten babes osoagatik. EH Bilduk Europako Kontseiluak ezarri duen gutxiengo pentsio kopuruaren (1.080 euro) alde egiten duela ekarri du gogora batzarrean. 

Horiekin batera, Urnieta bideko nekazariak ere haserre eta kezkaturik agertu dira batzarrera; Zatarain A 36ko urbanizazio lanek zenbait kalte eragin dizkietela salatu dute.  Zonaldearen urbanizazio lanen diseinua egin eta aurkeztu zutenean, San Frantzisko kaleak bi norabide izango zituela adostu zen, eta horrela jakinarazi zieten bizilagunei.  Baina orain norabide bakarrekoa bihurtu dute errepidea.  Aldaketa hori "inori jakinarazi gabe" egin dutela salatu dute bizilagunek, eta suertatzen dizkioten arazoak jakinarazi dizkiete udal ordezkariei. Bizilagun asko nekazaritza lanetan aritzen dira, eta traktoreak erabiltzen dituzte eguneroko jardunean. Errepidearen norabide aldaketaren ondorioz, herriko erdigunera jaitsi behar dute (Arkupe taberna ondoko biribilguneraino) traktoreekin, eta egoera hori aztertzeko eskatu dute, deserosoa baita beraientzat. 

Jesus Zaballos alkateak erantzun du zerbitzuen eta urbanizazio sailen arteko koordinazio arazo bat medio gertatu dela aldaketa, baina orain, bizilagunen kexak entzun ostean,  egoera aztertu egingo dutela jakinarazi die, eta horretarako, hirigintzako zinegotzi Agustin Valdivia bizilagunekin harremanetan jarriko da. 

Diru laguntzak 
Euskara saileko diru laguntzak arautzeko oinarrien onespenak ireki du martxoko udal-batzarra, eta aldeko hamabost bozkarekin (PP-ko Alejandro Saez ez da batzarrera bertaratu, eta EH Bilduko Kristina Bernal geroago iritsi  da).

Horrekin batera, San Pedro jaietako diru laguntzen oinarrien onespena izan dute hizpide. Eztabaidarik ez da izan, eta aho batez (15 bozka) onartu dute alderdietako ordezkariek. 

Kultur jarduera programei diru laguntzak emateko oinarrien inguruan ere aritu dira gero, eta aurreko gaien antzera, aldeko hamabost bozkarekin aho batez onartu dute. Diru laguntzen gaiari eutsiz, eskola orduz kanpoko jarduera hezigarrien programei dirulaguntzak onartu dituzte, hauek ere aho batez.