Gipuzkoako Ur Kontsorzioak Oria ertzean eraikitako etxebizitzei baimena orain eman izana salatu du Eguzkik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 24a, 18:05

Hipodromo etorbideko eraikinak baimenik gabe egin izana "harrigarria" da talde ekologistarentzat, baina are harrigarriagotzat hartzen du urtebete eta gero legeztatzea, inolako diziplina-neurririk edo isunik ezarri gabe

Urak, Gipuzkoako Ur Kontsorzioak, Lasarte-Oriako Hipodromo etorbidean eraikitzen ari diren 180 etxebizitza, merkataritza-lokal eta garajeak baimenduko dituela salatu du Eguzkik. Bi eraikinetako bat, Oria ibaitik gertuen dagoena (ibaia ubideratzeko paretatik 17 metro eskasera) dorre bat da, behe solairua, 15 altura, eta lurpeko bi garaje solairu dituena. 

Eraikinak, ibaiaren zaintza eremuan daudela jakinarazi du Eguzkik; uholde kasuan urak har ditzakeen lurretan, alegia. Horren aurrean, Uraren baimena beharrezkoa zen eraikinak egin ahal izateko, baina horiek baimenik gabe egin dituztela azaldu du ekologista taldeak. 

Baimenik gabe eraikitzen hasi zirela eta, legez kanpo eraikitzen ari zirela ohartu, eta lanak geldiarazi zituzten agentziak. Eraikinen enpresa arduradunak orduan, baimena eskatu, eta baiezkoa jaso duten arren, zenbait baldintza ezarri dizkio Urak. Horien artean hauek dira adierazgarrienak; batetik, beheko solairuko lokaletan etxebizitzarik, ikas zentrorik, zahar-etxerik edo antzeko ekipamendurik ez egitea, eta, bestalde, uholdeen baten ondorioz sor daitezkeen kalteen erantzukizuna agentziak bere gain hartuko ez duela jakinarazi dio. Eguzkirentzat "harrigarria" da horrelako eraikinak baimenik gabe egin ahal izatea, eta hori bezain "deigarria" da talde ekologistarentzat urtebete beranduago legeztatzea, antza denez "inolako diziplina neurririk edo isunik ezarri gabe".

Egoera honen aurrean, enpresa sustatzaileak adierazi du arriskua ezagutzen duela, eta bere egiten duela, baita uholdeen balizko kalteak saihesteko edo leuntzeko neurriak hartuko dituela ere. Kaltetuei arriskuaren berri emateko konpromisoa hartu duela ere jakinarazi du Eguzkik. Horrela, "etxebizitza, merkataritza lokal, eta garajeen erosleei uholde arriskua dagoela argi eta garbi azaldu behar diela ondorioztatzen dugu", azaldu du Eguzkik.

Honen aurrean, "legez kanpo" egindako eraikin hauen kasua zertan zen galdegin zioten ekologistek Urari, eta orain, berriz, baimen proposamenari alegazioak egin dizkiotela eman dute jakitera. Gainera, alegazioez gain, honako galderak publikoki plazaratu dituzte: Normala al da eraikinak (eta nolakoak!) baimenik gabe egitea?, legez kanpo aritzeak, eta hain modu nabarmenean gainera, ez du inolako ondoriorik? Ezta isun ziztrin bat ere?, egintza burutuen aurrean egon izan ez balitz, Urak berdin jokatuko luke?, alegia, baimenik emateko baldintzak berdinak ezarriko lituzke? Ez ote luke zorrotzago jokatuko?